Arkitektura

San Bizente Martiriaren eliza. Gasteiz

San Bizente martiriaren eliza Gasteizko alde zaharrean dago kokatua eta hiriaren profila hain berezia egiten duten lau dorreetako bat da. 1181ean Nafarroako Antso VIak emandako hiribilduaren fundazio dokumentuan gaztelu bat izendatzen da toki horretan, eta XV. mendera arte iraun zuen zutik.

1484ean Errege-Erregina Katolikoek gotorleku hori udalari eman eta eraistea agindu zuten, ez baitzuen babes funtziorik betetzen. Eraikuntzako material horrekin eta gaztelu edo gotorlekuaren horma batzuk aprobetxatuz altxatu zen eliza XV. mendearen azken urteetatik aurrera San Bizente martiriaren babespean. Espazioaren baldintza hau dela eta elizak ez du behar duen orientazio sinboliko zuzenik, burualdea ipar-ekialdera zuzendua baitu.

Tenplu hau mende aldaketan eraiki zutenez, estilo artistikoen aldaketan ere egina dago. Hiriko azken eraikuntza gotikoa dela esan genezake, eta aldi berean Errenazimenduko hotsak modu xumean agertzen dituen lehena ere bai, bi garai eta bi estiloen ezaugarriak baititu. XV. mendearen azken urteetan hasi zuten eta XVI.aren hasierako urteetan bukatu. Oinplano laukizuzena dauka, launa tramu dituzten hiru nabeekin. Burualdea poligonala du, eta hainbat kapera ditu atxikiak, eliza bukatu ostean gehituak ondorengo mendeetan.

Eliza honek gotiko berantiarrak Euskal Herrian utzitako eraikinen artean lehenetako tokia betetzen du, garai honetan egin ziren espazio bateratutako eliza esanguratsu bat baita. Hiru nabeak altuera berean dituen Hallenkirche tipologiako eliza bat da, areto-oinplanoa ere deitzen dena, Tolosako Santa Maria, Donostiako San Bizente, Bilboko San Anton edo Begoñako basilika bezala, batzuk aipatzearren. Tipologia honen ezaugarria da barrualde bateratua izatea hiru nabeak altuera berean dituelako, eta kaxa baten moduko egitura edukitzea, bloke itxi bat izango balitz bezala. Kanpoaldean horma soila izaten dute, dekoraziorik gabea, leiho gutxi batzuk bakarrik irekitzen dira hegoaldeko horman batez ere, eta kontrahorma sendoak dituzte. Orokorrean itxura irmoa dute, eta horrelakoxea da San Bizenteren eliza ere. Dituen leiho eskasak borobilak dira, ez oso handiak eta altuera nabarmenean kokatuak daude. Leiho hoiek ematen duten argia naturala da, praktikoa, barrualdeko espazioa bateratzen duena, XVI. mendeko pentsamoldeak eskatzen duena hain zuzen.

Estalkiak gurutze-gangak dira ia gehienak, eta burualdetik gertu daudenak eta korukoak izar-gangak dira. Gangak sostengatzeko koloma zilindriko altu eta sendo batzuk daude, eta bertara biltzen dira estalkien nerbioak ere, modu honetan palmera itxurako kolomak sortzen dituelarik. Hormen kasuan, nerbioak mentsuletan burutzen dira. Ganga-giltzarri ugari ditu, Ama Birjinaren, Jainko Aita eta Tetramorfosaren eta santuen irudiak erakutsiz. Haien artean zilarginen zaindari den San Eloien irudia ikusi dezakegu, eta horrekin ondorioztatu dezakegu zilarginen gremioak ordaindu zuela ganga hura. Modu berean interpretatu behar ditugu giltzarrietako armarriak ere, kasu honetan Gasteizko familia boteretsuenak: Alavatarrak, Lequeitiotarrak edo Aguirre-Esquivel sendikoak.

Elizaren oinean koru zabal bat dago. XVI. mendearen hasieran egina dagola pentsatu dezakegu eta Aguirre-Esquivel sendiak ordaindu zuela, haien armarriak ikusgai daude eta. Hemen ere Gotikoa eta Errenazimendua modu natural batean uztartzen dira: koruko petrila flamigeroa da eta koru azpian izar-gangak daude, baina koru azpiko arkuaren intradosa kasetoi klasikoz beteta dago eta erdiko arkuan Deikundea irudikatzen duten bi erliebe daude exekuzio oso errenazentistakoak.

Burualdean, elizaren ardatz nagusian eta aldarearekin lerrokatua, Errege-Erregina Katolikoen armarri handi bat dago, 1492eta gerokoa granadak erakusten duen legez. Honek gogorarazten digu eliza hau erregeen babespean eraiki zutela, 1484ean bertan zegoen gotorlekua eraitsi eta eliza bat eraikitzea agindu baitzuten. Gotorlekua udalari eman zioten, eta horrexegatik monarkiaren armarriaren ondoan Iruindarren armarri txikiago batzuk daude, garaiko alkatea sendi horretakoa baitzen.

Armarri hauek orain erretaula barroko baten atzean daude. Erretaula 1701etik aurrera eraiki zuten Gregorio Larranz, Andres de Maruri eta Manuel Izquierdo eskultoreek, eta 1742an urreztatu zuen Jose de Aguirre pintoreak. Barroko churriguereskoa da. Koloma salomonikoez osatutako gorputza du, eta bertan kokatzen dira kalitate baxuko eskultura batzuk: San Bizente erdian, eta San Jose eta Xabierko San Frantzisko alboetan. Predelan San Bizenteren bizitzaren pasarte batzuk daude eta atikoan Kalbarioa, ohikoa den bezala. 1896an bi gorputz gehitu zizkioten erretaulari Jesus eta Ama Birjinaren bihotz Sakratuen irudiak kokatzeko.

Eliza honek alboko kapera batzuk ditu atxikita. Kapera hauek ez dituzte kontserbatzen bere jatorrizko deiturak eta santu babesleak, tenpluak historian zehar hainbat erabilpen ezberdin izan dituelako eta moldaketa sakonak izan dituelako. Azkenekoa XX. mendeko 60. hamarkadan egin zuten, eta kaperetan zeuden hilobi, erretaula eta elementu guztiak tokiz aldatu zituzten. Beraz, gaur egun tenplu honen balorazio historikoa eta artistikoa egiteko berregite ariketa bat egin behar da.

Hala eta guztiz ere kapera batzuk aipamen berezia merezi dute. Karmengo Amaren kapera da haietako bat. Burualdean dago, Epistolaren aldean. Juan Velez de la Huerta kantabriar arkitektoak eraiki zuen 1594 eta 1598 tartean eta arkitekturan klasizismoa gailendu zen garaikoa da, eta horregatik klasizismoak agintzen duen elementuekin eraikia dago: erdi puntuko arkuak, pilastra ildaskatuak eta petxina gaineko kupula. Fundatzaileen hilobi-arkua ere klasikoa da eta arkuaren enjutetan Sendotasuna eta Justizia bertuteak ditu. Toki guztietan forma geometriko kateatuak ditu eta soiltasuna da nagusi, estruktura garbiak eta zurrunak erakusten dituelarik. Eskultura elementuek programa ikonografiko humanista bat erakusten dute gainera.

Mirarien Ama Birjinaren kapera da eliza honetako zatirik garrantzitsuena eta balio artistiko handiena duena, eta horrezaz gain Gasteiz hirian Errenazimendu garaiko arkitekturarik aipagarrienetariko bat ere dugu. 1535ean fundatu zuen Hortuño Ibañez de Aguirre jaunak eta bere emazte zen Maria de Esquivel y Arratiak Gurutze Santuaren babespean. Haien armarriak hainbat tokitan errepikatzen dira kaperan. Carlos Varen armarri inperiala dago denen buru, Ibañez de Aguirre enperadorean aholkulari lanetan jardun zuelako eta beraz Gasteizko pertsona boteretsuenen artean zegoen.

XVI. mendeko bigarren herenekoa izanik, garai honetan ohikoa den osagai hibridoak ikusi daitezke. Horrela, gotikoa da arkitektura, bere oinplano karratu, pilare bihurrikatu dinamikoekin eta batez ere tertzeletezko ganga kalatu deigarri batekin, Arabako bakarra eta benetan miresgarria dena; eta aldi berean Errenazimendukoak dira elementu apaingarriak, garaian esaten den bezala "erromatar eran" eginak: balaustreak, gruteskoak, lorontziak, txirlak eta candelieri konposizioa, besteak beste. Alegia, estruktura gotikoa da baina Errenazimenduko apaindurekin.

Kaperaren hormetan hainbat elementu daude, adibidez horma-hobi bikain bat, patronoek ekarritako bustu-erlikitegi batzuk gordetzen zituena. Bustu-erlikitegiak gaur egun Gasteizko Arte Sakratuaren Museoan daude ikusgai, eta egurrezko bost aparteko eskultura dira, Flandriatik ekarriak eta Santa Ursularen Segizioko bost santu irudikatzen dituztenak. Mundu osoan oso gutxi daude tipologia eta garai honetakoak, eta horrek patronoen botere ekonomikoa agerian uzten du.

Tenplu honek eraldaketa ugari izan ditu bai eta gehigarri asko ere. Dorrea da horren adibide. 1860an eraiki zuen Pantaleon Iradier arkitektoak, neoerromaniko tankerako estilo eklektiko batean. Sarrera babesten duen portikoa ere XIX. mendekoa da eta hura egiteko bota berri zuen San Frantziskoren komentuko eraikuntza materialak berrerabili ziren.

San Bizenteren elizaren ezaugarririk aipagarriena dudarik gabe Hallenkirche tipologia hain modu argian izatea da, eliza klase honetako eredu bikaina baita. Horrekin batera Errenazimenduko kaperak aipatu behar dira, estilo honetan egin ziren eraikin miresgarriak baitira. Bi ezaugarri hauek Euskal Herriko artearen historian lehentasunezko toki batetan jartzen dute eliza hau.