Udalak

Saldise

Hirigunea mendi baten malda malkartsuan dago, lurraren terraza txiki bat aprobetxatzen duen arren. Bere etxe guztiak kontserbatu dira, nahiz eta haraneko gainontzeko herriak baino abandonatuagoa dagoen. Herriaren beheko zonaldean kalearen ibilbideari egokitutako etxe bat dago, aurrealde alakatuarekin. Oinplanoa irregularra du, ondorioz, eta sotoa, bi solairu eta ganbara du. Murruak harlankaitzaz egina daude, luzituak eta harlanduzko kateekin hormataletako izkinetan eta baoen markoetan. Bao guztiak zuzenak dira, atea barne. Beste etxe batek formatu luze horizontala du, bi solairu eta ganbararekin, eta murruen eta baoen trataera bera darama, kasu honetan atea erdi puntukoa den arren. Arestian eraldatutako eraikin bat exentu agertzen da, oinplano karratuarekin, hiru solairu eta lau isurialdeko teilatuarekin. Murruen eta baoen trataera bera du, eta armarri moderno bat txertatu diote aurrealdean. Beste etxe batek, lur malkartsuari egokitua, oinplano errektangeluarra du, eta hiru solairu bere fronte malkartsuenean, bat gutxiago aurrealdean. Atea erdi puntuko arkua da, eta beste bi leiho daude beheko solairuan, gainean hiru leiho ikus daitezkeelarik.

Alboko kale batetan aldapari egokitutako beste eraikin bat dago, bi solairuekin gehi ganbara, murru luzituak, erdi puntuko sarrerarekin eta leiho zuzenekin. Kale paralelo batean dagoen beste etxe batek ezaugarri formal berdinak errepikatzen ditu, eta armarri barrokoa du, kasketekin, maskaroi eta eusten dioten lehoiekin, eta honako inskripzio hau: ARMAS DE DIEZ/ DE ULZURRUN/ AÑO DE 1799.

Herriaren beheko muturrean eskultura moderno bat ikus daiteke, bailaran bertan bizi den Joxe Ulibarrena nafar eskultorearen estilo nahastezinean egina.

  • Baselizak

Pérez Ollok San Gregorio Nacianzokoaren baseliza aipatu zuen, hilerriari atxikia. Igual de Soria gotzain ikuskariak 1797. urtean bisitatu zuen, eta nahiko gaizki kontserbatua zegoenez, konponketa batzuk egiteko agindu zuen, bitartean baselizako gurtza bertan behera uzteko ere agindu zuelarik.

  • San Pedro Apostoluaren Parrokia

Tenplu gotiko goiztiarra da, XII. eta XIII. mendeen arteko iraganekoa, eta XIX. mendean handitua, burualde modernoa gehitu zutenean. Oinplanoa oso tamaina antzekoa duten hiru tarteuneez osatutako habearte bakarrekoa da, gehi izkina alakatuak dituen burualde zuzena. Sarrera, aterpe batekin babestua, Epistolaren aldeko murruan irekia doa, bigarren tarteunean, eta pareko murruan koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena dago. Ebanjelioaren aldeko murruan oraindik, bataio-kapera txiki bat dago. Sakristiari dagokionez, burualdearen Ebanjelioaren aldeko murruari itsatsitako oinplano karratuko gela da.

Murruak harlanduxkaz egina daude, hurrengo mendeetan atxikitako beste eraikinek neurri handi batetan estali duten arren, eta eraldaketetan altxatutako hormetan tamaina handiagoko harlanduak erabili ziren. Barnealdeari behar bezalako argiztapena emateko bi leiho moderno daude, Epistolaren aldeko murruan eta elizaren oinetan. Habeartearen lehen tarteunean, bestalde, zurezko koru jaso modernoa aurkitu daiteke.

Fabrika hau kanoi-ganga zorrotzarekin estalita doa, profil bereko arku fajoiekin antolatua. Bultzadak perimetro-hormetara transmititzen dira, murruetan txertatutako mentsula gingildunen bitartez. Bataio-kaperak ganga mota bera jaso zuen. Burualdean ertz-ganga modernoa dago, eta sakristian kanoi ganga bat ikus daiteke.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehen tarteunearen gainean altxatu zuten, Nafarroako erdi-aroko landako tenpluen parametroak jarraituz. Fuste motz trinkoa du, goialdean erdi puntuko bi bao dauden arren, kanpaiak kokatzeko. Epistolaren aldeko murruan porlanezko aterpe moderno bat dago. Atea erdi puntuko arku bat da, hiru arkibolta lauekin, eta kanpotik euri-babes moduko moldura doa. Arkiboltak zutoinen gainean doaz, bolekin apaindutako harroinekin.

Presbiterioan XVI. mendeko erretaula manierista dago. Trazak bankua du, hiru kaleko atala eta frontoi triangeluarra daraman atiko hirukoitza. Pilastra ildaskatuekin antolatua dago, eta jatorrizko sagrarioa kontserbatu du. Ikonografiari dagokionez, bankuan lore-sortez apaindutako oholak ditu, eta atalean erliebeak, Baratzeko Otoitza eta Kristoren Atxiloketa irudikatuz, gehi Ama Birjina eta Haurraren mukulu biribileko eskultura titularra erdian. Konposizioa bortxatu xamarra da, eta tolesturak suabe eta borobilduak. Atikoan binaka kokatutako santuak daude, hala nola San Joan Bataiatzailea eta Maria Magdalena, Santa Katalina eta Santa Barbara, eta erdian San Pedro. Eserita irudikatu zuten, pontifize bezala jantzita, eta begirada albo batetara desbideratzen du, konposizioaren frontaltasuna hautsiz. Eskuineko eskuarekin bedeinkatzen du, espazioa zabaltzeko. Erretaulatik gertu San Eloiren eta Arrosarioko Andra Mariaren irudi barrokoak daude.

Ebanjelioaren aldeko murruan eta atearen parean dagoen kaperan XVI. mendeko Gurutziltzatu bat dago, erromanismorako iraganekoa, eta korupean bataio-ponte bat, harroin zirkularrarekin, fuste motz zilindrikoa eta katilu erdiesferiko lauarekin. Sakristian, azkenik, XVIII. mendeko Gurutziltzatua dago, estilo herrikoian egina, eta zilargintza-lan batzuk ere.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 515 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 488-491 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 211 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 220 orr.

JAS 2009