Filologoak

Peillen Karrikaburu, Txomin

Andozeko Txomin.

1932ko azaroaren 17an Parisen jaiotako eskarazko eta frantsesezko idazle eta ikertzeailea.

Sorbonako Unibertsitatean Zientzia (Biologia eta Geologia) ikasketak egin zituen eta hantxe ezagutu zuen Ion Mirande, jatorriz zuberotarra zena. 1962an "Igela" aldizkari heterodoxoa sortu zuten eta garai hartako euskal hizkuntzaren berritzaileen artean kokatu ziren. Pariseko Liceo Lavoisier delakoan irakasle gisa aritu zen eta hainbat aldizkaritan kolaboratu du, besteak beste: "Gernika", ""Egan", ""Euzko-Gogoa" eta ""Eusko Folklore". Gerora, Paueko Unibertsitateko Letren Fakultatean aritu zen irakasle (Euskal Hizkuntza eta Literatura) eta 1981ean eskuratu zuen doktoregoa Bordeleko Unibertsitatean Lexique Basque de l'anatomie, morphologie et semantique lanari esker.

Ikertzeaile modura, kolaborazio ugari egin zituen, hala nola FLVSD, "Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra", "Euskera" (Bilbo), "Elhuyar" (Donostia), "Bulletin du Musée Basque" (Baiona) eta Donostiako UZEI zerbitzuan. Bere argitalpen ugariak biologia, ideien historia (etnografia eta literatura) eta hizkuntzalaritzarekin lotutako alderdiei buruzkoak izan ohi dira. FLVSD delakoan artikulu ugari idatzi ditu: Expression de la connotation ironique au niveau phonologique dans le basque de la Haute Soule (1979), Quelques aspects dénotatifs et connotatifs de l' interrogation en basque souletin (1979) eta Gonzalo de Berceo eta Zuberoako euskara (1980). Halaber, Euskalerriko ekonomia y de Animismua Zuberoan ere idatzi zuen. Euskal Herriko literatura herrikoiari dagokionez: Amoiozko baratzetan XVII eta XVIII mendeetako amodiozko kantuei buruzkoa (Baiona, 1964), Etxahun Barkoixe (Paris, 1963). Eta literatura jasoan: Jusef Eguiateguy, Larramendiren zuberotar jarraitzailea (Donostia, 1963) eta Jon Miranderen idazlan hautatuak (Bilbo, 1976). Hizkuntzalari eta biologo gisa anatomiari buruzko latin-euskara hiztegi bat argitaratu zuen: Latín-euskara hiztegia, anatomiaz, (Elhuyar, 1975).



Azkenik, literato modura, kontakizun ugari aipatu behar dira, askotan Domingo Aguirre saria eskuratu duelarik. Horien artean, honakoak nabarmendu behar dira: Gauaz ibiltzen dena, Itzal gorria, Gatu beltza, Altxorra eta alkimia, Buffalo Billen abentura, Errotaria errege, Mirko printzea, Allande Elizagarai ligiarraren ixtoriak. 1988an Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta hurrengo urtean Domingo Aguirre saria jaso zuen Kristina Bolsward eleberriari esker. Licq-Atherey izeneko herrian bizi da (Zuberoa). Paueko Unibertsitatean Eusko Ikaskuntzei eta Pirinioetako Mitologiari buruzko doktorego-kurtsoak antolatu ditu.

AAA

Kristina Bolsward eleberrian Alemanian bizi den emakume bat da protagonista nagusia, hiru arrazoi direla medio bazterturik bizi dena: emakumea izateagatik, txiroa izateagatik eta Frisiakoa izateagatik.

Itzal gorria oso bestelako lana da bere lehen eleberriarekin alderatuta. Pertsona- eta leku-izen sinbolikoak erabiltzen ditu. Talde iraultzaile batean barneratzen den gazte baten istorioa da kontagai. Gazteak nazioko erregea hil egiten du eta atxilotu eta espetxeratu egiten dute. Egileak berak aipatu duenez "leialtasunari buruzko istorioa da, faxisten aurkako borrokaren inguruko istorioa". Gatu beltza lanean Peillen polizia-eleberrian murgiltzen da berriz ere eta narratzailea lehen eleberriko detektibe hura da, Pettiri Sabuki, alegia.

2001ean Ale gorriak (Hiria argitaletxea) argitaratu zuen, 1960 eta 1998 bitartean idatzitako ipuinen bilduma bat.

Gainerakoan, Peillenek haur eta gazteei zuzendatutako ehunka ipuin argitaratu ditu. Orobat, etnologia arloan egindako lana ere nabarmena izan da, horien artean: Allande Elixagarai ligiarra, Animismua Zuberoan eta Herri sendakuntza Zuberoan. Herri-medikuntza eta -albaitaritzari buruzko ikerketa ere asko jorratu du Peillenek. Horrez gain, filologia-lan ugari argitaratu ditu: Les emprunts de la langue basque à l'occitan (UHUN, Madril), Zuberoko itzalargiak (Elkar) eta Parlons l'euskara (L'Harmattan, Paris). Gaur egun, euskal hizkuntza eta literatutako irakasle da Baiona-Angelu-Miarritzeko diziplina anitzeko fakultatean (Lapurdi).

FIO

1993ko martxoaren 21 eta 28an egin ziren legegintzarako hauteskundeetan Pirinio Atlantikoko 5. barrutiko hautagaia izan zen Eusko Alkartasun alderditik, eta 1997ko maiatzaren 25 eta ekainaren 1ean egin ziren hauteskundeetan, berriz, 4. barrutiko hautagai izan zen "Eusko Alkartasuna/Convergence, Ecologie, Solidarité" koaliziotik.Halaber, 2001eko martxoaren 11 eta 18an egin ziren kantondar hauteskundeetan Maule-Lextarreko kantoiean kontseilari nagusi izateko hautagai izan zen Eusko Alkartasuna alderditik.

JLC