Kulturalak

Otsolar Dantza Taldea

Lizartzak, Nafarroarekin muga egiten duen Gipuzkoako herri txiki honek, aspaldidanik izan du lotura dantza eta musikarekin. Arbasoek lortu zuten Lizartzan bertan ezagututako dantzak ondorengoei erakutsi eta haiek mantentzea.

1993. urtean, herriko talde batek Gipuzkoako aurreskua ikasi zuen irailean ospatzen diren herriko festetan dantzatzeko. Urte hartan aurreskua egin ondoren Ihauteri dantzak dantzatu ziren. Aldi hartan mutil talde bat elkartzen zen Ihauteri dantza hauek herrian bertan eta baita beste herrietan ere dantzatzeko. Dantza saio haren ondoren egindako afarian, gazteei Ihauteri dantzak eta dantza soka erakusteaz arduratzen zen Iñaki Zubeldiak, Lizartzan garai batean ospatzen ziren Ihauterien xehetasunak azaldu zizkien. Talde hark, 38 urtez ospatu ez ziren Ihauteriak berreskuratzeko erronka hartu zuen.

1994. urtean Ihauteri berreskuratze lanetan sortu zen Otsolar dantza taldea. Nahiz eta dantza talde honen ardatza Lizartza bertako dantzak izan (Ihauteri dantzak eta dantza soka), Gipuzkoako aurreskua ikasi zuen talde hark Euskal Herri mailako dantza ezberdinak ikasten jarraitu zuen ere. Herrian bertako dantzak erakusteaz Iñaki Zubeldia arduratzen zen eta Euskal Herri mailako dantzak erakustera inguruko dantza taldeko dantzariak etortzen ziren; horien arten Udaberri dantza taldea eta Astunalde dantza taldea.

Ihauteri dantzak gutxik edo gehiagok herriko mutil gehienek ikasi dituzte. Hori kontutan izanik Otsolar taldeak ez du partaide kopuru zehatzik ez eta adin mugarik ere. Gaur egun bada urte guztian zehar elkartzen den talde bat, 7-8 urte eta 18 urte inguru dituztenak. Adin horretatik goragokoek ekitaldiaren aurretik osatzen dute taldea. Ihauteri dantzak 2004. urtera arte mutilek bakarrik dantzatu zituzten. Urte hartan neska talde batek dantza hauek ikasi zituen eta geroztik mutilek eta neskek elkarrekin dantzatzen dituzte. Dantza hauek gaur egun Lizartzako Ihauterietan dantzatzen dira eta hala eskatuz gero beste herrietako jai edo ekitaldietan.

Dantza soka Otsolar Dantza Taldearen sorreratik ikasi zuten neskek. Gaur egun herriko festetan dantzatzen da. Urte batean mutilek ateratzen dute dantza soka eta hurrengoan neskek.

Lizartzako Dantzak soilik egiten dituen taldeaz gain, Otsolar Dantza Taldea sortu zenetik beti egon da Euskal Herri mailako dantzak dantzatzen dituen talde bat edo gehiago. Gaur egun txikienak lau urterekin hasten dira lehen pausoak ematen, 7-8 urte dituztenean gazteen taldera pasatzen direlarik. Herri txikia izanik ez daude adin bereko haur eta gazte asko, beraz, 7-8 urtetik 18 urtera arte talde berean egiten dute dantza. Hau da dantza taldearen bereizgarri aberasgarrienetako bat, zaharrenek gazteenei irakatsiz eta gazteenek zaharrenak eredutzat hartuz, talde bikaina osatzea. Gidari lanetan dantza taldeko partaideak aritzen badira ere, 2004. urtez geroztik Billabonako Oinkari Dantza Taldeko kide bat da gazteen taldeko irakaslea. Bada helduen talde bat ere, 20 urtetik aurrerako dantzariez osatua, eta gehienbat Gipuzkoako eta Bizkaiako dantzak egiten dituzte.

Otsolar dantza taldeak, herriko talde txiki bat izanik, bere baliabideak ahalik eta ondoen aprobetxatuz aurrera jarraitzea lortu du. Herriko kulturaren adierazgarri diren dantzak ardatz hartuz, beste hainbat ekintzetan ere murgildu da.



Ekintza nagusia Ihauteriak antolatzearena izaten da. Ihauteri hauetan herriko jendearen parte hartzea beharrezkoa da, Dantza Taldeko kideen artean soilik festa hauek aurrera eramatea ezinezkoa baita. Horrela, herri guztiak bat egiten du festa hauek aurrera eraman ahal izateko. Festa hauen aurretik taldeak aldizkari bat argitaratzen du eta hau taldearentzat eta herriarentzat oso garrantzitsua izanik, denbora gehien eskaintzen zaion ekintza da. Aldizkariak baditu finkoak diren hainbat atal, baina gainontzeko atalak, urtean zehar gertatutako herriko albisteez edo herrian garrantzia izan duten antzinako istorioez osatzen dira.

Taldearen sorreran ezinbestekoa izan zen inguruko dantza taldeen laguntza jantziak eta dantzarako beharrezkoa zen materiala lortzeko. Urteen poderioz dantza taldea euren materiala osatzen doa, bai Lizartzako dantzetarako eta baita Euskal Herri mailako beste dantzak dantzatzeko ere.

Dantzaz gain, herri honetako beste afizioetako bat musikarena izanik, dantza taldeak bere emanaldietan laguntzeko herritarrez osatutako musika talde bikaina izan du bere ibilbidean zehar. Hainbat musika tresnaz alaitzen dituzte emanaldiak, ohikoenak diren txistua eta atabaletik hasi eta ezohikoagoak diren biolina eta gaita bateratuz. Musika talde honek, emanaldiak laguntzeaz gain, hainbat kanta ere sortu ditu Lizartzako Ihauterietarako. Kantu hauek, Lizartzako Ihauteri dantzen doinuekin batera CD batean grabatu ziren 2003. urtean.

Urte hauetan zehar, Otsolar dantza taldeak hainbat omenaldi-ekitaldi ere aurrera eman ditu. Horien artean 2001. urtean Iñaki Zubeldiari egin zitzaiona eta 2005. urtean Kaxianori.

Dantza taldeak urtean hainbat emanaldi izaten ditu herrian bertan, baina herritik kanpo ere irteten da emanaldiak eskaintzera. Honez gain, 2010. urtean Dantzari Txiki eguna ospatzen hasi zen, Lizartza egun batez dantzari txikien topagune bihurtuz. Gainera, 2013. urtean lehenengo aldiz Erromeri Eguna ospatu zen, horrela, festa dantzari txikietara mugatua egon beharrean adin guztietako jendearentzat irekia izatea lortuz.