Eskultoreak

Novella, Juan José

1961ean Portugaleten jaiotako pintore, eskultore eta muralgilea.

Arte publikoan aditua, bere lanetan hainbat material erabiltzen ditu, esate baterako, harria, brontzea edo Corten altzairua.

Figurazioa alboratzen ez badu ere, bere lanetan abstrakzio figuratiboa da nagusi.

Joan den mendeko 80eko hamarkadan bere lanak ikusgai ipintzen hasi zen, hala bakarkako erakusketetan nola kolektiboetan. Lehen erakusketen artean aipa daitezke Portugalete (1985); Muzkiz (1987), Sestao (1987, 1994), Getxo (1989),edo Bilbokoa (2007).

Lehenengo erakusketa kolektiboen artean hauek nabarmendu daitezke: ERTIBIL'83 izeneko ibiltaria eta Sanurtziko pintoreak erakusketa Barakaldon (1983); Durangoko Ezkurdi Aretoan eta Barakaldoko Kasinoan egindakoak (1984); Ortuellako Kultura Aretokoa (1985); Kepa eta Lucianori Omenaldia, izenekoa Portugaleten (1987); Doce pintores en Osaka izenekoa Osaka eta Bilbon (1989); La ciudad y las medianeras, Bartzelonan (1991); Gure Artea erakusketa ibiltaria Bilbon, Gasteizen eta Donostian (1993).

Muralgile modura, bere lanak Durangon, Portugaleten, Bilbon, Ortuellan, Zamudion edo Eibarren ikus daitezke.

Bere lan publikoari dagokionez, hauek aipa daitezke: Saturnino de la Peña maisuari egindako omenaldia, Libro y puerta izenekoa (Sestao, 1992), Dantzari dantza (Iurreta, 1997), Polaris (Santurtzi, 2000), La Huella (Gixon, 2002), La pareja (Barakaldo, 2003), Sol naciente (Aviles, 2003), Homenaje a los luchadores contra el franquismo (Artxanda, Bilbo, 2006), Pampol (Sant Llorenç d' Hortons, Bartzelona, 2006), Coral (Santoña, Kantabria, 2007), Gurasoen Etxea (Sestao, 2007), edo La rosa (Torrejón de Ardoz, Madril, 2007).

Nazioartean artista ezaguna da. Hala, 2010. urtean Durango izeneko eskultura-pieza bat egin zuen Abu Dhabirako. Pieza sei metroko altuera eta bederatzi tonako pisua duen oinatz digitala da, karbono zuriko altzairuz egina, zoruan argi-ilunen joko bat islatzen duena. Halaber, Zayedeko Unibertsitatean hitzaldi bat eman zuen Arte Público y la escena urbana izenburupean, Abu Dhabiko Eskulturako Nazioarteko Sinposioko programaketaren barnean (2010).

2011. urtetik Aieteko Bakearen Etxeko (Donostia) lorategietan Urte Haietan / Aquellos años izeneko lana dago ikusgai, gerra zibileko eta frankismoko biktimen oroimenezkoa. Corten altzairuz egindako eskultura bat da, ia bost tonako pisua eta 3,80 metroko altuera duena. Eskulturako alde batean frankismoaren itzalpean igarotako urteen zerrenda agertzen da zulatuta, 1936-1975 bitartean.