Pintoreak

Muñoz Sola, Cesar

Pintorea. Tutera, 1921; Tutera, 2001. XX. mendean Nafarroako pintore figuratiboen artean ezagunetakoena eta ospetsuenetakoa, bere ibilbide artistiko oparoan bereziki bere erretratoak nabarmendu ziren hauek izan zuten arrakastagatik.

Cesar Muñoz Sola Tuteran jaio zen 1921ean, marrazten hasiz haur bat besterik ez zenean. Bere marrazkietan erakutsitako mailari esker 1941ean Madrilera bizitzera joan zen bertan ikasle moduan lanean hasiz artelanak zeharberritzen zituen tailer batean. Handik gutxira, San Fernandoko Arte Ederretako Akademian sartu ahal izan zen Nafarroako Aldundi Foralak eskeinitako beka bateri esker. Madrilen igarotako ikasle garaian Muñoz Solak bere teknika garatu eta perfekzionatu egin zuen, eta pintura arloan espezializatu zen.

Behin bere ikasketak amaitutakoan, aurrena Erromara bidaiatu zuen eta ondoren Parisera, bertan denbora batez biziz. Frantzian bereziki XIX. mendearen erdialdean garatutako estilo errealistatik eta inpresionismotik ikasi zuen; bestalde, abanguardiak, bai XX. mendearen hasierakoak bai bi mundu gerra arteko garaikoak ez zitzaizkion interesatu. Formakuntza garai honen zehar eta bereziki Frantziako lurraldean igarotako egonaldiaren ondoren, Muñoz Solak erretratoan espezializatzea erabaki zuen, bere teknika errealistari esker enkargu asko jasoz, eta sekulako arrakasta lortuz ikuslegoaren artean bai Europako herrialde desberdinetan bai Estatu Batuetan ere. Ondoren Nafarroara itzuli zen Tutera eta Iruñaren artean biziz bertatik jaso baitzituen enkargu gehienak, baina baita Espainiako beste zonalde batzuetatik ere eskaera asko jaso zituen arrakasta handiko pintorea izan baitzen.

Nafarroako artearen historian Muñoz Sola erretratugile bezala lortutako ospeari esker pasatu bada ere -Nafarroako Aldundi Foralean Pertsonaia Ospetsuen Erretrato Galerian dauden erretrato asko bereak dira-, beste genero batzuetan ere paisaia, bodegoia eta natura hila bezala nabarmendu zen. Paisaiaren generoan, adibidez, Erret Bardeetako eta Ebro eta Arga ibaietako ikuspegi interesgarriak margotu zituen; Bardeetako kasuanlehorreko paisai mota hori aldarrikatu zuen Nafarroako beste pintore batzuek irudikatzen zituzten baso hezeetako paisaien aurrean, , esaterako Bidasoako Eskolako pintoreak. Bodegoietan, Espainiako pinturaren Urrezko Mendearen eragina nabarmentzen da, eragin mota hau arlote edo eskale bezelako erretrato pintoreskoetan igartzen da ere.

Bere margolan guztietan, Muñoz Sola bere estiloan erakutsitako zehaztasun teknikoarengatik trazuan nabarmendu zen, kolorearen erabilpen pertsonalagatik eta gainazala eta ehundura xehetasunez irudikatzeagatik, bere artelanetan errealismoaren sentsazio itzela lortuz.

Egun Tuteran bere pertsona eta lanari eskeinitako Museo bat aurkitzen da Museo Muñoz Sola de Arte Moderno izendapenean. Museoak, Aureliano Beruete eta Ramón Casas bezalako pintorei edota XIX. mendeko pintore inpresionistei behin behineko erakusketak antolatzeaz gain, behin betiko bilduma bat du non Muñoz Solaren margolanekin batera bere estilo errealista eta figuratiboarekin bat egiten duten beste artelanak ere aurkitu ditzakegun.