Arkitektura

Miribillako eliza. Bilbo

Bilboko Miribilla auzo berrian kokatuta, auzoan bertan garai berean eraikitako beste eraikuntza interesgarriak hurbil dituelarik -Bilbao Arena kirolgunea edota Bizkaia Frontoia, adibidez-, Santa Maria Josefa eliza 2008 urtean amaitutako eraikina dugu eta IMB -Gloria Iriarte, Eduardo Mugica eta Agustin de la Brena arkitektoez osatuta- Estudioaren lana da. Bilboko auzo berri honek eliza bat behar zuenez, 2004. urtean lehiaketa bat antolatu zen proiektu irabazlea IMB Estudioarena izanik.

Lana printzipioz ez zen erraza, XXI. mendean eliza bat bezalako eraikin adierazgarria eta esanguratsua -bai formalki baita eta bereziki sinbolikoki ere- eraikitzea zaila delako. Azken hamarkadetan gizartea asko aldatu da eta, horrekin batera, Elizak eskaini ditzaken funtzioak eta bete ditzaken beharrak, batez ere fedearen inguruan gertatu diren aldaketak nabarmenduz. Horretaz gain, orubearen ezaugarriak eta forma ez ziren batere atseginak edota erakargarriak, alde batetik forma hirukia zeukalako, bestetik maldan kokatuta zegoelako, eta azkenik, azpian auzoan garai batean kokatzen zen meategia zaharren galeriak zeudelako, eraikin berriaren zimentazio lanak zailagoak eta arriskutsuagoak eginez.

Ondorioz, IMB Estudioa Miribillako elizan lan modernoa eta arrazionala egiten saiatuko da, printzipioz alde batetik eraikina auzoan gehiegi nabarmendu gabe -testuinguru horretan lan egitea ez baitzen erraza, altuera handiko etxebizitza blokeez inguratuta baitago eta aipatu ditugun beste bi zerbitzu eraikinak hurbil daudelako ere- baina bestetik Elizak auzoan erreferentzia gune bat izan nahi zuela argi izanik, bai gizakiarentzat bai gizartearentzat, auzoko bizian parte hartu nahian. Horregatik hasieratik azpimarratu behar da bertan lortuko den emaitzaren bikaintasuna, aipatu den bezala gehiegi nabarmendu gabe argi geratzen delako bertan dagoela bere beharra eta erabilpena behar duenarentzat.

Programak elizaz gain beste funtzioak eskatzen zituen neurrian -beste kapera bat, elizaren bulegoak edota jardueretako gelak- IMB taldeko arkitektoek betebehar guztiak bi solairuetan antolatzea erabaki zuten. Goikoan eliza bera kokatuz, beste beharretarako kapera xumeago bat eta bertan ere elizako bulegoak bilduz, eta behekoan jardueretako gelak ipiniz. Baina proiektua finantziatu behar zenez, eraikinari hirugarren solairu bat gehitu zitzaion azpian, bertan aparkaleku bat kokatuz. Horrela, aparkalekuko plazen salmentarekin elizaren ordainketa ahalbideratu zen, Erdi Aroan elizek betetzen zituzten eginkizun ekonomikoak gogoraraziz. Donostian ere egoera honen beste adibide bat gertatu da: Loiolako Erribera auzoan kokatzen den Iesu eliza -Rafael Moneo egilea izanik-. Eraikina beheko solairuan eraiki den supermerkatuaren biratez finantziatu ahal izan da.

Material garaikideak erabili dira kanpoan -hormigoia, egurra eta beira, bereziki-, forma geometriko eta abstraktoak eraikiz. Nabarmengarria da kanpandorrea, 24 metroko altuera izateaz gain beirarekin eraikia baitago. Honi esker, eraikinean argia zeharka sartzen da eta auzoarekiko irudian, bere ikurra bihurtzen da, lehen aipatu den bezala alde batetik modu xume batean, baina bestetik ere modu adierazgarrian. Argi honek elizan duen funtzioa oso garrantzitsua eta interesgarria da, espazioan funtzio praktiko bat betetzeaz gain izpiritualtasuna ere atxikitzen baitio. Eta hau hobekiago lortzeko, gainera, elizako beiretan kolore desberdinetako kristalekin jokatzen da, lau kolore aukeratuz -txuria, berdea, morea eta gorria-, hauek baitira urtean zehar liturgiako faseen kolore adierazgarriak.