Arkitektura

Mendoza dorretxea

Multzo monumental honek, dorretxea izateaz gain, harresia dauka eta Araban geratzen diren gutxienetako eta zaharrenetako bat da. Landa eremuan kokatzen da eta militar edo defentsarako ezaugarriak betetzen ditu.

Harresiaren barrutiak oinplano karratua du eta angeluetan lau dorre kararrizkoak eta zirkularrak altxatzen dira. Gorputz zirkular hauek, hiru metroko barne diametroa dauzkatenak, sendoak eta trinkoak dira. Dituzten almenak, erantsi zizkioten berritze lanak egitean, baina, jatorrizko errematea laua izan zen. Harresia ere kararrizko harlangaitzez egina dago eta neurriei dagokienez, 25 metroko luzera alde bakoitzean, 1,70 metroko lodiera eta 5 metroko altuera dauzka. Gorputz honetako hego-mendebaldean irekitzen da bao zorrotz bat, sarbidea dena; gainerako aldeetan saeterak baino ez dira agertzen. Aztarna batzuen arabera harresiaren hiru aldetan pezoia urez betea zeukan eta ekialdean, hain zuzen ere, Laña ibaia dagoen lekuan, pezoi naturala zegoen errekak osatuta.

Barrutiaren barnearen erdian altxatzen da dorretxea, libre alde guztietatik, hortaz, eraikuntza exentoa da. Harresian bezala, kararria erabili zen eta harlangaitz-hormez egina dago. Oinplano karratua eta alde baikotzak 11 metroko luzera dauzka. Hormen zabalerak 1,70 metroko dauzka eta altuerari dagokionez, Araba probintziako altuenetakoa da, 21 metrora helduz.

Eraikuntzak beheko pisu, hiru solairu eta ganbara ditu. Lehen aipatu dugun bezala, XIII. mendeko eraikuntza izanik, defentsa-funtzioa lehenesten zen eta horregatik ez dauka irekidura asko.

Beheko pisuan irekitzen diren baoak oso gutxi dira; hego-mendebaldeko fatxadan kokatzen da sarrera, gaur egun dintelduna dena, eta saeterak, eta gainerako fatxadetan saeterak edo gezi-leihoak, besterik ez da agertzen.

Lehenengo pisuan solairu nagusia dago. Agertzen diren baoak, sarbide nagusia eta leihoak, handiagoak dira eta formari dagokionez, erdi puntuko arku beheratuak dira. Kasu honetan, hego-ekialdeko fatxadan agertzen da ate nagusia, albo batean, eta desnibela gainditzeko, lurzoruaren mailatik bi metrora baitago, hormara itsatsitako harrizko eskailera bat erabiltzen da.

Bigarren solairuan, erdi puntuko arku bat eta arku zorrotzak ageri daude, hormaren erdiko ardatz osatuz. Hirugarren pisuaren leihoak dinteldunak dira eta bigarren solairuaren eskemari jarrituz, hormen erdiko ardatzan daude.

Goiko atalean, ganbaran, lau saetera zabaltzen dira eta erantsitako matakanak, ez dira jatorrizkoak, dorretxea berritu ondoren gaineratu baitziren. Aipatutako eskema lau fatxadetan errepikatzen da. Gorputz hau lau isurialdeko teilatuez estalita dago eta geroko osagaia da.