Arkitektura

Marcillako Gaztelu-Jauregia

Marcillako Gaztelu-Jauregia, Nafarroako Marcilla herrian kokatzen da eta XV. mendean Mosén Pierres de Peraltak eraikitako gotorleku gotiko bat da. Gaztelua ezaguna da bertan elezahar bat aurki dezakegulako, eta elezahar horrek aditzera ematen du 1516.urtean Ana Velasco andreak nola babestu zuen gaztelua, Cisneros kardinalak bidalitako Gaztelako soldaduen erasoetatik aldezteko helburuarekin.

Erdi Aroa bukatzen ari zenean eraikitako kale gaztelu bat zen beraz Marcillako gaztelua, pribatua izan da bere izaera jatorritik eta jauretxeek zituzten egiteko berak zituen gaztelu honek: alde batetik jaunen egoitza zen, eta beste alde batetik baita hauen babesa ere. Jabearen ondasunen kudeaketa ere bertan egiten zuten, eta ospea emateko eraikina ere bazen besteak beste. Esan bezala, jabetza pribatu gisa sortu ondoren hala jarraitu zuen 1977 arte. Urte hartan, orduko Nafarroako Aldundiak Falcesko markesen ondorengoei erosi zien.

Adreiluzko jauregi-gotorleku gotiko hau, harrizko ezponden gainean eraiki zen beraz, Mosén Pierres de Peralta noblearen eskutik 1420. urte aldera, Karlos III.a Prestuaren erreinaldiaren azken urteetan. Eraikina Faltzesko markesen egoitza izan zen lau mende baino gehiagoz, eta bere barnean Rodrigo Díaz de Vivar Cid Campeadorren Tizona izeneko ezpata kontserbatu zuten hauek. Ezpata hau Errege Katolikoek eman zioten Piarres Peralta eta Ezpeletakoari Gaztelako Koroari Isabel eta Fernandoren arteko ezkontzaren ondorioz eginiko zerbitzuengatik. Ezpataren gainean zin egiten zuten markesek markeserriaren igorpena.

1513. Urtean, Fernando II.a Katolikoak Faltzesko markesgoa eratu zuenetik, gaztelua bertako nukleo eta buru bilakatzen da eta lubanarroek bere gotorleku-izaera sendotzen dute, izaera gerlaria hein handi batean galdu bazuen ere. Izan ere handik aurrera bizilekua helburu zuen gaztelu-jauregi bihurtu zen.

Oinplano karratuko eraikin hau interes kulturaleko ondare izendatuta dago. Harlanduzko basamentua du, ezpondan eginikoa, eta gainerakoa adreiluzkoa da orokorrean. Lau iskinetan prisma itxurako dorre sendoak altxatzen direla ikus daiteke, eta tarteko beste dorre batzuk ere nabari dira zonalde hauetan. Azpimarratzekoa da dorre nagusiaren presentzia, aurrekaldeko fatxadan nabaria dena. Barnealdean kapera gehien nabarmentzen dena dela esan daiteke. Izan ere bere pinturak gorde ditu eta baita arma-patioa ere, honen inguruan zenbait areto osatzen direlarik.

Hasieran aipatu den bezala oso ezaguna da 1516ko gertakari garrantzitsu bat eraikinaren historiaren inguruan. Urte hartan Ana de Velasco markesak Villalba koronelari aurre egin ondoren, Cisneros kardinalak agindutako eraistea gauzatzea galarazi zion, Nafarroa militarki okupatua izanik garai hartan. Beraz, eraikinak denbora guzti honetan zehar sortutako gatazkei tinko eutsi diela esan daiteke, beti ere bere nortasuna mantenduz.

Eraikinaren diseinu edo eraikitze fase eta materialei begiratuz, oinplano karratuko bloke monumental honek, harlandua du bere materiala ezponda inguruetan eta gainontzekoa adreiluzkoa da. Honek kolore eta testura ezberdina eskaintzen du, eraikinaren eraikuntza lanak fase ezberdinetakoak direla argi adieraziz. Bere gotorleku papera inguratzen zuten lubakiek indartzen dute honen izaera, zati handi batean gaur egun ikus daitezkeelarik. Karratuaren lau angeluetan dorre indartsu batzuk altxatzen dira, prisma formakoak hauek. Hegoekialdekoa eskortzoan eransten da. Beste dorre lirainago batzuek harresien erdialdea eteten dute, hegoaldeko harresian izan ezik. Izan ere hau galeria batengatik ordezkatua izan zen, eta 1986an Nafarroako Gobernuko Kultura Saileko teknikoek eraitsi egin zuten.

Eraikuntza honen trinkotasuna denboran zehar oso aldatuak izan diren laukiluze formako zenbait baoren bidez arindua izan da. Oraindik ere puntu erdiko arkuen arrastoak ikus daitezke nahiz eta gaur egun itsututa dauden eta, mendebaldeko zonaldean berriz, arku zorrotz bat nabarmentzen da.

Eraikinaren deskribapenarekin jarraituz, hegoaldeko zatitik barrurantza bi arku zorrotzen artean dagoen atari baten bidez sar gaitezke, ziuraski eraikin osoan dagoen zatirik primitiboena dena. Bertan harlandu indartsu bat erabiltzen da eremuaren eraikuntza gauzatzeko. Kanpoalderantz ematen duenaren gainean bi ildo irekitzen dira zubi jasogarria eusteko eta honen erdian armarri bat. Bigarrenaren giltzarrian aspa batzuen bidez apaindutako herensuge igokari bat agertzen da. Sarrera honen gainean oso eraldatutako adreiluzko galeria bat aurki zitekeen, zutabeen gainean jarritako lau arkurekin behekaldean eta zintzilikatutako arku bikoteekin berriz gainaldean.

Patio bat zuen gazteluak bere barnealdean, honen inguruan gela ezberdinak banatzen zirelarik. Garai modernoagoetan barne espazio hau murriztu zuten eraikuntza baxuagoak gehitu omen ziren, baina gaur egun ez da eremu hauen aztarnarik ikusten eraikinean zehar.

Marcillako Gaztelu-Jauregia gaur egun Euskal Herrian hasieratik gaztelu izateko eraiki zen azkenetako bat da. Eraldaketak jasan zituen urteen baitan barrukaldean, eta eraikin desberdinak atxikitu zizkioten mendeetan zehar, baina egun, bere garaian eraiki zuten bezala ikus dezakegula esan daiteke. Gazteluaren izaerari dagokionez, hiru ezaugarri nagusi azpimarratu daitezke: trinkotasun irudia, dorre nagusia fatxadan kokatzea eta bolumen edo mutzo osoa hasieratik eraiki izana.

Berezitasun bezela, fatxadetako dorre angeluzuzenek zeharo hausten dute oinplanoak duen angeluzuentasuna, eta baita hego-ekialdeko dorrearen kokalekuak ere. Hauei dagokienez, bakoitzak bere ezaugarria edo berezitasunak dituela esan daiteke.

Iparraldeko fatxadari dagokionez izkinetan eta erdian dorreak ditu, eta gainaldean berriz hegal irten arkuduna aurki dezakegu, gotiko tankerakoa. Itxura erregular xamarra ematen du fatxada honek, eta zenbait leiho eta ateren aztarnak ditu.

Hegoaldekoari begira berriz, bertan kokatzen da sarrera, eta honek dorreak izkinetan ditu. Hego-ekialdeko izkinako dorrea zeharka jarria dagoela esan daiteke. Sarrera arkudunaren gainean, Peralta-Velasco sendiaren armarria ageri da, XVI. mendekoa. Su-leiho batzuk eta zubia altxatzeko zutabeen zulo luzeak ere ikus daitezke bertan.

Ekialdeko fatxadan hegoaldeko muturrean aipatutako zeharkako dorreaz gain, hormaren erdian eta iparraldeko muturrean dorre bana aurki daitezke. Goikaldean, ohiko hegal irtena ikusten da dorreen artean, almena gisako murru txikiekin. Hego-ekialdeko dorrean berriz harri hutsune bat dago, azpi-atearen arrastoa kontsideratzen delarik. Irekidurak ere badaude, su-leihoren bat barne, garai eta itxura guztietakoak, baina hegoaldeko fatxadan baino neurri txikiagoan.

Azkenik, mendebaldeko fatxadak gainalde berdintsua daukala esan daiteke, baina erdian dorrerik ez dagoenez, hegala dorre batetik bestera irteten zaio. Alde horretako fatxadari beste areto bat erantsi zioten bere garaian, eta aztarna horiek nabariak dira oraindik.

Gaur egun, urte osoan zehar bixita gidatuak antolatzen dira bertara.