Kontzeptua

Makilaria

Dantzaria eta makila erabiltzen duen gizasemea, Nafarroa Beherean, Lapurdiko barnealdean eta Luzaiden burutzen diren Bestaberri jaietan eta beste hainbat segiziotan, besteak beste, Kabalkadak, Libertimendia eta Tobera Mustrak.

Honen jatorria musikarien zuzendaria litzateke, eskuetan daraman makilak erakusten digunez, militarren danbor nagusien antzera alegia. Tresna hori Buruzainaren (Gipuzkoako dantzarien artean nagusia) aginte makilaren antzekoa da, baita Kaxkarot-en nagusiak duenaren parekoa (XX. mendearen hasieran horren testigantzak ditugu).

XIX. mendearen amaieraz geroztik, dirudienez janzkera Napoleonen armadan oinarritzen da. Ehunezko jaka gorria darama, militarren antzeko lepokoarekin. Jakak txarratelak ditu eta aurrealdean eta besoetan urre kolorezko esku-bandak dauzka. Galtza zurien zangoen kanpoaldean kolore anitzeko galoiak dauzka, elkar lotuta eta hainbat kaskabilo. Buruan militarren antzeko txano gorria darama, kolorezko esku-bandekin eta ispilu batekin. Goialdean kolorezko luma apaingarriak dauzka. Makila, pagoz edo gaztainondoz egina, buruan oliba handi bat dauka eskulekuan. Zuriz pintatuta dago eta marra gorri eta berdeak dauzka zeharrean.

Burutzen dituen ekimen eta akrobazietan zehar, gehienetan belaunaldi desberdinetako bi Makilarik esku hartzen dute. Bestaberri ospatzean pertsonai honek segizioetan eta Elizako errituan musikarien zuzendariaren funtzioa betetzen du. Dantza egiten duten bitartean, makila nola erabili eta jaurtitzea ikastea ez da batere erraza. Horrela, "Makila eskolak" sortu aurretik, trebezia hori familiaren baitan lantzen zuten. Duela hainbat urte Makilari lehiaketak sortu zituzten. Ekimen horiek burutzeko musika pieza ugari daude.

  • GUILCHER, Jean Michel. La Tradition de danse en Béarn et Pays Basque français. Paris: Maison des Sciences de l'Homme, 1984.
  • TRUFFAUT, Thierry. Joaldun et Kaskarot, Des carnavals en Pays Basque. Elkar, 2005.
  • SAGASETA ARIZTEGUI, Miguel Angel. Luzaideko Ddantzak. Bilbo, 2011.