Dantza

Luzaideko Dantzak

Kate-dantzan, dantzariak elkarren ondoan kokatzen dira ilaran, eskutik edo erdiko zapiari helduta. Ilarak izaera errituala du, batetik serioa eta bestetik jai-kutsukoa. Sokaren eskuinaldetik hasita, erlojuaren orratzen aurkako norabidean dantzatzen da. Nafarroa Beherean XVI. mendean jadanik dantzatzen zirela aipatzen da hainbat agiritan. Sokaren lehen eta azken tokietan partaiderik garrantzitsuenak kokatzen dira, eta aske duten eskuan makila koloretsua eramaten dute, euren boterearen adierazgarri. Makila 60 zentimetro luze izan ohi da, eta bost madariz hornitutako lau punta izaten ditu. Horregatik esaten zaio madari-dantza edo madar-jantza. Gainerako neska-mutil dantzariek soka osatzen dute, elkarren artean ezarritako zapiari helduz. Luzaiden araudi jakin bat dute postu nagusietan zer dantzari kokatuko diren finkatzeko, eta auzo guztiek dute eskubidea "jantza luzetik tira egiteko". Sagasetaren arabera, honako hau da ordena: jaietako lehen egunean, goizean, meza nagusiaren ostean, Gañekoletakoak izaten ziren sokaren gidari, eta arratsaldean, berriz, hirigunekoak. Jaietako bigarren egunean, goizean, Azoletakoek gidatzen zuten dantza, eta Gaindolakoek arratsaldean. Hirugarren egunean, Ondarrolakoen txanda izaten zen.