Arkitektoak

Lopez de Uralde Elorza, Jose Luis

Arkitektoa. Gasteiz, 1897ko ekainaren 8a; Gasteiz, 1966.

Jose Luis Lopez de Uralde Elorza arkitekto arabarra bere probintzian modernotasuna eta arrazionalismoarekin bat egin zuen lehenengotako arkitektoa izan zen. Horregatik, eta bere hainbat lanei esker, ezaguna da.

Jose Luis Lopez de Uralde Gasteizen jaio zen 1897an. Aita ere arkitektoa izanik, printzipioz ogibide bera aukeratzeko orduan ez zuen zalantzarik egin. Baina bere aitari, Ricardo López de Uralde arkitektoari gertatu ez zitzaion bezala -bere lan esanguratsuena Gasteizeko San Pedro elizako ataria izan zen, Fausto Iñiguez de Betolazarekin batera egina 1899an historizismoan guztiz murgildurik-, Jose Luis Lopez de Uralderi garai berriak bizitzea egokitu zitzaion, akademizismoak, historizismoak eta eklektizismoak eskaintzen zuten ziurtasuna jaso gabe. Garai berri horietan, apustu berria arkitektura modernoa, eta hein handi batean arrazionalismoaren alde egitea bazen ere, Araba bezalako lurralde batean apustu hori egitea ez zen batere erraza, oraindik aurreko estiloak oso errotuta baitzeuden eta aldaketa berriekiko giroa ez zen aproposena. Hala ere, nahiz eta gutxi izan -Araban hogeita hamargarren hamarkadan soilik bost arkitekto zeuden kolegiatuta-, Jose Luis Lopez de Uraldek eta Jesus Guineak bat egin zuten garai berriekin eta modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua elkarrekin egin zuten, hasiera batean hamarkada horretan -hogeita hamargarren hamarkadan-, baina baita gero ere, Frankismoarekin arkitektura garaikidearen aldeko apustua egitea batere erraza ez zenean alegia.

Biek, bai Jose Luis Lopez de Uraldek bai Jesus Guineak Madrilgo Arkitektura eskolan ikasi zuten. Bertan, eskola inguruko giro nagusian eta bereziki ikasgaietan oraindik akademizismoaren nagusitasuna oso nabaria bazen ere, sortzen hasia zen ildo berria ezagutzeko aukera izan zuten. Belaunaldi berri horri 1925eko belaunaldia esaten zioten eta modernotasunaren alde guztiz eta erabat egin ez bazuen ere, historizismoa eta akademizismoa baztertu zituen, arkitektura funtzionalago baten aldeko apustua eginez. Formari dagokionez, bolumen garbiak, geometrikoak eta orokorrean nahiko soilak nagusitu ziren, eta horren ondorioz apaindura baztertzen hasi ziren.

Hala ere, Jose Luis Lopez de Uraldek Madrilgo Arkitektura Eskolan 1924ean titulua lortu ondoren Gasteizera itzuli zenean, lehen lanek ez zuten joera berri horiekin zerikusirik izan. Zenbait dendatan erreformak egin ondoren, jaso zuen lehen enkargua ez zen nolanahikoa izan, 1924ean Gasteizko Batan auzoan Lorategi-Hiria -Ingalaterrako usadioari jarraituz- diseinatzeko eskaera jaso baitzuen. Lau etxaditan antolatutako 44 etxe eraikitzeko proiektua prestatu zuen, neoeuskalduna izeneko estiloan, hau da, apaingarrietan euskal baserriko hainbat elementu txertatuz baina ez barnealdeko diseinuan. Oinplanoari so eginez gero, etxeek tipologia horren eta garaian ohikoak ziren ezaugarriak dituzte. Ekimena hirian hain arrakastatsua izan zenez, handik bi urtera, 1926an, beste proposamena jaso zuen. Oraingo honetan 107 etxebizitza eraikitzeko proposamena zen, kooperatiba baten eskutik. Azkenean, 1930ean Judimendi auzoan gauzatu ziren etxe horiek Gasteizko lehen itsatsitako etxeak izanik. Multzo horretan, aurrekoan bezala, material nagusiak harria eta egurra ziren. Gainera, oraingoan erreferentzia historikoak baztertu egin zituen eta alde batetik funtzionaltasuna eta bestetik forma garbiagoak eta geometrikoagoak nagusitzen hasten dira. Bigarren ekimen hori ere oso arrakastatsua gertatu zen. Garai hartarako etxeak oso merkeak baziren ere, klase ertainak bizitzen hasi ziren bertan.

Ziurrenik arrakasta bikoitza horren ondorioz, 1934an San Antonio Kaleko 34. zenbakian etxadia diseinatzeko enkargua jaso zuen. Bertan, berriro historizismoaren hainbat elementu apaingarriak berreskuratzen baditu ere, beste zenbait elementu modernistekin nahasten ditu, eta orokorrean, aurreko lanetan igartzen zitzaion bezala, soiltasunaren aldeko joera erakusten hasten da, modernismoaren irakurketa arrazionalena ere aukeratzen baitu, Vienako sezesionismoarena alegia.

Ondorioz, hirugarren etxe multzo horrek argi erakusten digu Lopez de Uralderen arkitektura hogeita hamargarren hamarkadaren hasieran aldatzen hasia zela. Gainera, urte horietan GATEPAC (Grupo de Arquitectos y Tecnicos Españoles para la Arquitectura Contemporanea) elkarteko kidea izan ez bazen ere, elkarteko AC (Documentos de Arquitectura Contemporanea) aldizkariaren harpidedun egin zen -Jesus Guinea arkitektoa bezala, eta Domingo Echevarria aparejadorea, Araban soilik hiru harpidetu baitziren-. Bertatik arrazionalismoaren inguruko aldarrikapenak eta adibideak aztertzeko eta barneratzeko aukera izan zuen. Giro berri guzti horren emaitza izango da bere hurrengo lana, bere ibilbideko lan ospetsuena, Gasteizko Goya gasolindegia.

Lopez de Uraldek Goya gasolindegiaren enkargua 1935ean jaso zuen Vicente Goya enpresarioaren eskutik. Horrek Gasteizeko hiriaren barrena pixkanaka baina indarrez zabaltzen ari zen kotxearen aldeko apustu ausarta egin nahi zuen, eta horretarako eraikin berean gasolindegia, tailerra eta garajeak hartuko zituen eraikinaren beharra aurre ikusi zuen. Proiektu horretan, Lopez de Uraldek Francisco Alonso Martos arkitekto gasteiztarraren laguntza izan zuen eta bere ibilbideko lan interesgarriena gauzatu zuen. Hainbat funtzio eraikin berean sartu zituen eta bi solairuetan antolatu zuen guztia. Lopez de Uraldek forma soilen aldeko apustua egin zuen, hormigoiaren bitartez betebehar guztiak bilduz. Baina era berean, ez zion muzin egin adierazkortasunari, sarrerako markesina erraldoiaren eta beste hainbat elementuren bitartez -dorrea, esate baterako-, eraikina hirian nabarmentzea nahi zuen, eta modu zoragarrian lortu zuen. Horrela, Luis Astiazaran arkitektura industrialaren tipologian aurrekaria izan zen bezala, Lopez de Uraldek eraikin horrekin gasolindegien eta kotxe tailerren tipologia guztiz eraldatzea lortu zuen eta etorkizunerako onerako baldintzatu ere.

Arrazionalismoan murgildutako bigarren fase horren amaiera bi urte beranduago etorriko da 1937an Errioxan, Haro herrian zehazki, Vega lorategiko musika kioskoa diseinatu eta eraikitzen duenean. Lan horretan, Goya gasolindegiko antzeko elementuak erabiliz -funtzionaltasuna, arrazionalismoa, hormigoia, eraikinaren kolore zuria, markesinaren adierazkortasuna-, Lopez de Uraldek berriro ere eraikin liluragarria burutuko du. Garai hartan historizismoa eta eklektizismoa oraindik nabarmenki nagusi ziren heinean, horrelakorik lortzea harrigarria eta txundigarria izan zen.

Baina beste arkitekto askoei gertatu zitzaien bezala, Gerra Zibila amaitzen denean Erregimen frankistak modernotasuna eta arrazionalismoa Errepublika eta ezkerreko mugimenduekin lotuko du. Horren ondorioz, berriro ere historizismoaren aldeko apustua egingo du, bere ustetan estilo horren bitartez erregimenaren asmoak eta ametsak hobeto gauza zitezkeelako. Historizismoen artean, inperio garaiko arkitektura izenekoa nabarmendu zen, El Escorial errenazimendu garaiko eraikinean oinarritzen zen estiloa.

Beraz, hirugarren fase horretan Lopez de Uraldek ere estilo horietan inspiratutako eraikinak altxatu zituen -etxebizitza blokeak-, lehenengoak apainduraz beteak, Herran kaleko etxadian (1941) argi eta garbi ikusi liteken bezala, baina beste bi adibidetan onartu beharra dugu apaindura zertxobait baztertzea lortu zuela, eta Bakearen kalean aurrena (1947) eta Probintziaren plazan ondoren (1949), Lopez de Uraldek elementu arrazionalistak eta adierazkorrak, neurri batean espresionistak garaiko apaindurarekin konbinatzea lortu zuela.

Berrogeita hamargarren hamarkadaren bigarren erdian, azkenean Lopez de Uraldek historizismoa guztiz baztertzea lortu zuen eta urte horietan lan askorik ez bazuen egin, geratu zaizkigun ereduetan argi ikusten da bere hizkuntza arkitektonikoa arrazionalismora itzuli zela. Horren adibide da 1956an Lopez de Uraldek zuzendutako XIX. mendeko eraikinaren zaharberritze prozesua. Jatorrizko eraikina Helduentzako Hezkuntza Zentroa bihurtu zuen, guztiz funtzionala, elementu arrazionalez osatuta eta elementu adierazkorrik erabili gabe.

Jose Luis Lopez de Uralde 1966an Gasteizen hil zen 69 urte zituelarik.

  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • MAS SERRA, E. 50 años de arquitectura en Euskadi. Vitoria-Gasteiz: Gobierno Vasco, 1990.
  • MENDIETA, J.M.; OLAZABAL, M.; SANZ ESQUIDE, J.A. Archivo de arquitectura en el País Vasco años 30. Bilbao: Gobierno Vasco-Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, Delegación de Bizkaia, 1990.
  • MOYA, A; SAENZ DE GORBEA, X; SANZ ESQUIDE, J.A. Arte y Artistas vascos en los años 30. San Sebastián: Diputación Foral de Gipuzkoa, 1986.
  • MOZAS, J.; FERNANDEZ, A. Vitoria-Gasteiz. Guía de Arquitectura. Vitoria-Gasteiz: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 1995.
  • SOBRINO, J. Arquitectura industrial en España, 1830-1990. Madrid: Cuadernos de Arte Cátedra, 1996.
  • URRUTIA, A. Arquitectura española siglo XX. Madrid: Cátedra, 1997.