Ikastolak

Lezoko ikastola. Lezo

Ikastolaren hasierako data 1968 aipatu arren, ezin ditugu ahaztu aurrez ere izan ziren euskarazko ikastola sortzeko egitasmoak. Gerra Zibilaren aurretik Lezoko herriak izan zuen euskara hezkuntzara zabaltzeko nahia, horrela Agustina Lizarazuk lehendik eta Miren Gezalak 30eko hamarkadan haur eskolako gelaren bat zabalik izan zuten. Gerra Zibilarekin, ordea, azken honek, herritik alde egin behar izan zuen eta lehen saiakera hura bertan behera geratu zen.

Hauek hasitakoak izan zuen segida 50. hamarkadaren amaiera aldera. 1958an Manuela Larreak, Kale Nagusian Haur Eskola jarri zuen. Eskola honetan 3 urteko haurrak hartzen zituen eta urte batzuk lanean aritu zen bertan, euskaraz irakasten. Baina euskarazko irakaskuntzaren aldeko ekimenak hainbat gizarte eremuetatik ez ziren begi onez ikusten eta horrela eskola nazionaletako irakasleek andereño hau denuntziatu egin zuten maistra titulurik ez zuelako. On Ignazio Esnalek, Lezoko apaizak, gertatutakoa jakin zuenean Hezkuntza Ordezkaritzan egin zituen egin beharreko tramiteak eta doktrina moduan elizaren babesean hartu zuen Haur Eskola. On Ignaziok jakin zuen bere Seminarioko ikasketak, maisu tituluan konbalidatzerik izango zuela Valladoliden azterketa batzuk egin ondoren. Horrela lortu zuen, bera eskolako maisu titularra izanez, haur eskola hura zabalik mantentzea. Axun Larrea, Manuelaren laguntzaile aritu zen. Ikastolarekin batera Gau Eskola ireki zen eta bertara euskara ez zekiten gurasoak edo gazteak joaten ziren euskara ikastera.

Eskola honetara gero eta ikasle gehiago hurbiltzen joan ziren eta 1968an ikastola bihurtu zen. Lezo Haundia parkean jarri zuten modulu prefabrikatu batean eman zituzten aurreneko urteak.

Agustina Pontesta izan zen aurreneko andereñoa, maistra hau titulurik gabe hasi zen Ikastolan. Mari Karmen Goñi izan zen Lezoko ikastolako lehen andereño tituluduna. Egoera horrelakoa izanik, hango irakasle guztiak tituludunak ote ziren begiratzera Guardia Zibilak ere sarri joaten ziren, eta hauek saihesteko hainbat argudio erabili izan zituzten ikastola kideek.

Urte hauetan Anastasio Zapirain, Jose Miguel Treku, Luke Gezala... indar handiz heldu zioten proiektuari. 70eko hamarkadan, ikastola asko hazi zen, ehun bat familia biltzeraino 1976an Lezoko Ikastolaren titular berria izendatu zen, Gaztetxulo S.A., aldaketa honen zergatia zera izan zen, Pasai Antxo, Donibane, S. Pedro, Trintxerpe eta Lezoko ikastolen elkartzea. 1979an Donibanen Lizeo berria egin zen, ikastola guztiak elkartuz.

  • Pasai-Lezo Lizeoa. Ibilbide baten historia. Pasaia: Pasai-Lezo Lizeoa, 2001.
  • Agirre, P. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.