Dantza

Legazpiko Ezpatadantza

Praka, alkandora eta galtzeri zuriak, zapi txuria ere buruan eta banda eta faja gorriak. Horrela jantzita, dantzari guztiak udaletxetik elizara laguntzen dituzten herriko agintariak. Horrela ematen diote hasiera egunari. 15 gazte guztira: gida, ezpata motzeko hiru dantzari eta ezpata luzeko beste hamaika. Elizatik buelta udaletxera eta bertan ezpata dantza dantzatzen dute.

Ezpata luzeko dantzariak enparantzara irteten dira gidariaren atzetik. Bi ilarak sortzen dituzte lehenengo, ilara bakar bat bihurtuz ondoren. Enparantzari bira bat eman ostean, ezpata motzeko hiru dantzariak sartzen dira. Hiru dantzari hauek udaletxeko balkoian dauden agintariei begira ezartzen dira (gaur egun agintariak eta Olari Saria jasotzen dutenak udaletxe aurrean baina plazan esertzen dira) bere atzean gidaria eta ezpata luzeko dantzariak kokatzen direlarik. Gidaria, ilara utzi eta ezpata motzeko hiru dantzarien aurrean kokatzen da, berak bakarrik paseoa dantzatuz. Dantza amaitu, agurtu eta bere lekura, gidariaren lekura, itzultzen da.

Pixkanaka gidaria eta ezpata luzeko dantzariak mugitzen hasten dira eta ezpata luzeak gidariaren inguruan biltzen dira (gidariaren lepoaren inguruan parrilla edo arrosa bezala ezagutzen dugun figura sortuaz). Parrilla osatzear dagoenean, ezpata motzeko hiru dantzariek dantzari ekiten diote. Paseoarekin hasi eta, ondoren, zortzikoa eta ezpata motzeko jokoa burutuko dute. Beraiekin batera, agintariak ere "egingo" du dantza hau. Izan ere, ezpata motzek paseoa dantzatzen zuten bitartean, gidaria ezpata luzeez osatutako parrilara igo da. Ezpata motzen soinua entzun bezain pronto, aurrean kokatuta dauden ezpata motzeko dantzariekin batera ezpata mugimenduak egiten hasten da.

Dantza amaitu, gidaria parrilatik jaitsi eta bi lerrotan kokatuz (ezpata motzeko dantzariak aurretik, hori bai), enparantzatik irteten dira.