Eskolak

La Salle ikastetxea. Usurbil

Usurbilgo ikastetxeak irekita egon zen bitartean Lehenengo Hezkuntza eman zuen, nahiz eta, aurreko paragrafoetan aipatu dugun bezala, Hastapen Profesionala 1960an hasi. Denbora pasatzen zen heinean, eredu honek bi maila ezarri zituen eta, horren ondorioz, ikasleek eskola honetan beraien ikasketak bukatzen zituztenean, beste Lanbide Heziketaren eskola batzuetan jarraitzen zuten.

Beste aldetik, 1953an ikasleek lortu zituzten emaitzak oso onak izan ziren eta bi urte beranduago "Historikoa" idazten zuenak iruzkin "pozoitsu" bat egin zuen: "ikasle guztiei asko gustatzen zaie ikastea eta interesa handia erakusten dute, batez ere, Hizkuntzaren arloan, (...) lortzen ari diren aurrerapenak izugarriak dira, zailtasun handiak dituzte eta". Dakigunez, Usurbil herri euskaldun bat zen eta hau ez zen idazlearen gustukoa. Ordea, Anaiak oso pozik bizi ziren herri txiki honetan eta egoera eskolarra ikusita, Gau Eskola sortzea proposatu zuten eta martxan jarri zuten: "herri honen irakaskuntzaren arloan hutsunea ikusita eta eskaleen desioak betetzeko, zeinek ezaguera batzuk onartu nahi zuten, Gau Eskola hasiko da". Esperientzia hau hurrengo urtean errepikatu zuten eta egunero 19etatik 20etara, gazte batzuk, hogeita hamarren bat, eskolara joaten ziren oinarrizko ezaguerak ikastera beraien garaian baliabiderik ez zeukatelako.

Aipatu dugunez, zentroaren proiektu berritzailea curriculum profesionalarekin hasi zen eta 1962an Hastapen Profesionala hasi zen, nahiz eta lehenengo zailtasunak agertu "uste genuen, adituen hitzetan gure konfiantza jarrita, gure zentroak oniritzia berehala lortuko zuela, baina Gipuzkoako Lanbide Heziketaren Batzordearen batek bisita bat egin zigun eta behin betiko EZ bat esan gabe, alderdi batzuk ikertu behar zituela aipatu zigun. Bestela, Madrilera txosten kaltegarri bat bidaliko zuela esan zigun. Ordea, pixkanaka-pixkanaka paperak betetzen joan ginen eta espero duguna berehala etorriko da". Hurrengo urteetan zentroak materiala erosi zuen prestakuntza hobetzeko. Hori dela eta, 1964tik egoerak normalizazioa lortu zuen eta, azkenean, zentroak bi maila zituen Lanbide Heziketan edo hastapen Profesionalean.