Arkitektura

La Encartada. Arkitektura

La Encartada, artillezko jantziak ekoizten zituen enpresa bat zen, bere txapelengatik ezaguna egin zena. 1892ko urtarrillaren 14ean sortu zuten enpresa, Balmasedako Pañueco auzoan. Marcos Arena Bermejillo, Juan Bautista Hernández Gorriti eta Martín Mendía Conde balmasedatarrak, eta Santos López de Letona Aposta eta Domingo de Otaola Urioste Bilbotarrak izan ziren sozietate anonimoaren sortzaileak. Fabrika iraun zuen 100 urtetan, Markos Arena indiano sortzailearen familiaren eskutan egon zen kudeaketa. Lehen urtetan, teknikari ingeles, frantses, belgiar eta katalanak izan zituzten maisu lanetan. Langile soil gehienak Balmaseda eta Burgosko Mena Haranekoak ziren. Langileen artean, esanguratsua izan zen emakumearen papera, gizonezkoak baino gehiago izateaz gain, lan konplexuena haien esku baitzegoen.

Fabrikaren garapenari dagokionez, honen une gorena 1910 eta 1935.urteen artean eman zen. Epe honetan 130 langilez osatuta zegoen plantila eta enpresak hainbat produktu ekoizten zituen; besteak beste, txapelak, biserak, buru-estakiak, galtzerdiak, bufandak, matazak, harilak, oihalak eta burusiak. Guda Zibilan, Euskadiko ejerzitoarentzat lana egin zuen, egunero 150 burusi eta beste zenbait osagarri ekoiztuz. Guda ostean, produktu ugari fabrikatzeari utzi zioten, ondorioz, 1940 eta 1960 urte bitartean txapelak besterik ez zituzten egin. La Encartada beherakada mantso bat eduki zuen 70.hamarkadatik aurrera, 1992an bere ateak itxi arte. Gainbehera honen arrazoiak hainbat izan ziren: alde batetik, ehungintzan lanean zeuden beste enpresek internazionalizaziorantz jo zuten La Encartada ez bezala, horrek dakarren konpetitibitate faltarekin; bestetik, Europak izan zuen krisialdi energetikoak ere isla izan zuen Balmasedako fabrikan; azkenik, txapela geroz eta gutxiago erabiliz joan zen jantzia zen, eta gainera, erabat zaharkituta zeuden ekoizpen-bide teknologikoak zituen fabrikak.

La Encartada, XIX.mendeko "fabrika integral" baten adibide ezin hobea da: bere energia sortzen zuen, ekoizpen prozesua osorik egiten zuen (lehengailen manipulaziotik produktuen paketatze eta merkaturatzera), mantenurako tailerra eta langileak zituen, eta osagarriak ziren hainbat azpiegitura zituen (langileentzako etxeak, eskolak, kapera,...). XIX.mendeko beste fabrika askotan bezalaxe, La Encartadak irin-errota eta burdinola baten presa zaharra eta kanala erabili zituen energia hidraulikoa probesteko. Motor bakar batek mugitzen zituen fabrikako makineria osoa; ardatz, polea eta larruzko uhal sistema batek eramaten zuen energia fabrikazio gailu bakoitzera.

Eraikinaren antolaketari dagokionez, garaiko industrian oso ohikoa zen modura egin zuten. Aurrealdean eraikin errepresentatiboa topatu dezakegu, eta honen atzean ekoizpen gune osoa, guztiek bolumen trinko bat osatzen dutelarik. Aurrealdeko eraikina hiru solairuz osatuta dago, eta bertan kokatzen dira bulegoak eta etxebizitza.

Produkziorako eremua bi solairuz osatuta badago ere, tipologikoki nabe-fabrikarekin du zerikusia, funtsean nabe lineal sorta batez osatutako pabiloi bat baita. Lehen solairuan dagoen fabrikazioarako pabiloia, 3,50 bider 7 metroko zutabe-erretikula batez osatuta dago oin-planoan. Tarte handiena zurezko zertxa egitura batek estaltzen du, tarte txikiena ordea zurezko habe batzuk. Egitura sistema hau oso ohikoa izan zen XIX.mendeko beste fabrika askotan, Tolosako Boinas Elosegui edo Bergarako San Antonio kotoi-fabrikan estate baterako. Nabe-linealez osatutako pabiloi hauetan, argiztapena bi isurialdetako teilatuen gailurretik eta fatxadetako karga-hormetako bao bertikaletatik egiten da. Solairu honek produkzio kate osoa jasotzen du: artilearen xehetzetik txapelen azken akabera arte. Hasiera batean, fabrika lau nabe-linealez osatuta bazegoen ere, enpresaren arrakasta zela eta, 1900.urtean beste bi nabe lineal egitea erabaki zuten, seiko multzo bat osatuz.

Behe solairuan, mantenurako tailerrak, biltegiak, energia sistema (turbina, alternadoreak,...) eta lehengaileen lehen manipulaziorako erabilerak zeuden (koloreztatzeko putzua esate baterako). Lehen solairuan bezalaxe, harrizko karga-horma sendo batek osatzen du fatxada, barrualdea burnizko zutoinez, eta gangatila zeramikoz eta habexka metalikoz osatutako solairuez eraiki zuten armazoia.

Fabrikaz gain, beste hainbat eraikin topatu ditzakegu La Encartada-ko kolonian. Batetik langileen etxebizitzak ditugu, "Casas de La Plazuela" izenekoak (1892-1894) eta "Etxe berria" (1907-1908) izeneko blokea. Azken hauekin batera kapera bat eraiki zuten, astean zehar eskola zereginetarako erabiltzen zena.

La Encartada-ko eraikina, balio dokumental azpimarragarria du arkitekturaren ikuspegitik, XIX.mendeko fabrika integral baten berri ematen baitigu. Baino ezbairik gabe, bere barrualdean dagoen makineria da La Encartada Museoaren altxorrik preziatuena. Produkzio-kate osoa egiteko erabiltzen ziren gailuak mantentzen dira, egoera oso onean gainera. Aipagarriak dira besteak beste, museoan topatu ditzakegun, artilea pikatzeko eta kardatzeko makinak Manchester (Platt Brothers), Belgika (Celestin Martin) eta Kataluniakoak (Joaquín Barcina), ohialak egiteko "jacquard" makina ikusgarriak, ehungailu jarraituak La Constructora Mecánica de Sabadell etxekoak, edo Voith etxeko turbina ikusgarria.