Kontzeptua

Kurrika forjariak

Legazpiko Patrizio Etxeberria SA (Bellota) enpresan, erreminta eta pieza forjatuetan espezializatuak ziren, eta bertan burdin-lanketarako kurrika asko erabiltzen zituzten iraganean. Hori zela eta, kurrikak lantegiko hiru sutegietako batean egiten ziren. Azken hamarkadetan, Rikardo Mediavilla aritu zen lanean sutegi horretan, eta gero bere semea, izen berekoa.

Ricardo Mediavilla (Villamurriel de Cerrato, Palencia, 1928)hamazazpi urte zituela hasi zen errementaritzan, ikastun gisa. Bost urte beranduago bere lantegia ireki zuren Boadilla del Caminon (Palencia). Bertan, inguruko nekazarien beharrei erantzuten zien, besteak beste goldeak konpondu, golde muturrak eta bestelako piezak egin eta zaldiak ferratzea ziren lan nagusiak.

Lan guztiak eskuz egiten zituen, elektrizitatea argiztapenerako bakarrik erabiltzen zuen. 1950eko hamarkada erdialdera, nekazaritza mekanizatzen hasi zen, eta traktoreak nahiz bestelako makinak agertzen hasi ziren. Ondorioz, errementari lana galtzen hasi zen. Orduan, Patrizio Etxeberria SAk lanpostu bat eskaini zion lantegian, eta 1959an aipatutako enpresan hasi zen lanean errementari, zehazki lantegiko sutegi batean.

Sutegi bakoitzean ofizial bat eta bere laguntzaileak egiten zuten lan, lantegian behar ziren kurrikak egiten. Horrez gain, kakoak, uztaiak, galdaragintzarako era guztietako jantak, konponketak eta era horretako beste lanak egiten zituzten.

14 urte zituela bere semea Ricardo Patrizio Etxeberrian hasi zen lanean. Beste errementariek erretiroa hartu eta Ricardo geratu zen lantegiko errementari bakar bezala.

1990ean, enpresan egin zituzten berrikuntza eta aldaketen ondorioz, errementaritza atala itxi egin zuten. Orduan, Rikardo Mediavillak lantegiko makinak erosi zituen eta bere lantegia jarri zuen. Bertan errementari-kurrikak egiten zituen enkarguz, betiere bezeroen eskarien arabera. Gehienetan inguruko estanpazio bidezko forja industriakoak, hesigintza artistikokoak eta horrelako industriatakoak izaten ziren. Lan guztia artisau-errementariek betidanik erabiltzen zituzten teknika eta metodoak jarraituz egiten du.