Kontzeptua

Komisario bidezko testamentua

Bizkaiko, Aiarako, Gipuzkoako eta Nafarroako oinordetza-fiduzien jatorria kokatzeko, doktrinak mendetako ohituren praktika aipatzen du, bada, arau-iturri zaharrenen artean, haiek idatziz jasota Lur Lauko iturrietan bakarrik agertzen badira ere (1452ko Foru Zaharraren CXXVI. legea, eta 1526ko Foru Berriaren XXI. tituluko III. legea), lurralde guzti haietan notarioaren aurrean egindako formulario eta protokoloetan "komisarioaren" figura, erdi aroz geroztik bereziki, maiz eta erruz erabiltzen baitzen.

Bizkaiko iturriek (eta horiek bakarrik) erregimen berezia emateaz arduratu izanak badu, segur aski, arrazoi bat: Gaztelako zuzenbidearen eraginez, bere antzera egitea, kontuan izan behar baita hura zuzenean aplikatzen zela hiribilduetan eta, osagarri gisa, Lur Lauan ere. Gaztelako zuzenbidean, Errege Foruak (III. liburuko, V. tituluko, VI. legea) jadanik jasoa zuen testamenturako ahalordea emateko praktika zabaldua; urte batzuk geroago, Erromako zuzenbidea nabarmenki jasotzearen ondorioz, jaraunslea eta legatuduna izendatzeko oinordetzako eskuordetza debekatu egin bazuten ere Partidek (6. Partidetako III. tituluan XI. legea), 1505eko Toroko Legeek berreskuratu zuten figura (XXXI-XXXIX -CÁMARA LAPUENTE-). Hala eta guztiz ere, Toroko erregimenak, oso zehatza izanik, zuhur jokatzen du erakundea arautzean eta, horrela, batetik, emandako ahalak oso argi eta garbi zehaztutakoak izatea eskatzen du komisarioen aldetik gehiegikeriak ("fraudes y engaños") ekiditeko, eta, bestetik, ahala baliatzeko epemuga luzaezina ezartzen du eta, kasurik hoberenean, oinordetza irekiz geroztik urte bete eta egun bat baino lehen baliatu beharko da. Toroko Legeetan jasotako araudia, gero, 1567ko Bilduma Berrira pasako da eta, beranduago, 1805eko Bilduma Txit Berrira.

Hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Berriak, komisario bidezko testamentua esanbidez arautuz, batik bat Gaztelako zuzenbidearen argitan eta eraginez itzalita geratzeko arriskuan zeuden bi printzipio hauek sendo uztartzea nahi izan zuen: lehena, ahalordea baliozkoa izango dela nahiz eta

"el Testador en su Testamento, e postrimera voluntad, no haya nombrado, ni declarado a qual de sus hijos, o decendientes, o successores le hayan de heredar, o los Comissarios nombrar, y elegir"; y segundo, que, comoquiera que el poderdante podía fallecer dejando descendientes "o profincos [...] pupilos, y pequeños, y de tal edad, y condicion, y calidad, que los Comissarios no pueden convenientemente elegir, ni instituir entre los tales menores, qual es el mas idoneo, o habil, o suficiente, o conveniente a la Casa, para heredar, o regir toda la Casa, y Caseria",

ahalordea baliatzeko dagoen epea, urte bete eta egun batekoa, kontatu beharko da haiek adin-gabeak izateari uzten diotenetik. Gainera, Lur Lauan ondoren zabaldutako usadioaren poderioz, zeinaren arabera ezkonberriak, ezkontzako kapitulazioak egiteko garaian, testamenturako ahalordea elkar ematen zioten ("alkar-poderoso") eta berau baliatzeko ahalmena epemugarik gabe luzatuz bestalde; ondorioz, legeak ezarritako muga hura apurtu egiten da behin-betiko.