Kontzeptua

Kaskabeleta

Pla Pla, Kalaka

Kaskabeleta baserritar eta nekazari giroko euskal haurrek erabili dituzten hots-tresnetako bat da. Kalaka eta kanaberaren tipotakoa da idiofono motakoa den perkusiozko tresna hau, baina kasu honetan, fruitua bildu ondoren moztutako arto landare baten makilarekin egina da. Honi, muturretik erdialderaino luzetara ebaketa batzuk eginda, kirtenetik helduta astinduz, sortutako xaflek elkarren kontra talka eginez egiten du hotsa.

Aita Donostiak euskal soinu-tresnei buruz argitaratutako idatzian esaten duenez, kaskabeleta bat egiteko arto makil bati luzetara, hiru ebaketa egiten zaizkio. Modu horretan lau xafla edo taulatxo sortzen dira, eta kaskabeleta astinduz, hauek elkarren kontra talka egiten dute hotsa eraginez. Nafarroako toki batzuetan bi ebaketa bakarrik egiten omen zituzten eta "kalaka" izena ematen zioten. Kaskabeletak hots gehiago eman dezan arto makila berde xamar egotea komenigarria omen da. Mutikoek egiten dituzte (Donostia, 1983).

Antzuolan beste modu batean egiten ziren hots jostailu hauek. Han arto makilari ebaketa bakarra eginez, bi xaflako kaskabeletak erabiltzen zituzten. Kirtenetik hartu eta astinduz kalakarekin egiten den bezala bi xaflek talka egiten dute hotsa eginez.

Lekeitioko haurrek egiten zituzten eta jolasten zuten arto makilazko "pla pla" izen onomatopeikoa duten kaskabeletekin. Arto makilari luzetara ebaketa bat edo bi eginez, Lekeitiokoak bi eta hiru xaflakoak ziren.

Bakarka edo taldeka, kaskabeletarekin joko eta esaldi erritmiko ezberdinak jo daitezke bai jolasteko, kantatzeko edo dantzatzeko.

  • BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain, 1996.
  • DONOSTIA, Padre. "Instrumentos Musicales Populares Vascos". Obras Completas del Padre Donostia (2. alea). Bilbo: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca, 1983; 257-309 orr.
  • Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa. Haur-jolasak eta jostailuak / Juegos y Juguetes del Museo Vasco de Bilbao. Euskal Museoa Bilbao. Bilbo: Museo Vasco-Fundacion Bilbao Bizkaia Kutxa, 1998.