Ikastolak

Karmelo Etxegarai Ikastola. Azpeitia

Azpeitian Ikastolaren aldeko ekimenak 60ko hamarkadaren hasieran eman ziren. Ikastolaren sorrera gogoratzerakoan kontuan izan behar dugu euskararen alde zegoen mugimendua eta baita herrian zegoen Kongregazio bat, Luistarrena. Jesuiten eskuetan zegoen Elizaren mugimendu honek urte hauetan euskal kulturaren inguruak hainbat ekimen antolatu zituen: helduekin alfabetatzen lanak, gaztetxoekin eskola irtenaldiak, euskal kantak, euskal gramatika lantzea... eta lan horiekin batera euskaraz irakurri eta idazten irakasten hasi ziren. Euskal kulturaz arduratzen zuen talde horrek Karmelo Etxegarai zuen izena, azpeitiar idazlearen oroimenean, eta hortik datorkio Ikastolari izena.

Herritarren ekimenari esker, 1965-66 ikasturtean ireki zituen bere ateak Ikastolak, ikastetxearen titularra Eliza izanik. 1968an Gobernari Zibilak, "Salbuespen Egoera" ezarri zuen eta egoera politikoa euskal kulturaren aurkakoa izanik, Elizaren babesa ezinbestekoa izan zuten jarraitzeko. Ikastolak aurreneko gelak 1965ean "Centenario" deitzen ziren etxeen azpian ireki zituen. Urte gutxitara OHO-ko ikasleentzat Loiolako Basilikaren eranskinean dagoen gela batzuetan aurkitu zuen kokalekua. 1970ean txikientzat Sanjuandegi auzoan lokal berriak prestatu ziren.

1970ko hamarkada esanguratsua izan zen politikoki, eta zer esanik ez Ikastolaren garapenari dagokionez. Ibilbide honetan 1978ko ekainaren 9an titular aldaketa ematen da. Orain arte Elizaren zen Karmelo Etxegarai Ikastolak, jabe berria izango du aurrerantzean Izarraizpe Kooperatiba Elkartea (Elkarte hau Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Ikastolek osatzen zuten). Ikastolaren hazkuntzak urrats berriak ematera behartzen du Ikastolako Batzordea. 1978-79 ikasturtean, Azpeitiko Ikastolak lekua behar eta berriro ere Ikastetxe Publikoak utzitako gelak, okupatu zituen, Oktogono eraikinean. Batetik bestera ibili ondoren, 1981-82 ikasturtean ireki zen Sanjuandegi auzoko eraikin berrian, eskolaurreko ikasle denak jasoko zituena, Euskal Herrian kalean. Urteak aurrera eta 1984-85 ikasturtean berriro ere arazo berbera errepikatu zen, ikasgelak falta. Ondorioz Ikastolako irakasle eta ikasleek herriko liburutegia eta udaletxeko pleno aretoa okupatu eta klaseak ematen aritu ziren hainbat astetan, presio gisa. Ondorioz Ikastetxe Publikoan lekua utzi behar izan zuten Ikastolako haurrentzat, horrela Perdillegiko eraikinera Karmelo Etxegaraiko Ikastolako 4 ikasgela pasa ziren. Ikusten denez, urte luzez gune ezberdin eta bitxietan egon ziren Ikastolako ikasleak.1979. urtean ospatu ziren aurrenekoz Ikastolen Festa, Kilometroak, Azpeitian.

1980an Loiolako basilikaren eraikinean zeuden geletan Batxilergoa antolatu zen, garai hartako Balioanizdun Batxilergo Bateratua (BBB), Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako ikasleentzat, hasieran OHOko ikaslek egon ziren geletan. 1985ean, lehengo Batxilergoez gain, Ertainetako Irakaskuntzen Erreforma hasi zen ematen (14-18).

1990 hamarkada urte gatazkatsua izan zen Urola bailarako Ikastolentzat. 1993ko maiatzaren 24ean egindako bi bozketetan honako emaitzak eman zituen: Publikoa -pribatu aukeraren aurrean erabakia hartzea- hau erdia gehi bateko gehiengoz erabaki zen- eta emaitzak hauek izan ziren : Publikora 838 (%60,33) eta pribatura, 551, (%39,67); bigarren bozketa kooperatiba desegiteaz zen, eta honetarako 2/3, bazkideen hirutik bi behar ziren, batzarrari erabakia eskatu eta hauek izan ziren emaitzak: bai 802 (62,41%) eta ez 483 (% 37,58) .

Herrian eztabaida gogorra izan zen lege honek bideratzen zuen publifikazioaren aldeko eta kontrako bazkideen artean. Gaztaka langile, herritar eta herriko alderdi politikoengana ere hedatu zen.

Maiatzaren 25a pasata, behin betiko erabakia argitu beharra zegoen eta sare publikoaren hautua egin arren batzarraren gehiengoak, kooperatiben legeak zera eskatzen zuen horrelako erabaki bat hartzeko gutxienez bi herenen babesa izatea. Gatazka judizializatu egin zen eta negoziaketa luze eta gogor baten ondorioz Ikastolaren zatiketa eman zen. Egoera gatazkatsua 1996 arte luzatu zen eta 1995an zenbait guraso, ikasle eta irakasle Karmeko Etxegarai utzi eta sortu berria zen Azpeitiko Ikastola -Ikasberri Kooperatibara joan ziren. Behin-betiko erabaki legalak hartu gabe egon arren, eztabaida judizializatuta zegoenez, Karmeko Etxegaria Ikastetxeak Ikastetxe Publiko gisa hasi zen, Administrazioaren onespenarekin.

1996ko martxoaren 13an, Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastetxearen izen espezifikoaren aldaketarako baimena eman zuen, Jaurlaritzak, ikastetxeak Azpeitiko Ikastola-Karmelo Etxegarai izena hartu zuen. Ondorengo egunean etorri zen Ikastetxe Publikoa sortzeko agindua.

1996ko martxoaren 14an, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, Inaxio Oliveri Albisu izanik, honako agindua eman zen: Azpeitiko Ikastola- Karmelo Etxegari, Zestoa Ikastola eta Azkoitiko Ikastola-Xabier Munibe izeneko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta BBBko herri ikastetxeak sortzeko ziren urtarrilaren 25eko 53, 54 eta 55/1994 dekretuen betearaztearen etenaldia kentzea eta dekretu horiek beren indarraldia hartzea berriro 1996ko martxoaren 1etik aurrera.

Horrela alde batetik Administrazioak onartu egin zuen Karmelo Etxegarai Ikastola publiko bihurtzea, publifikazioaren aldekoek eskatzen zuten bezala, eta publifikazioaren aurka aritu zirenek, Ikastola bezala identifikatuta jarraitzea erabaki zuten guraso eta irakasleek, aukera izan zuten Azpeitiko Ikastola-Ikasberri Kooperatiba legeztatzeko.

Publifikazio prozesuaren ezarpenak alde batetik eta, bestetik Erreforma entzutetsuaren ezarketak aldaketa nabariak ekarri zituen. OHOko ikasketak desagertu ziren eta beste plangintza berri bat martxan jarri. Hezkuntza Sailak Eskola Mapa berri bat eratu zuen eta honek eraketa berri bati hasiera eman zion. Aldaketa hauen arabera publifikatutako zentro publikoa honela banatuta gelditu zen: Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza alde batetik eta Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI beste aldetik, bien arteko harreman historiko estua mantentzen dutelarik.