Ikastolak

Jesusen Bihotza Ikastola. Villabona-Zizurkil

Villabona eta Zizurkilgo Jesusen Bihotza Ikastola, garai batetan herri honetan funtzionatzen zuten hiru ikastetxeren bilkuraz sortutakoa da.

Jesusen Bihotza Ikastetxea zen horietan handiena. Oinarrizko Batxilergoko Ikastetxea zen eta Hezkuntza Ministeriotik ofizialki legeztaturik zegoen bakarra. Villabonako Berria kalean, 55. zenbakian (Zentroan) zegoen kokatuta. Ikastetxe honen jabetza eta titularitatea Jesusen Bihotza Parrokiaren eskuetan zegoen. Eraikin hau Gipuzkoako Aldundiak eta Zizurkilgo Udalak eraiki zuten II. Errepublika garaian landa-eskolen garapenerako plangintzaren barruan. Bertako maisu eta maistrak aldundiaren langileak ziren, euskaldunak eta irakaskuntzarako euskarazko azterketa pasa behar izan zuten. Gerra ondoren eskola hau eskola nazional bihurtu zuten.

San Jose Ikastetxea zen ondorengoa, Gurutzeko Alabak lekaimeek zuzendua. Eraikinaren jabetza Villabonako Udaletxearena zen. Eskolaurre eta Lehen Irakaskuntzarako baimendua zegoen, neska batzuk Batxilergorako preparatzen bazituen ere.

Santio Ikastola hiruretan txikiena zen eta ikasleen gurasoak zuzendua zegoen. 1965eko uztailean, Zizurkilen sortu zen11 haurrekin, orain Zizurkilgo Botika dagoen lokaletan (Ernio bidea kalea, 2 - Benta Txuri etxea),. Garai hartako Ikastolaren sorreran aritutako guraso batzuk izendatzearren: José Antonio Amondarain, Andoni Ariznabarreta, Juan Segurola eta Joaquín Tuduri aipatuko ditugu.

1966.go urtarrilean Botikako lokaletatik Arantzazuko Ama Parrokiako "Club Infantil" izeneko lokalera pasa zen Zizurkilgo Parrokiako Guraso Elkartearen baimenez. Inspekzioaren aurrean Katekesiako gela modura agertzen zen. Hasieran Ikastolako ikasleek, Ikastetxe publikoko maistraren babespean egon ziren (irakasle bezala honek figuratzen zuen). Haurren kopurua 40raino igo zenean, Ikastolako Juntakoek Villabonako Parrokiako Guraso Elkartekoekin harremanetan jarri ziren, euren haurrak Zentroko Jesusen Bihotza Ikastetxean soberan zeuden geletan kokatzeko eskatuz. Eskakizuna onartu eta baimena eman zitzaien Jesusen Bihotza Ikastetxeak gela horiek behar ez zituen arte. Ikastolaren legalizazioaz ez dago idatz agiririk, baina garai hartako arduradunen esanetan, badirudi 1968. urtean lortu zela. Handik aurrera haurren kopurua igotzen joan zen, 1971-72 ikasturtean 4 andereño zituelarik. Hauen artean Mª Karmen Agote aipatuko dugu eta baita berari laguntzen aritu zen Gloriatxo Astiasaran.

1972-73. ikasturtean OHOko lege berriaren arabera Ikastolak, Jesusen Bihotza eta S. Jose Ikastetxeekin fusionatu behar izan zuen. Lege berri honek ikastetxe pribatuei gutxienez zortzi unitate eta berauei zegozkien zerbitzuak edukitzera behartzen zituen. Baldintza hauek betetzen zituen ikastetxe bakarra Jesusen Bihotza Ikastetxea zen. Honen ondorioz, baldintzak betetzen ez zituen San José Ikastetxea eta Santio Ikastola, beronek absorbiturik gelditu ziren. Elkartze honen ondorioz sortu zen Jesusen Bihotza Ikastola, titularra Jesusen Bihotza Parrokia zelarik.

1973-74 ikasturtean lortu zen estreinako aldiz, Hezkuntza Ministeriotik, OHO-rako diru laguntza. Villabonako Ikastola subentzioa jasotako lehenetariko bat izan zen Gipuzkoan. Ikastola berri hau bi eraikinez osaturik zegoen, bat Parrokiarena zenb Zentroa eta bestea Udaletxearena, Lekaimeen Eskola-Mojen Eskola. Bigarren hau gerora bota beharra izan zen, leku hartatik bariantea zihoanez, baina beronen truke Herri Lan Ministerioak beste zortzi unitate eta beharrezko zituen zerbitzu guztiekiko Ikastetxe berri bat eraiki zuen Villabonako Txermin auzoan. Bere jabetza Villabonako Udalarena izaten jarraitzen zuen, lur-zorua berorena baitzen. Usufruktua Ikastolari eman zitzaion. Ikastolaren ikasleria garai horretan ugaritzen joan zenez, Ikastolak hazkunde honek sortu zizkion arazoak gainditu beharrean aurkitu zen. Txermingo eraikuntzan lebante bat egitea lortu zen.

Zizurkilen ere, garai batetan Eskola Nazionala izandako ikastetxeaz, baliatzen hasi ziren bertako haurrak eskolaratzeko, Pedro Mª Otaño Eskolak eraikuntza berri bat egitea lortu zuenean. Eusko Jaurlaritzak Ikastetxe hau Ikastola bezala antolatzeko eta egokitzeko obra kostuak bere gain hartu zituen. Eraikin honen jabetza Zizurkilgo Udalarena izaten jarraitu zuen, Ikastola beronen usufruktuarioa bilakatu zelarik. 2012an, beraz, Jesusen Bihotza Ikastola hiru ikastetxeetan finkaturik dago: Zentroko Ikastetxean (Berria kalean), Txermin Ikastetxean (Txermin auzoan) eta lehen Pedro Mari Otaño izandako Ikastetxean (Zizurkilgo Elbarrena auzoan).

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Jesusen Bihotza Ikastola [Web]. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 23].