Kontzeptua

Jaurgoa

Erdi aroan zehar Euskal Herrian nobleziako eta elizaren mendeko jaurerriak izan zirela ikusi ahal izan dugu, lurraldeen gaineko edo jurisdikziozko eskumenak zituztenak. Jaurerrien sorrerarekin lotutako ezaugarri asko mantendu egin ziren garai modernoak aski aurreratuta zirelarik ere. Hala ere, Euskal Herrian mundu hiritarra hedatu zen eta horrek mugatu egin zituen nolabait jaurgoen hedapena, jaurerrien tamaina nahiz bertan garatzen ziren eta haien bilakaera baldintzatu zuten funtzioak. Jaurgoa ardatz funtsezkoa izan zen feudalismoan, eta bizi-sistema edo gizarte-sistema izatera iritsi ez bazen ere, gizartea gidatzeko sistema bat izan zen, zeinaren bidez gizarte-oreka jakin bat egituratu zen. Jaurerria, arlo instituzional edo sozioekonomikoari so, teorikoki haren baitan ziren biztanle guztien segurtasuna eta nolabaiteko "ongizate-egoera" helburu zuen organismo bat zen. Hortik dator bidegabekerien aurrean babesteko eta defentsarako ideia zintzoa. Praktikak errealitate askoz korapilatsuagoa izan zela erakusten digu.