Arkitektura

Jabiergo gaztelua

Javiergo gaztelua Nafarroako erdialdean kokaturik dago, Zangozatik 8 kilometrotara, eta eraikuntzaren jatorria X. mende ingurukoa da. Erdi Aroko gotorleku hau arroka biziaren gainean altxatu zen eta gaur egun, martxoaren hasieran, milaka nafarren jomuga izaten da "Xabierraldia" esaten zaion herri erromesaldi ezagunean.

Egun berezi honetan, Nafarroa osoko milaka lagunek dozenaka kilometro egiten dituzte oinez Santua gurtzeko. Tradizio honen sorrera 1886.urtekoa da, izan ere, San Frantzisko Xabierkoari eskakizun bat egin zitzaion garai hartan, momentuan Nafarroa hondatzen ari zen kolera izurriaren aurka laguntzeko eskatuaz. Izurriak atzera egin zuen eta ondorioz, esker onean, Xabierrera erromes joatearen promesa gauzatu zen.

Gazteluak bertako hiriaren izena du eta hau antzinako etxebarri izenaren eboluzioa omen da: exaberria, exabier eta xabier Xabier. Nafarroako eta misioetako zaindaria da, bai eta Espainiako turismokoa ere. Eraikinaren identitateari dagokionez, orain arte hiru izaera desberdin eman zaizkio, jauregi izaera, erlijio santutegia eta azkenik eraikuntza militarra.

San Frantzisko Xabierkoaren bizitzari erreparatuz gero, familia noble batean jaio zen, eta Joan Jatsukoaren eta Maria Azpilkuetakoaren seigarren semea izan zen. Xabierren aita gizon garrantzitsua zen Nafarroako erresuman. 19 urte zituela, Frantzisko Parisera joan zen Sorbonako unibertsitatean ikastera eta bertan ezagutu zuen San Ignazio. Azken honekin batera sortu zuen Jesusen Konpainia Xabierrek eta momentu hartan lotu zitzaion munduko bazterretan Berri Ona erakusteari. Hamaika urteko ibilbide gorabeheratsua izan zen munduko bazterretan emandakoa, eta Afrika eta Asiako hamaika herrixka eta hiritan barrena ibili ziren. Baina tamalez, bidaia honen bukaera 1552ko abenduaren 3an eman zen, Javier biriketako minak jota hil zenean, 46 urte besterik ez zituela. Momentu hartan Txinako inperioan sartzeko zorian zegoen. Bera ibilitako leku guztietan bere bizitza eta lanaren arrastoa mantentzen da bost mende beranduago, eta bere sorleku den Nafarroan, asko maite eta miresten dute bere ibilbidea.

Eraikinak hiru atal dituela esan genezake, hauetako bakoitza antzinatasunaren arabera mailakatuta gelditzen delarik. Dorre nagusia, "San Migel dorrea" izenekoa da alde zaharrena, hau da, gaztelua sortu zuen dorre-talaia. Baina dorre nagusia ez ezik, ziegak eta kapera ere esanguratsuak dira. Kaperan margolan desberdinak aurki ditzakegu, gurutzefika gotikoa eta hormetan Heriotzaren Dantza irudikatuz eta gazteluan bertan jaiotako Frantzisko Xabierren omenezko museoa ere aurki dezakegu.

Gazteluak X. mendearen azken aldean jatorria izatearen arrazoia ez da edozein, izan ere, garai hartan, seinaleak egiteko dorre bezala eraiki zuten. Kokaleku estrategikoa zen hura, Nafarroako eta Aragoiko erresumen artean. Honen eraginez, areagotu egin zen bere gotorleku tankera eta, ondorioz, dorre horren inguruan eraiki ziren gazteluaren atal guztiak. 1516an, aldiz, Cisneros kardinalak agindurik, gazteluaren zati handi bat suntsitu egin zuten.

Beranduago, XIX. mendearen bukaeran, Xabierko basilika eraiki zuten. 1952ko zaharberritze lanek bere hasierako itxura itzuli ziotelarik gazteluari eta, gaur egun, defentsak eta egiturak mantentzen dituela esan genezake, hala nola, kanoi-lehioak eta gezileihoak.

Gazteluaren basamentuetan oinalde musulmanak daude, ustez X. mendekoak izan litezkeenak. XI. mendeko inguruan barrutia eraiki zuten, antzinako gelak sortua. Ondoren, XIII. mendean, bi atal poligonal eta beste bi dorre gehiago ezarri ziren. Oinplano angeluzuzena duen dorrea da, almena erregularrez errematatuta dagoena.

Gazteluko ate nagusia gurutzatu ondoren, harrizko erliebe bat nabarmentzen da, aingeru eusleek bereizitako hiru armarri dituena. Familiaren armarriak dira hauek. Soto oinean aldiz, zalditegietatik igaro ondoren, garai bateko upeltegiak ikus daitezke.

Hurrengo solairuan gaztelu zaharraren garaiko elementu desberdinak, Santuaren oroigarriak eta behinolako eraikinaren maketa daude ikusgai gaur egun. Museo hau hiru ataletan banaturik dago: eraikinaren historia alde batetik, Xabier eta Nafarroa historia bestetik, eta pinakoteka berriz azkenik. Azken horretan, Maes pintorearen margolan flandestarrak nabarmentzen dira. Azkenik, arrapala baten bitartez gazteluko gainerako aretoetara gertura gaitezke.

Armarrien gelari dagokionez, hau Frantziskoren gurasoen armarrien bidez apaindua dago, bai eta bere leinuaren zuhaitz genealogikoaren bitartez ere. Ondoren aurki dezakegun harrizko atea zeharkaturik, gela nagusi edo handian sar gaitezke. Harrera egiteko lekua eta familiaren bizitokia zen hura garai batean. Hemendik gora jarraituaz Unduesko dorrearen eskaileretatik gotorlekuaren defentsarako erronda-pasabideraino iritsiko gara. Erronda-pasabidetik ohikoa izaten zen erasotzaileei harriak eta olio irakina botatzea. Gaur egun otoiztegia bezala erabiltzen den eremua, gara batean kaperauen gelak izan ziren, eta bertatik gazteluaren hasierako gunera ailega gaitezke.

Omenaldi-dorrearen inguruan bi gela daude. Dorrea Nafarroako tipologia honetako eraikuntzarik zaharrena da. Alde batean San Frantzisko Xabierkoaren gela izan zena aurkitzen da eta bestean berriz, San Migel kapera, hau da, gazteluak izan zuen lehendabizikoa.

Alboan kokatzen den terrazan kokatuz gero gazteluaren kokaleku estrategikoa nabaria da eta bertatik izugarrizko ikuspegiak antzeman daitezke, toki aparta benetan.Iparraldean, Leire mendia; mendebaldean, Aragoi ibaiaren ibarra; ekialdera, Aragoiko muga; eta hegoaldera, azkenik, plaza eta Castellar izeneko dermioa.

Gazteluko atontoa eta Kristo Sainduaren kapera bisitatzeko, dorrearen oineraino jaitsi beharko gara eta ondoren pasabide batek igaro. Xabierko Kristoren irudi gotiko ikusgarria aurkituko dugu bertan. XVI. mendeko tailua da hau, intxaur zurean egindakoa. Tradizioaren arabera, irudi horrek odola izerditu zuen Santua hil zorian zegoelarik. Herio-dantza irudikatzen duen Erdi Aroko fresko-lan dramatiko batez inguraturik dago eta dantza hau irudikatzen duen lan gotiko bakarra da Espainian.

Eskailerak jaitsi eta arma-patiora iritsiko ondoren poternatik ateratzeko. Eremu honetan, eskailera zaharra dago eta ondoan, gazteluaren egitura hausten duen eraikina aurki dezakegu, hau da, XIX. mendean eraikitako basilikaren horma. Leku hartan jauregi berria eraikiarazi zuten Frantzisko Xabierkoaren gurasoek, hau da, Santua jaio zen tokian.

Gaztelu inguruko eremuaz gain Basilika eklektikoa ere gomendagarria da. Bere fatxadan Xabierren bizitzari lotutako gaia desberdinak ageri dira eta santuaren jaiotzaren V. mendeurrenaren harira, erabilera anitzeko esparru bat eraiki da -Frantzisko Jatsukoaren gela- 1.300 lagunentzako tokia duena. Honez gain, Georg Schurhammer erakusketa gela ere bertan ikus genezake. Bertan ikusgai dago Frantzisko Xabierkoaren biograforik handienaren artxibo pertsonala, bereziki Erromatik ekarritakoa.