Kontzeptua

Ituren eta Zubietako Inauteriak

Irudikapen horretan asko dira elementu nagusi edo mozorro motak.

  1. Zintzarri eta kanpaien eroalea: Joalduna edo Joareduna. Dokumentuen arabera, buruan jartzen den kono formako txapelaren izena ere hartzen du: ttuntturroa. Zanpanzar edo Zanpantzar izendapena arraroa suertatzen zaie herri horietako biztanleei eta, dirudienez, literaturan baino ez da izen hori erabiltzen.
  2. Hartza eta bere "jabea" Joaldunen segizioan ikus daitezke. Haur eta neskatoak harrapatzen ahalegintzen dira. Hartza lurrean biraka aritu ohi da eta hainbat oinezko botatzen ditu. Antzina segiziotik at ibili ohi zen eta, gaur egun, zenbait momentutan ere halaxe ikus dezakegu.
  3. Mozorroak bakarka edo taldeka ibili ohi dira. Ospakizuneko alderdi anarkikoena osatzen dute.
  4. Azkenik, lau gurpil edo gehiagoz hornitutako karrozak ditugu segizioan. Haien gainean antzezpen laburrak egiten dira eta desfilean igarotzen dira segizioan barna, ikusmin handia sortzen dutelarik. Festaren alderdi sortzailea dira eta urtero gaiak eta antzezpenak berritu egiten dira.

Zubietako Joaredunak alkandora eta gonazpiko zuriz janzten dira, gorputz-enborra larruz estaltzen dute eta haren gainean zintzarri handi nahiz txikiak lotzen dituzte. Horrez gain, zapi urdin karratuduna lepagainean, praka urdinak, gomazko abarkak eta kono formako txapela garaia, lumazko apaingarriz eta zintzilikatutako xingolaz hornitua; eskuan, berriz, isipua.

Iturengo Joaldunek alkandora zuriaren ordez neguan erabiltzeko alkandora beztitzen dute, gorputz-enborraren inguruan larrua eta, horrez gain, sorbaldan ere larruak ipintzen dituzte. Azkenik, koloredun zapiak erabiltzen dituzte, kolore gorria nabarmentzen delarik.

Hartza artilez janzten da goitik behera eta zati ezberdinak elkarlotzen ditu gorputz osoa estaltzeko. Buruan katamalo adarduna, hartzarena baino beste animalia baten itxura ematen diona. Jabeak katez lotuta eramaten du.