Udalak

Iltzarbe

Hirigunea aldapan dago, kale bakar batekin eta eliza toki altuenean dagoela. Gaur egun ez dago Iltzarbeko garai bateko jauregiaren aztarnarik, Nafarroako Erresumako Armeria Liburuan bere armarria agertzen den arren. Kalearen hasieran oinplano karratuko etxetzar bat dago, hiru solairuekin eta lau isurialdeko tailatuaren azpian. Murruek ohiko trataera daramate, luzitu zuri batekin, eta harlanduzko kateekin hormoinean, baoen markoetan eta hormataletako izkinetan. Beheko solairuan erdi puntuko atea dago, gehi bi leiho, lehenengo solairua bi leiho eta erdiko balkoia, eta ganbaran hiru argizulo daude. Kalearen beste aldean atxikitako bi etxe daude, lur malkartsuari egokituak. Goian dagoenak "L" formako oinplanoa du, gehi bi solairu eta zuraje ikusgarria duen teilatua. Murruak harlanduz egina daude, leihoak zuzenak dira, eta erdi puntuko atea du. Goialdean armarri barroko sinplea dago, kasketekin eta eusten dioten bi lehoiekin. Inskripzio batetan honako hau irakur daiteke: ESTAS ARMAS SON/ DE ANTONIO HERI/ CE Y DE SUS DES/ CENDIENTES 1711.

Aurrerago etxe xume bat dago, oinplano luzearekin eta bi solairu gehi ganbararekin. Murruak harlankaitzaz egina daude, gaur egun luzitu gabe, eta leihoak zuzenak dira, sarrera erdi puntuko arku bat den bitartean. Alboko kale batetik "Iturrikoa" etxea dago, iturri batetik gertu, bere izena adierazten duen moduan, eta gainontzeko etxeetatik aparte. Oinplano karratuko etxetzar sendoa da, hiru solairuekin eta hegal luzeko lau isurialdeko teilatuarekin. Murruak luzituak ditu, ohiko salbuespenekin, eta bao gutxi eta txikiak ditu, inoiz eraldaketa sakonik ez duela izan adieraziz. Atea erdi puntuko arkua da, eta leihoak zuzenak. Gertu, garbitegi publikoa dago, harraska errektangeluarrarekin eta bi isurialdeko teilatuarekin estalita.

Kale nagusira itzulita atxikitako bi etxe xume daude, lehenengoa erdi puntuko atearekin eta bestea ate dintelatuarekin. Jarraian oinplano karratuko etxe exentua dago, hiru solairuekin eta lau isurialdeko teilatuarekin. Murruak luzituak daude, hormoina izan ezik, eta harlanduzko kateak daude izkinetan, baoen markoetan eta atearen inguruan dagoen hormatal triangeluar batean. Ondoan dagoen kale txiki batetan, elizaren parean, aipatutako ezaugarri formalak errepikatzen dituzten beste bi etxe daude.

  • Baselizak

Pérez Ollok San Andres eta San Migel aipatu zituen, gaur egun galdu diren arren. Lehenengoaz, 1797. urtean Igual de Soria gotzain ikuskariak bisitatu zuela dakigu, San Andresen irudi titularra konpontzeko agindu zuelarik, bitartean bertako gurtza debekatuz. San Migelen baseliza, bestalde, desagertu zen hilerria handitu zenean.

  • San Estebanen Parrokia

Erdi-aroko tenplua da jatorriz, XIX. mendean izandako erreforma batek bere itxura asko aldatu zuen arren. Oinplanoan bi zati oso ezberdinak bereiz daitezke. Lehenengo bi tarteuneak txikiagoak eta estuagoak dira, eta 1200. urte inguruan eginiko fabrikari dagozkio. Hurrengo bi tarteuneak, XIX. mendekoak, luzera ezberdina dute eta zabalagoak dira, bigarrenak burualde zuzena bezala funtzionatzen duelarik. Sarrera Epistolaren aldeko murruan irekita dago, hirugarren tarteunean eta handitako zonaldean beraz, eta aterpe batekin babestua doa. Pareko murruan koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena dago, eta sakristia burualdeari itsatsia dago, bere luzapena balitz bezala, eta oinplano errektangeluarra duen gela da.

Murruak harlanduxka txikiez osatuak daude, XIX. mendeko eraldaketari dagozkion hormataletan handiagoa eta hobeto eskuairatuta. Barnealderantz harlandu isodomoen itxura imitatzen duen dekorazio luzitua du, baita arkuteriak, eta Pasioaren eta Jaunartzearen sinboloak. Barnealde honi behar bezalako argiztapena emateko, lunetazko itxura duten bi leiho ireki zituzten Epistolaren aldeko murruan. Habeartearen oinetan, bestalde, koru jaso modernoa dago, arku beheratuaren gainean.

Erdi-aroko bi tarteuneek kanoi-ganga zorrotza jaso zuten, profil bereko arku fajoiekin antolatuak, eta XIX. mendeko handitzean erdi puntuko kanoi-ganga erabili zuten, sakristian bezalaxe.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehenengo tarteunearen gainean altxatu zuten, Nafarroako erdi-aroko landako tenpluetan normala zen bezala. Fuste motz trinkoa du, goialdean kanpaiak kokatzeko baoak ireki bazituzten ere. Hegoaldean atxikitako aterpea tamaina ezberdineko erdi-puntuko bi arkuekin irekita dago, gehi albo batetan dagoen hirugarren arku bat. Ateari dagokionez, zapore zibileko arku beheratu sinplea da.

Presbiterioan XVIII. mende erditsuan eginiko erretaula barroko berantiarra dago, San Estebanen izenean. Trazari dagokionez bankua du, atal bakarra gehi atikoa, esekitako bitxiez osatutako apaindurarekin, hau da, "pinjante" izeneko dekorazio motarekin. Arkitektura guztia orbelaz osatutako apaindura barrokoarekin doa. Ikonografiari dagokionez, trazaren garaikidea da, eta atalean aurkitu dezakegu San Jose, San Esteban eta San Frantzisko Xabierkoa, atikoan gotzain bat, San Lorenzo eta Kalbarioa dauden bitartean, azken honen Gurutziltzatuak berrerabilitako XVII. mendeko lan erromanista ematen duelarik. Sagrarioa ere XVII. mendekoa da. Erretaula honetatik gertu erdi-aroko bataio-ponte bat ikus daiteke, fuste motz zilindrikoarekin eta dekoratu gabeko katilu semiesferikoarekin.

Epistolaren aldeko murruan eta sarreraren ondoan XVI. mendeko ur bedeinkatuko pontea dago, fuste ildaskatuarekin eta katilu molduratu semiesferikoarekin. Sakristian Gurutziltzatu barroko bat dago, XVII. mendean eta estilo barrokoan egina, baita zilargintza-lan batzuk ere.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 515-516 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 479-482 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 120 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 220 orr.
  • MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 247. zk.

JAS 2009