Arkitektura

Ignacio Aldecoa Kultur Etxea. Gasteiz

Ignacio Aldecoa Kultur Etxea Gasteizko Florida etorbidean kokatua dago, La Florida parkean bertan. Parke hau XIX. mendean diseinatutako lorategi botanikoa da: antzina lorezainaren etxea eta Larramendi fabrika aurkitzen ziren tokian kokatua dago egungo Kultur Etxea. 1976. urtean zabaldu zituen ateak Antonio Fernández Alba -2004ko abenduaz geroztik Espainiako Errege Akademiako kidea dena- eta José Erbina Arregui gasteiztarrak diseinatutako eraikinak. 1979. urtean Olaguibel Saria eskuratu zuten lan honekin. Bi arkitektook, bestalde, Arabako beste hiru proiektutan ere egin zuten lan elkarrekin. Halaber, parkearen mugakide den Euskal Parlamentuko eraikinaren 1982. urteko erreforma José Erbinak berak egin zuen Julio Herrerorekin elkarlanean.

Kanpoaldeak kontrajarritako elementuen joko dotorea du ezaugarri: azal leuneko paramentu oso irekiak. Oro har izaera funtzionalista dauka, formak leundu eta testuinguruarekin integratzea laguntzen duten ukitu organizistekin. Gorantzako lerro zuzenak dira nagusi, nolabaiteko estetika gotizistaz, azal zimur eta ildaskatuko horma itsu eta kurboekin tartekatzen direnak. Honek ez du eraikinaren irudia zatartzen, areago, La Floridako molde erromantikoko parkean modu ezin egokiagoan integratzen da. Parkearekin topatzen den zonaldean, eraikinak bereziki gardena den aparteko bolumetriaz erantzuten dio orubearen izaerari, fatxada parkera irekiaz eta lorategien ikuspegiak eraikinarekin bat egitea lortuaz. Gainontzeko fatxadak, aldiz, inguruko eraikinekin topatzen direnak, itsuak dira orokorrean. Hormigoi ikusizko eraikuntza du egitura-elementuetan, eta zementuzko elementu aurrefabrikatuak itxiduretan.

Bi bolumenetan banatua dago, bost eta hiru solairukoak. Batean publikoari zuzendutako funtzioak biltzen dira, irakurketa aretoa, liburu denda, hitzaldi aretoa, erakusketa aretoa eta liburutegi publikoa, esaterako. Liburutegi hau, egungo eraikinera ekarri baina lehen, egun Euskal Parlamentuak okupatzen duen eraikinean zegoen. Beste bolumenean biltegiak antolatzen dira.

Barnealdean, deigarria da argiztapen naturala eskuratzeko argizulo borobil handien erabilera, azken solairuko kontsulta aretoaren zabalera osoan zehar banatuak. Behe solairuan, hemeroteka, 180 pertsonara arteko edukierako areto nagusia eta erakusketetarako espazioa daude. Lehen solairuan, erabiltzaile gazteentzako haur saila dago, irakurri eta kontsultak egiteko lekuarekin, baita komikiteka, txiki-txokoa, 42 ikasmahai dituen gazteen txokoa, eta bien artean kokatutako gurasoentzako liburutegia ere. Bigarren solairuan, berriz, 196 irakurtzeko leku dituen kontsulta gela dago, ordenagailu bidez biltegi zaharraren kontsulta egin daitekeelarik. Mailegu atala lehen eta bigarren solairuetan banatzen da.

Erbina eta Fernández de Albak Gasteizen egindako arkitekturan, Kultur Etxean bezala, beren lehen lanetako printzipio organizistetatik gertu dagoen bilakaera hauteman daiteke oraindik, hala nola Santiagoko ospitalean 1975ean egindako erreforman, edota urte bereko Cervantes Pasealekuko etxebizitzetan. Azken hauek Gasteizko hirian lehenak izan ziren etxebizitza familiabakarren eta etxebizitza-bloke urbanoen bitarteko proposamen bat plazaratzen. 1976. urtean Araba kalean egindako etxebizitzak ere, hain ezaguna ez den arren, antzeko printzipioak jarraitzen ditu. Euren lanak arkitekturak hiriaren konfigurazioan duen paperaren inguruko planteamendu garaikideen isla ere badira.

  • Edificios - construcciones. Kontsulta data: 2015eko abendua.
  • COMISIÓN OLAGUIBEL, DEL COLEGIO DE ARQUITECTOS. V Premio de Dibujo Olaguíbel: La Florida. El Correo egunkaria, 2007ko abenduaren 11.
  • G.CRESPO, Txema. Antonio Fernández Alba | Arquitecturas. Comprensión entre teoría y práctica. El País egunkaria, 2001eko Abuztuaren 4a.
  • NOGALES RODRÍGUEZ, Miguel ; IBÁÑEZ VALLEJO, Ana Isabel. Artea Gasteizen: Eraikuntzak, eskultur lanak, eta hiraren irudigintza. Cf.: Gasteiz: bizia, paisaia eta sinboloak. Oiartzun (Gipuzkoa): Sendoa, 1994. Or. 258-269.
  • MOZAS, Javier; FERNÁNDEZ, Aurora: "Vitoria-Gasteiz: guía de arquitectura". Gasteiz: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, 1995.
  • Ignacio Aldecoa Kultura Etxea - Vitoria-Gasteizko Liburutegi Publikoa. Kontsulta data: 2015eko Abendua.