Kontzeptua

Herri Musika Taldeak

Herri musikan, bestelako musika estilo eta formetan bezala, musika aberastu nahian aspaldidanik, betidanik ez esatearren, eta horretarako inguruko baldintzek posible egin duten neurrian, soinu-tresna taldeak osatzeko joerak izan dira.

Askotan egoera ekonomikoak izaten ziren nolako taldeak osatuko ziren baldintzatzen zutenak. Besteetan inguruak berak eragiten zuen. Herri txiki edo hiri handia izateak, plaza eta kale txiki edo handietan ibiltzeak asko baldintzatzen zuen, baita hezkuntza eta kultur ezaugarriek eta mailak ere. Eta zalantzarik gabe, garai bakoitzeko gizartearen musikaren erabilerak, gustuak, helburuak eta funtzioak izan dira halako talde osaketetan eragin handia izan dutenak.

Musika taldeak esparru, giro eta inguru ezberdinetan ibiltzen ziren: herri festetan, ospakizun ofizialetan, prozesio erlijiosoetan, plaza eta aretoko dantzaldiak musikatzen, eskale gisa herriko kale eta plazak girotzen, ...

Musika talde txikiak askotan senideen artean osatzen zituzten: anaiak, aita-semeak, ... Modu horretan etekin ekonomikoak familian geratzen ziren.

Fiesta de ciegos en las vascongadas

Fiesta de ciegos en las vascongadas. Valeriano Becquer. El Museo Universal.1

Euskal Herrian horrela izan da historian zehar, eta ezagutu diren talde motak, gehienetan, aurreko baldintza orokor horietan oinarriturik sortu izan dira.

Horrela, ezagutu dira gure aurreko jular edo juglar de arpa, de violin, de tamboril ... Hauek askotan eskale gisa ibiltzen ziren musikariak izanik, pertsona bateko soinu-tresna taldeak. Logikoa denez, hauek ahal izanez gero bakarrik jo nahi zuten, etekinak garbiak izateko, baina bestalde, musikalki produktu osatua eta erakargarria eskaini nahi zuten.

Modu horretan agertzen dira gure dokumentu zaharretan bi soinu-tresna batera jotzen dituzten soinulariak, gure danbolinteroak edo txuntxuneroak alegia. Hauek, esku batekin flauta joaz melodia emanez, eta aldi berean bestearekin danbolina edo ttunttuna (sokazko danborra) joaz erritmoa markatuz, soinu-tresna orkestra formazio sinple bat osatzen dute. Hau da historian zehar, Euskal Herri osoan, giro eta inguru ezberdinetan, azken mendeetan ikusten den musikarietako bat.

Xirolarrua eta harpa bezalako polifonikoak diren soinu-tresnek osatzen dute nolabaiteko musikari bateko taldea. Hauek beren bi, hiru tutu edo gehiagorekin eta bi eskuz jotako soka askorekin, musikalki soinu-tresna monodikoek baino askoz gehiago betetzen dute eta taldearen funtzioa egin dezakete. XIX. mendean soinu-txikia edo akordeoiak hartu zuen toki hori bere eskuin ezker jotzeko modu aberatsekin.

Musikari bat baino gehiago elkartzerakoan, monodikoak edo polifonikoak izanik, soinu-tresna melodikoen eta erritmikoen artean osatutakoa izan da taldekatzeko nahasketa nagusia.

Soinu-tresna melodikoen artean taldeak osatzeko bi joera nagusi izan dira:

  1. Tinbrika berekoen artean osatutako taldeak.
  2. Nahasketa tinbrikoaz osatutako taldeak.

Lehenengokoak dira, aspaldikoak badira ere, gaur egun oraindik ibiltzen diren txistularien taldeak eta dultzaineroen taldeak.

Bigarrengo metakoak, tokien, garaien eta funtzio tipoen arabera osaketa ezberdin anitzekoak dira.

Gure aitzinean nolako musika taldeak izan diren jakiteko, besteak beste hiru ikertzaile hauen lanak hartu behar ditugu kontuan:

  1. Aita Donostiaren Historia de las Danzas de Guipúzcoa-Instrumentos Musicales del Pueblo Vasco. Idazlan honetan soinu-tresnei buruzko informazio orokorra emateaz gain, hauen artean nolako taldeak osatu izan diren ikus daiteke.
  2. Jon Baguesek 1983an idatzitako Las Orquestas Populares en Euskal Herria. Lan honen izenburuak adierazten duen bezala, idazlan hau zuzen zuzenean gai honi buruzkoa da eta bertan dokumentazio zaharrean oinarriturik azken mendeetako informazio zabala azaltzen da.
  3. Jesus Ramosen Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII. Jesusek bildutako dokumentazioan XVIII mendean Euskal Herriko eskualde ezberdinetatik Iruñeko San Ferminetara nolako musika taldeak inguratzen ziren ikus daiteke.

Hona hemen Euskal Herriko festa, ospakizun eta herri bestelako ekitaldi ezberdinetan azken mendeetan agertzen diren musika taldeen osaketa ezberdinak:

  1. Bikoteak
  2. Hirukoteak
  3. Laukoteak
  4. Beste talde motak

1ARIZMENDI AMIEL, María Elena de (1976): Vascos y trajes. (Tomos I y II) Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones (RSBAP) Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián.