Ikastolak

Herri Ikastola. Orio

1960ko hamarkadan eman ziren Orioko Ikastolaren aldeko hasierako urratsak. Beste herrietako erreferentziak kontutan hartuz, herrian bertan ere zerbait egin beharra ikusten zuten hainbat herritarrek. Urte haietan Orion eskola bakarra zegoen, publikoa; eta baita bost urte arteko hezkuntza ahalbidetzen zuen Maria Maestra izeneko eskola partikularra, baina ikastolarik ez. Egoera hau ikusiz oriotar batzuk, tartean zenbait guraso, bilerak egiten eta proiektua hausnartzen hasi ziren. 1968. urtean jaiotako haurren zerrenda jaso eta etxez etxe galdezka hasi ziren ikasle bila.

Orioko Ikastola 1971n sortu zen. Hasieran ikastolari Katekesi eta Haur Kultura izena jarri zioten, egitasmoaren titularra Eliza zelarik, arduraduna Eugenio Garmendia eta helbidea Iturbide 2. Zenbakia. Baina berehala izena aldatu zioten eta Orioko Herri Ikastola S.L. izenarekin aipatzen da urte bereko irailean, Elkarte Mugatu honen arduradun berriak Mª Paz Izagirre eta Mª Teresa Manzisidor zirelarik.

1971n Ikastolak ateak ireki zituen Elizako saloian, hogei bat umerekin. Ondorengo bi urtetan, ordea, haur gutxiago izan ziren, hamabost bat inguru. Lehen urte haietan Ikastola Parrokiaren babespean egon zen eta lehen irakasleak Sagrario eta Joxe izan ziren. Hasieran Parrokiak utzitako lokaletan hasi zen; ondoren, Iturbide kaleko lokalak erosi eta Errasti gaineko lokaletan ere gelak egokitu ziren. Antolakuntzari dagokionez, hasieran Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolarekin, Anjel Lertxundi zuzendari zela, elkarlanean aritu zen. Orioko ikasleak eskolaurrea bukatu ondoren, OHO egitera Zarautzera joaten ziren.

1983an Iturbide kaleko Ikastola Txikitik, Abeslariko Ikastolara pasatu ziren. 1996an Derrigorrezko Eskolaldia 14 urtetik 16 urtera pasatu zen, eta Orion DBH ikasketak egiteko aukera Ikastolak bere gain hartu zuen. Urte horretan, 25. urteurrena ospatu zuen Ikastolak.

1999an Orioko Herri Ikastola kooperatiba bihurtu zen; guraso kooperatiba, hain zuzen ere eta irakasleak kolaboratzaileak izanik.

1993ko otsailaren 19an Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege honek eztabaida ekarri zuen Orioko herrira eta Ikastolara eta Kooperatibako Batzarrak ez publifikatzea erabaki zuen. 2003an Orioko Herri Ikastola Kooperatiba Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Herri Onura izendapena jaso zuen.

2004an, Salbatore Mitxelena Ikastolak, Antoniano Ikastetxeak eta Orioko Herri Ikastolak Zarauzko Oteitza Lizeoa eta Bitoriano Gandiaga Fundazioa sortu zuten. Modu honetan, ikastetxe sortzaileek DBH ikasketen ondorengoak Lanbide Heziketa eta Batxilergoarekin osatzeko aukera ireki zuten; 2 urtetik hasi eta 20 urte bitarteko hezkuntza, hain zuzen ere. Oteitza Lizeoa eta Salbatore Mitxelenarekin batera, Orioko Herri Ikastolak Kilometroak 2004 antolatu zuen; Itsaso Zahar Olatu Berri lemapean, lehenengo aldiz Ikastolen Festa, Kilometroak, Oriora ekarriz.

2009an Orioko Herri Ikastolaren DBHko eraikin berriaren inaugurazio izan zen, Eraikin berriak 3.000 metro karratu ditu eta gaur egun DBHko 126 ikasle hartzen ditu eta herriari irekita dagoen 200 pertsonentzako aretoa ere badu du. Eraikinak hiru milioi euroko kostua izan du, Ikastolak, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ordainduta.

2010eko urrian, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Eskola Iraunkorra ziurtagiria eman zion Orioko Ikastolari.



  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Orioko Herri Ikastola [Web]. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 23].