Ikastolak

Herri Ikastola. Anoeta

Anoetako Ikastolaren historiaz hitz egiterakoan, hirurogeigarren hamarkadan Euskal Herriak bizi izan zuen egoera sozio-politikoa gogoan izatea beharrezkoa zaigu. Egoera honen aurrean, euskarazko hezkuntza eta euskarari dagokionez, Anoetako guraso, gazte euskaltzale eta beste zenbait herritarrek egoera larri honi itzuli bat emateko asmoz Ikastola sortzea erabaki zuten. Asmoak errealitate bihurtzeko Tere Mozo, Eskola Nazionaletako irakasleak eta Anoetako guraso batzuk Guraso Elkartea osatu zuten. Ordurako gazteak osaturik zuten Herri Gazte Taldea. Bi taldeak batera Ikastolaren aldeko asmoa egia bihurtzen hasi ziren.

Erdi klandestinitatean zegoen eskolari, D. Ramon Muruak, Anoetako parrokoak, parrokiaren lokal bat eskaini zuen. Honela 1969ko otsailean sortu zen Anoeta Herri Ikastola, 23 ikaslerekin, Parroki Eskola bezala. Bertan aritu zen lehen andereñoa Eukene Sarasola izan zen. Hasierako urteetan, gastuak ordaintzeko gurasoek 500 pezetako kuota ordaintzen zuten.

Ikastolaren ofizialtasuna 1971n lortu zen eta Parroki Eskola, "Escuela Parroquial", izatetik Eskola Tituluduna "Escuela Titulada" izatera pasa zen. Ondorengo urtetan Parrokiak zituen lokaletatik, lekua behar eta, Herriko Plaza 2 zenbakira pasa zen, alokairu baten truke. Eukene Sarasola, Garbiñe Etxeberria, Marisabel Olano, Mª Jesus Tapia eta Koro Arregi izan ziren aurreneko andereñoak Tere Mozoren gainbegiratupean. 1974an Kale-berriko 2 zenbakian zegoen bajera erosi zen. Lokala erosi ondoren Ikastola erakunde juridiko bezala antolatzea erabaki zen, horrela 1980ko irailaren 8an Kooperatibaren forma juridikoa eman zitzaion. Ikastolaren titular berria Anoetako Herri Ikastola Kooperatiba Elkartea zelarik.

Ikastolaren beharrak ugaritzen joan ziren, horrela 1979-80 ikasturtean Udalak, Solkorre kaleko 6 zenbakian, gela bat utzi zion Ikastolari irakaskuntzarako. Herriko Ipurbeltz gazte taldeak ere bere bajera bat eskaini zuen. Pedagogiari dagokionez esan beharra dago Tolosa eta Ibarrako Ikastolekin harreman onak mantentzen zituela, esan baita Ikastola sortu zenetik Anoetako umeen zerrendak Tolosako Ikastolaren izenean sartzen zirela Hezkuntza Sailean aurrean. 1981-82 ikasturtean eskaintza zabalagoan emateko gai izan zen eta horrelaxe OHO-eko ikasketak Anoetako Ikastolan jarraitzeko aukera eman zuen.

1987-88 ikasturtean Ikastolaren egoitza berria errealitate bihurtu zen. Bide luzea izan zen, 1975ean ideia plazaratu eta 1986an hasi ziren obrak. Inaugurazio ofizial 1878ko azaroaren 15ean izan zen. Hasieran herriko Eskola Nazionalekin konpartituz, baina 1991-91. ikasturtean Ikastola bakarrik gelditu zen eraikuntza horretan.

1990-91. ikasturtean Anoetako eta Irurako Ikastolak -arlo pedagogikoan eta administratiboan bietarako zuzendaritza bat eginez, baina titularitate desberdinei eutsiz- elkartu egin ziren. 2012an Anoetako Herri Ikastolak, gizarte ekimenetik sortutako kooperatibak, 2- urtetik 16ra bitarteko ikasleei herri bertan heziketa eskaintzen die.

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Anoetako herri Ikastola, 25. Urteurrena. 1994 Iturriak bilduma
  • Anoetako Herri Ikastola [Web]. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 23].