Ikastolak

Haztegi Ikastola. Legazpi

Legazpiko Ikastolaren sorrera ezin dugu urte haietan Gipuzkoan gertatzen ziren gizarteko mugimenduetatik aparte aztertu. Sorrerari buruz esan beharra dago Elizaren inguruan biltzen ziren hainbat pertsonen artean sortu zela hasierako txinparta, lagunen batek esan zuenean herri batzuetan ikastolak sortzen ari zirela. Haietaz zekiten gauza bakarra zera zen hezkuntza-sistema berri batean oinarritzen zirela eta erabat euskaraz lan eginez. Iruzkin honen eraginez Jose Antonio Elortza Andoainera joan zen, herri hartan gauzatzen zen esperientzia ezagutzera.

1965. urteko larunbat arratsalde batean, Beasaindik ekarritako informazioarekin, eman ziren sorrerako hastapenak parrokiako aretoan egindako bilera batean. Bilera horretara Jose Ignacio Elortzak deitu zuen eta arrazoia zera zen Ikastola martxan jartzeko konpromisoa hartu behar zela, horretarako Batzordea sortu eta kuota jartzea proposatuz.

Lehenengo taldea honako hauek osatu zuten: Jose Inazio Elorza, Felix Castañares, Luis Bolinaga, Pako Urzelai, Jose Urzelai, Joseba Larrañaga eta Feliziano Lizarraldek. Ideia sortua zen, baina aurreikusi baino urtebete beranduago hasi ziren martxan, lokal arazoak medio. Ideia Gurasoen Famili Elkartera eraman zuten eta hau ere lanean jarri. Guraso Elkartearen bidez herrian girotze kanpaina eman zen hitzaldi eta ekimen desberdinak eginez. Azkenena Elizak utzitako parrokiako gelak prestatu ziren, dirua eta talde eragilea martxan jarri ondoren, ondorengo urratsa andereñoa aukeratzea izan zen. Nekane Arin aukeratu eta segidan Donostiara bidali zuten urtebeterako.

Eskola honek hasiera Parrokiko Eskola bezala eman zuen. Ikastolaren izena Kimu Berri zen eta titularra Academia Santa Cruz, Gurasoen Elkartea eta bere helbidea Parrokiko egoitza. 1967-68 ikasturtean hasi zen martxan Ikastola. 1968an legepeko salbuespen egoeran zegoen Gipuzkoa eta honen zailtasun handiak sortu zizkien ikastolei. Hala eta guztiz, 1968-69 ikasturte bukaeran 79 neska-mutil zebiltzan ikastolan, bi andereño eta 170 bazkide.

1969-70 ikasturtean Oinarrizko Heziketa Orokorrerako legeztapena eman zitzaion. Aurrerantzean, lege arazoak medio, Akademia Santa Cruz bezala agertuko da, ez Ikastola bezala.

Garai haietan, sorrera guztietan bezala, zenbait gauza finkatu beharra zegoen. Eztabaidetako bat erlijioaren inguruan eman zen, guraso batzuk kexa azaldu zutelako umeek otoitz egiten ez zekitelako. Eztabaida honen azpian zera zegoen ea Ikastolak jarrai beharreko ildoak nork jarri behar zituen gurasoek ala irakasleek.

1970-71 ikasturtean, ikastolak 180 ikasle zituen, Parrokiako 3 geletan eta Guraso Elkarteko Akademiako beste 3 gelatan banatuta. Ikasturte honetan hauek izan ziren andereñoak: Nekane Arin, M. Karmen Aranburu, Miren Alustiza, Marian Garmendia eta Itziar Azpiroz.

1972an Udalak ekonomikoki pauso garrantzitsua eman zuen, 1971-72ko ikasturteko garbiketa eta mantenu gastuak bere kargu hartu baitzituen.Urte hauetan Ikastolak bere egoera bideratzeko harreman estuak izan zituen Udalarekin eta baita ere beste eragileekin, La Salletarekin, Urretxuko Ikastolarekin, Santa Teresa eta Buen Pastor Ikastetxeko arduradunekin. 1976-77 ikasturtean Ikastolako ikasleak Buen Pastor- Artzain Onaren Ikastetxean sartu ziren, gelak behar baitzituzten. Aurrez Udala, Buen Pastor-Artzain Onaren Ikastetxekoak eta Ikastolakoak bildu eta horrela erabaki zuten, asmo hauek azalduz Patrizio Etxeberriarekin -herriko jauntxo nagusia- ere bildu ziren. 1980-81 ikasturtean Ikastolak Buen Pastor-Santa Teresa Ikastetxeekin zuen akordioa hautsi zuen. Hartu eman bihurriak izan ziren urte hauetan.

Eztabaida hauek ondorioa nabarmena izan zuten, horrela 1985ean La Salle-Santa Teresarekin elkartu zen. Ikastetxe berriak Ikastolak izaera eta izen berri hartu zuen Haztegi Ikastola, bere titularra Haztegi Ikastola Elkarte Kulturala eta bere egoitza Santikrutz 5.

1985eko urriaren 5ean ospatu zen Urretxu-Zumarragan Ikastolen Festa, Kilometroak, Legazpiko Ikastolaren laguntzaz.

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Euskararen bilakaera Legazpin mendetan zehar. 25.urteurrena 1967-68/1992-93 Haztegi Ikastola Legazpi
  • Ikastola aldizkaria, 182. zenb. Apirila.