Kontzeptua

Hauteskundeen eta alderdien sistemaren bilakaera Euskal Herrian

Euskal politikagintzaren azterketan parte hartu duten politologoen artean Euskadiko alderdien sistema definitzerakoan aurkitzen da adostasunik handiena: pluralismo polarizatua. Nafarroako Foru Erkidegoaren azterketari gagozkiola, erkidego hori azpigaratuagoa da horri dagokionez; dena den, hor ere pluralismo polarizatua dagoela esan daiteke, nahiz eta ez den horren argia.

3. taula
Nafarroako alderdien sistemaren adierazleak 1979-2003 bitartean (hauteskunde autonomikoak)
19791983198719911995199920032007

Iturria: berezko sorkuntza.

Parlamentu talde kopurua95856665
Parlamentu zatiketa (Pz)0.800.720.790.670.770.720.710.68
Alderdi kopuru efektiboa5.23.64.83.04.43,53,53.2
Lehen alderdiaren eserlekuak (%)28.540304034444644
Bigarren alderdiaren eserlekuak (%) 21.426283822222224
Bien arteko alde parlamentarioa (%)7.1142212222420
Lehen alderdiaUCDPSOEPSNUPNUPNUPNUPNUPN
Bigarren alderdiaPSOEUPNUPNPSNPSNPSNPSNNaBai
Eserleku kopurua bien artean (%)49.966587856666868
Gutxieneko gehiengoa parlamentuan22222222
Gobernatzen duten alderdi kopurua41113/1122

Giovanni Sartorik3 5-6 alderditan ezartzen du pluralismo polarizatuaren muga. 3. eta 4. tauletan ikus daitekeenez, baldintza hori NFE nahiz EAEan bete egiten da. Lehenengoan, 1991n eskuineko alderdiak batu ostean, alderdien sistema bost alderdiko sistema gisa geratu zen argi eta garbi: estatu mailako hiru alderdi nagusiak (UPN, PSN, IU) eta bi alderdi nazionalistak (HB eta EA). Dena den, berehala eskuinean beste haustura bat gertatu zen CDN sortu zenean. Horren ondorioz sei alderdiko sistema bat finkatu zen. 2003an ordea, ezker abertzalearen korronte batek beste alderdi politiko bat sortu zuen (Aralar). Horrenbestez, zazpi alderdiko sistema ezar zitekeen, hauteskunde-zerrendatik ohiko ezker abertzalea ilegalizatu eta kanporatu ez balitz. Azkenik, 2007an, euskal alderdi nazionalistek Nafarroa Bai koalizioa osatu zuten. Horrenbestez, bost parlamentu-taldeko panorama bat geratu da. Ilegalizatutako ezker abertzalea seigarren indarra izango litzateke jasotako baliogabeko botoak aintzat hartuz gero.

4. taula
Euskal Autonomia Erkidegoko alderdien sistemaren adierazleak 1980-2009 bitartean (hauteskunde autonomikoak)
198019841986199019941998200120052009

Iturria: berezko sorkuntza.

Parlamentu talde kopurua7577775 (6)*6 (7)*7
Parlamentu zatiketa (Pz)0.810.720.810.810.820.790.73**0.78**0,69
Alderdi kopuru efektiboa43.55.25.25.653.7***4.6***3,28
Lehen alderdiaren eserlekuak (%)41.742.725.329.329.328.044.0*38.6*40
Bigarren alderdiaren eserlekuak (%) 18.325.322.721.316.021.325.32433,3
Bien arteko alde parlamentarioa (%)23.317.42.78.013.36.718.7*14.6*6,7
Lehen alderdiaEAJEAJPSEEAJEAJEAJEAJ-EAEAJ-EAEAJ
Bigarren alderdiaHBPSEEAJPSEPSEPPPPPSEPSE
Eserleku kopurua bien artean (%)60684851454969.5*62.6*73,3
Gutxieneko gehiengoa parlamentuan223233222
Gobernatzen duten alderdi kopurua****1123/3/233/21.5/2.52.51

Euskadiri dagokionez, hauteskunde autonomiko guztietan zazpi parlamentu-talde zenbatzen dira, hiru salbuespenekin: 1984an eta 2001ean bost talde ditugu eta 2005ean sei. Jaitsiera horiek arerioen politika nabarmentzearen eraginez gertatu ziren nagusiki. Politika horrek mapa sinplifikatzea ekarri zuen, batez ere, nazionalismoaren eta zentralismoaren arteko gatazka indartu eta botoak dimentsio horietako erreferente nagusietara joan zirelako. Bi hauteskundeetan gertatu zen fenomeno horrek parlamentu zatiketa eta alderdi kopuru apalagoa ekarri zuen. Gainera, boto gehien dituzten alderdien portzentajea gainerako hauteskundeetan baino handiagoa da arerioen politika indartzearen eraginez.

Horren ondorioz, bi kasuetan Rae eta Taylorren parlamentu zatiketaren indizea handia da (3 eta 4 taulak), izan ere, Nafarroako 2007ko hauteskundeetan eta Euskadiko 2009ko hauteskundeetan izan ezik, indize hori 0,70 puntuen gainetik kokatzen da beti. Salbuetsitako hauteskunde horietan ezker abertzalearen botoak ez ziren zenbatu hura ordezkatzen zuten hautagaitzak ilegalizatuta zeudelako; horrek eragiten du hauteskunde horietan parlamentu zatiketa hertsiagoa izatea. Horri erreparatzeko beste modu bat Laakso eta Taageperaren alderdien kopuru efektiboari begiratzea da, zeinaren bidez informazio bera eskaintzen den eta tamaina erlatiboari dagokionez alderdi kopurua hobeto bistaratzen den.

EAEn parlamentu taldeen kopuru efektiboa 1984. urtean erregistratutako gutxienekoaren (3,5) eta 1994. urtean erregistratutako maximoaren (5,6) artean kokatzen da (dena den, aipagarria da gutxieneko hori 3,2 puntuan kokatu zela 2009an ezker abertzalea ilegalizatzearen ondorioz). Zortzi hauteskundeetako puntuak hartzen baditugu (2009. urteko emaitzak aparte utzita) batez bestekoa 4,6 puntukoa da eta, beti Blondelek4 alderdi nagusi bat duen alderdi anitzeko alderdien sistematzat hartzen duen 3,5eko langatik gora. Irizpide hori 1980., 1984. eta 2001. urteetako hauteskundeetan beteko litzateke, EAJ alderdiaren nagusitasuna zela-eta. Gainerako hauteskundeetan alderdien kopuru efektiboa 4,5 puntutik gorakoa da. Hortaz, ikuspegi kuantitatibotik alderdi nagusirik ez duen alderdi anitzeko sistema bat ondorioztatzen da. Dena den, alderdien sistema beste irizpide batzuen baitan ere badago, esate baterako, ideologikoa; hori dela eta, 2009. urtera arte EAJ alderdia izan da EAEko alderdien sistemako ardatz eragilea.

Orain arte adierazitakoa berretsi egingo dugu EAEn alderdien sistemari dagokionez Sartorik5 hura pluralismo polarizatu gisa definitzeko ezarritako zortzi ezaugarriak betetzen direla ikusita:

  1. Hauteskundeetan garrantzia handia duen sistemaren aurkako alderdi bat dago, hots, ezker abertzalea.
  2. Berretsi egiten da bi aldeko oposizioa dagoela, izan ere, ezinezkoa da ideologikoki aurkakoak diren alderdien arteko batasuna ematea, esate baterako PP eta ezker abertzalearen artekoa; horrek EAJ alderdiak duen nagusitasuna eragin eta berresten du, oposizioa ideologikoki oso zatituta baitago.
  3. Sistemaren ardatz eragile zentralaren tokia (ez da nahastu behar ideologia zentristaren kontzeptuarekin) EAJ alderdiak betetzen du eta gatazkaren ardatzekiko kokaleku zentrala du, bereziki, aldez aurretik aipatu dugun moduan garrantzitsuena bezala ageri den erdigune-periferia gatazkari dagokionez; gatazka horretan euskal gizartea auto-definitzeko erabiltzen den kokalekuaren erdian dago (nazionalismo moderatua). Horren ondorioz, polo anitzeko alderdien sistema bat ematen da, gutxienez hiruki erako elkarrekintzak ageri dituena. Bi poloek ardatz eragile zentral hori kritikatzeko joera dute eta, aldi berean, ez dute modu zentripetuan lehiatzeko grina, izan ere, zentroa dagoeneko hartuta dago. Horrenbestez, joera zentrifugoak indartu egiten dituzte beren poloetako hautesleak baitaratzeko asmoz, berezko jarrera erradikalizatzearen ondorioz. Horren guztiorren bi adibide oso egoki ezker abertzalea eta PP alderdia dira.
  4. Inork ez du zalantzan jartzen EAEko alderdien sistemako bi muturren artean dagoen polarizazio eta distantzia handia (PP eta ezker abertzalea).
  5. Normalean jarrera zentrifugoak nagusitzen dira zentripetuen gainetik, nahiz eta noizbait zentroko ardatzari mesede egin dion bulkada zentripeturen bat hauteman den, modu horretan, sistema haustea ekidinez. Arnasa hartu eta lehia zentrifugo logikora itzultzeko adina.
  6. Sortzetiko egitura ideologikoak ezadostasun politiko orokorrak izateaz gain, oinarrizko printzipio eta auzietan ere ados ez dauden alderdiak eragiten ditu.
  7. Halaber, ardurarik gabeko oposizioa berretsi egiten da; izan ere, EAJ (zentroko alderdia) gobernu balizko gehiengo ororen ardatz eragilea eta bizkarrezurra da, ez du txandakatuko duen alderdirik eta, horren ondorioz, badirudi bere patua "betiko" gobernatzea dela. Aitzitik, muturrean kokatzen diren alderdiak (PP eta ezker abertzalea) boterea lortzeko koalizioak egitetik at dira eta ardurarik gabeko oposizioa besterik ezin dute egin. Gainerako alderdientzat periferiako txandakatzea besterik ez dago (EAJrekin batera koalizioa egitea). Horrek haiek gobernu gisa ez sentitzea eragiten du, izan ere, gobernua EAJ alderdiarekin identifikatzen da, horregatik, ardurarik gabe jokatzeko parada dute nolabait.
  8. Aurrekoarekin lotuta, EAEn super-eskaintzen edo gehiegizko promesen politika hautematen da. Hau da, alderdiek ezinezkoak diren gauzak zin egiten dituzte ezinezkoak direla jakinik ere (politika arloan iruzurra esaten zaio horri).

Nafarroako Foru Erkidegoari dagokionez, pluralismo polarizatu hori zehaztu egin behar da. Alde batetik, parlamentu taldeen kopuru efektiboa (3,9) askoz ere baxuagoa da (horri dagokionez baldintzak betetzen dituen arren). Eta beste alde batetik, Sartorik aipatzen dituen zortzi ezaugarriak ez dira erabat betetzen. Funtsean, Euskadiren kasuan egindako deskribapena baliagarria eta alderagarria izan daiteke Nafarroaren kasuan 1991. urtera arte. Baina urte horretatik aurrera, UPN alderdiak boterea hartzen duenean, gutxienez bi puntu eztabaidagarriak dira. 1991. urtera arte aldebiko oposizioa zegoen, ideologikoki oso antagonikoa. Baina 1991tik aurrera ezin da esan Nafarroako Foru Erkidegoan aldebiko oposizio argirik dagoenik. Legealdi hartan UPN alderdiak PSN alderdiaren baimenarekin gobernatu zuen. Nolanahi ere, 1995az geroztik egoera aldatu egin zen. Ia alderdi guztiak UPN alderdiaren aurka ziren (PSN gorabeheratsu azaldu zen auzi horretan) eta, horrez gain, ezkerreko ideologia zuten gehienek. Hori dela eta, 1995ean gobernu plurala osatu zuten PSN, CDN eta EA alderdiek eta, gainera, IUN alderdiaren babes inplizitua zuten. Egoera horretan UPN kanpoan geratzen zen. 2007an egoera errepikatu egingo zela zirudien, baina, UPN eta PSN alderdiek elkar ulertu zuten ostera ere.

Hori ikusita, hobeto ulertuko dugu Nafarroaren kasuan guztiz betetzen ez den bigarren puntua. 1991ra arte PSN zen ardatz eragile zentrala ikuspegi ideologikotik so eta, alderdi gehiengoduna zenez eta gobernuburu zenez, polo anitzeko lehiakortasuna ageri zuen sistema bat sortzen zen; Euskadiren kasuan EAJ alderdiarekin aurrez azaldutakoaren antzekoa. Baina Alderdi Sozialistak boterea galdu zuzenean, muturretako batek, UPNk boterea baitaratu zuen; modu horretan, sistema dualistagoa bilakatu zen neurri batean. Joera hori erabat nagusitu ez bada ere, PSNk hauteskundeetan garrantzia galdu ahala indartu egin da apurka. Horregatik Nafarroako alderdien sistema trantsizio egoeran dela adieraz daiteke, pluralismo mugatuko alderdien sistema baterantz. Ikusteke dago trantsizio hori amaituko den edo azkenean bestelako alderdien sistema bat antolatuko den, hauteskundeetan antzeko indarra duten hiru esparru handiren arteko lehian oinarrituko dena: eskuina nafarzale eta espainiazalea, estatuko ezkerra eta ezkerreko euskaldun nazionalistak.

3Sartori, G., Partidos y sistemas de partidos. Alianza, Madril, 1999, 163. orrialdea eta hurrengoak.

4Blondel, J., «Party Systems and Pattern of Government in Western Democracies», in Canadian Journal of Political Science, 1. zenbakia, 1968, 180-203. or.

5Sartori, G., aurretik aipatua, 165-176. or.