Zinekoak

Gran sol

Gran Sol 1988ko filma Ignacio Aldecoaren izen bereko eleberrian dago oinarrituta. Eusko Jaurlaritzaren eta Kataluniako Gobernuaren zinemagintzako lankidetza-hitzarmen baten emaitza da. Koprodukzio eusko-katalan bat dugu, beraz, eta Irati Filmak euskal etxeak hartu zuen parte bertan.

Itsasoan filmatzeko zailtasunagatik, Juan Antonio Bardem eta Mario Camus zuzendariek uko egin zioten proiektuan aritzeari. Azkenean, Ferrán Llagostera ausartu zen eleberria film bihurtzeko lanari ekitera.

Zinemagileak, Aldecoak bezala, jadanik bazituen eginak bederatzi hilabete marinel gisa lanean. Areago, ontzi batean lanean ari zela irakurri zuen lehenbiziko aldiz idazle arabarraren eleberria. Gero, 10 urte eman zituen gidoian lanean. Filmatzeko unea heldu zelarik, obra literarioaren eta zuzendari katalanaren arteko bat-egitea erabatekoa zen. Antzezleak zorabia ez zitezen, akupuntura erabili zuten. Halere, Felipe Barandiaranek, protagonista nagusietako batek, alde egin behar izan zuen filmaketatik, problema horregatik. Gran Sol-ek antzekotasun ugari ditu Kareletik filmarekin. Halere, bigarrenak azpilan-istorio bat eta arrantzale-giroaren deskribapena nahasten ditu, eta Gran Sol, berriz, arrantzaleek itsaso zabalean duten bizimodu gogorraz ari zaigu bakarrik. Alderdi horren deskribapen ia dokumentala da filmaren meritu handietako bat. Arrantzontzi txiki batean arrantzale-talde batek dituen bizikidetza-problemen deskribapen zorrotza da filmaren beste balioetako bat. Arrantzaleek lehorreko bizimodu normalera egokitzeko duten zailtasuna ere ageri da Gran Sol-en. Pasarterik hunkigarrienetako bat horretaz da, preseski: Simón Orozcok (Luis Iriondo) eta Paulino Castrok (Paco Sagarzazu) gai horri buruzko kezkak dituzte hizpide. Filmak baditu hiru gauza on behinik behin: antzezleak zuzentzeko era, Llagosterak istorioari ematen dion kutsu epikoa eta arrantzaleen abentura gogorrak ageri duen errealismo bikaina. Gran Sol-ek ez zuen piztu publikoaren interesa, nahiz eta Cartagenan egiten den Itsasoko Zinemaren Nazioarteko Jaialdian Film Onenaren Saria eskuratu. Eta Interpretazio Onenaren Saria, halaber, zeina Carlos Lucenari eman baitzioten.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2008, 272 pp.