Kontzeptua

Gorria

Pertsonaiak, dantzariak eta eskaleak, Nafarroa Behereko, Lapurdi barnealdeko herrietako eta Nafarroako Luzaideko hainbat segizioetan, besteak beste, Kabalkadak, Libertimendia eta Tobera Mustrak.

Berez, antzina zegoen oinezko guardiaren ordezkariak lirateke, XIX. mendearen lehen zatian bildutako tradizio zaharrei so eginez. Pertsonai horiek tokian tokiko miliziatan oinarritzen dira.

Militarren antzeko janzkera daukate, hau da, jaka gorria lepoko zuzenarekin eta alkandora zuria. Jaka hori soinean urre kolorezko zinta eta botoiak dauzka. Galtza zuriak zangoen kanpoaldean elkar lotutako kolorezko zintak dauzka. Eskularru zuriak eramaten dituzte. Txapela gorria hainbat zintekin eta albo batean zintzilik borla batzuk. Abarka zuriak janzten dituzte. Bakoitzak egurrezko sablea darama, xafla grisez pintatuta dutelarik. Segizioan dantzan ageri dira. Era berean, poltsa antzeko bat daramate eskaria bideratzeko.

Luzaiden, bi Gorriak eta bi Banderariak (janzkera bera daraman banderaduna) izaten dira talde horretako zaharrenak edo helduenak. Berez, horien artean aukeratzen dute festa antolatzeko arduradunak. Baimenak eskatzen dituzte, etxez etxe dirua eskatzen dute musikariak topatzen dituzte eta emanaldiaren kontuak ere kontrolatu behar dituzte. Festa egunean ostatuan jateko abantaila daukate, bestelako dantzariak ez bezala, bakoitzak bere etxera itzuli behar izaten baitu.

  • HÉRELLE, Georges. Etudes sur le théâtre Basque, Le Théâtre comique. Paris: Librairie Honoré Champion, 1925.
  • HARRUQUET, Sauveur. La danse en Basse-Navarre. Baiona: Bulletin du Musée Basque, 1927.
  • GIL, Pierre. La danse Basque. Baiona: Lauburu, 1981.
  • GUILCHER Jean Michel. La Tradition de danse en Béarn et Pays Basque français. Paris: Maison des Sciences de l'Homme, 1984.
  • SAGASETA ARIZTEGUI, Miguel Angel. Luzaideko Dantzak. Bilbo, 2011.