Literaturakoak

Gorde nazazu lurpean (2000). Ramon Saizarbitoria

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

2000. urtearen azken egunetan Ramon Saizarbitoria idazle donostiarrak (Donostia, 1944) Gorde nazazu lurpean lana argitaratzen du. Bost nobela laburrez osaturiko lan batua da, azaleko gai bakar baten inguruan eratua, nahiz eta gero zenbait nobela labur bere aldetik argitaratu izan diren. Batasuna ematen dion azaleko gaia gorpuen desehorzketa da. Gai horrek gai nagusi gisa funtzionatzen badu ere, ezin da estali beste gai batzuk agertzen direla nagusi horri trabatuta, hala nola, nazionalismoari buruzko kezka, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko tenka, eta abar.

Hasiera batean, "Gudari zaharren gerra galduak" agertu omen zen. Filma bat ikusi ondoren gogoratu omen zen aspaldi idatzita zuen ipuin bat, eta berridatzi egin omen zuen. Harekin batera beste desehorzketa batzuk etorri zitzaizkion burura: Dante Gabriel Rossettirena, Sabino Aranarena eta Ives Montand Frantziako kantariarena. Horiei fikziozko istorio bat gehitu zien, hain zuzen ere 1936. urteko Guda Zibilean Donostia hartu zutenen Artaxonako 40 haietariko partaide bati buruzkoa. Hiru nobelen azpian, bada, berritxuraturik eta aldaketa handiekin hiru egoera historiko hartzen dira kontaketaren aitzakia gisa, eta beste bitan fikzioak agintzen du.

Bost nobela labur eta bost lurperatze ondorengo lurrazaleratze. "Gudari zaharren gerra galduak" ipuinak gerrak ekartzen duen sufrimenduaz hitz egiten du, "me preocupa la guerra que pueda desencadenarse y la que se desencadenó". Elgetan gerra garaian galdutako hankaren bila abiatzen den gudari zaharren historia kontatzen du nobelatxoak, bere oroimenarekin bat egiteko eta azken batean ekintza antzua betetzeko: galdutakoa ezin izango baitu berreskuratu nobelako protagonistak.

"Rosettiren obsesioa" nobela laburrean gizonezkoen eta emakumezkoen arteko loturez eta maitasunez ari zaigu idazlea. Egia esateko kontaketan hainbat maila desberdin ageri dira: batetik, nobela galdu zuen idazle frustratu baten historia kontatzen zaigu; eta bigarrenik, Victoria, emakume galant eta izpiritualarekin eta Eugenia haragizko emakumearekin duen erlazio bikoitza dugu; eta hirugarren malan Dante Gabriel Rossettiren bizitzaren parekatzea dakarkigu pertsonaiak.

"Marcel Martinen aitatasun ukatua" nobelan aitatasunari buruzko haria nagusi bada ere, berriz ere kontakizunaren kontaketa moldeez eta gizonezko eta emakumezkoek dituzten harremanez hitz egiten da, protagonistak bere emaztearekin dituenez, eta Marcel Martinek bere emazteekin izan zituenez. Hemen ere, pertsonaiaren bizitzak badu benetako pertsonaiaren bizitzarekiko paralelotasun puntua, eta nobelan berriro hitz egiten da kontaketaren trebeziaz.

"Bi bihotz, hilobi bat" nobelaren gaia gorpu bat herriz aldatzea da, baina, neurri berean, nobelatxo honetan aldez aurretik idaztitako Bihotz bi, gerrako kronikak nobelan agerturiko pertsonaia berberak ditugu: entziklopedia saltzailea, Flora eta Bioleta. Hala ere, fikzio mundu batetik bestera aldatu direnean, izaera eta itxura aldatu zaie pertsonaioi.

"Asaba zaharren baratza" nobelak, Lizardi poetaren testu baten izena du, eta Sabino Aranaren gorpuaren desehorzketa jartzen du kontaketaren ardatz gisa, baina kontua da protagonistek aberriak euren buruen gainean jarri duen pisua aldatu behar dutela. Testuaren barnean Liazardiren testuari egindako erreferentzia asko daude, eta metaliteraturaren erabilpenarekin batera, pertsonaiek identitate propio baten bila egindako bidaiaren kronika ere bada.

Argumentuen kontaketa hutsean Ramon Saizarbitoriaren kontagintzan nagusiak diren zenbait obsesio ikusi ditugu, eta era sinplean baino ez bada ere hain berri emango dugu era xumean.

Lehen lehenik modernitate ondorengoak begien aurrean jarri duen arazo bat dugu: hitza errealitatea adierazteko gai den edo ez agertzea, hots, kontatzea posible den ala ez jakitea. Foucaulten teorien ostean, hizkuntzaren errepresentazio ahalmenari buruzko zalantza hasten da. Ordura arte hizkuntzak errealitatea adierazteko ahalmena zuela onesten zen baina, Foucaulten teorien arabera, amildegi handia zabaltzen da gauzen eta hitzen artean, eta ondorioz, errepresentazioaren egokitasunez arazoak sortzen dira. Alde horretatik, idazleek berriro hartu behar dute kontutan nola kontatzen den, nola kontatu, gauzen eta hitzen artean dagoen amildegian zubia eraikitzeko.

Horregatik jartzen du Ramon Saizarbitoriak horrenbeste arreta kontatzeko moldetan. Konta ezinaren sinboloa izango litzateke lehen nobelako protagonista, zeinek konortea galdu zuenez, ezin duen adierazi zer gertatu zitzaion. Historia ahots desberdinek ikuspegi desberdinetatik kontatuko dute: notarioak ezagutzen ez duena kontatzen du, eta protagonistaren adiskideak ere badu bere bertsioa, baina hil berria denez, ezin izango du horren berri eman.

Ramon Saizarbitoriak esandakoa da: "Nire literaturan dagoen beste obsesiotako bat kontatu nahia eta kontatzeak berarekin duen arazoa da". Nola kontatu, horixe da gakoa, horregatik "Marcel Martinen aitatasun ukatuan" ipuinean piano-joleak kontatzen duena xehetasunez josita ematen da, kontatzea bera gaia eta ardatza delako.

Literatur tekniketan izango du isla jokabide horrek: narratzaile ez fidagarriak erabiliko ditu maiz Ramon Saizarbitoriak, hau da, irakurleari historiaz ziurtasunik emango ez diona, egia osoa ezagutzen ez duena eta, beraz, egia adierazi ezin duena.

Halatan, zer kontatu baino garrantzia handiagoa du kontatzeko erak. Esaldiaren malgutasunean geratzea atsegin du egileak, detaileetan geratzea, oroimenarekin jolastea, oroimena ez baita gertatutako bera, haren antzirudia baino, eta aldatuz doan antzirudia, aldakia. Detaileek garrantzia dute, esaldien kiribiltzeak beste. Inoiz Ramon Saizarbitoriak adierazi duenez: "Niri suspenseko literatura ez zait gehiegi gustatzen, amaieran gertatzen dena jakiteko desirak gehiegi baldintzatzen baitu irakurlea".

Lasaitasuna eskaintzen du Saizarbitoriak, irakurtzeko plazera eta astiro irakurtzeko agindua.

Bigarren ardatz tematikoa, eta esandakoaren paraleloa da adieraziko duguna, gizonezkoen eta emakumezkoen artean diren desberdintasunak egileari sortzen dizkion kezketan gauzatzen da. Gizonezkoek eta emakumezkoen artean ere desberdintasun handia dago, eta bien artean komunikaziorik egon ote litekeen adieraztea izango litzateke idazlearen kontagintzan hausnartu gura dena. Hitzen eta gauzen artean hutsunea sortu bada, beste horrenbeste gertatzen da gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Ezin elkar ulertu: "Ez nuela deus ulertzen esatea erabaki nuen".

Azpian, noski, metafora gordetzen da, eta mundu ikuskera berezia. Ramon Saizarbitoriak mezu bi ditu gogoan sexu artean diren harremanez hitz egiten duenean:

  1. 1. Harreman afektiboen mundua bizitzak ematen duen gauzarik garrantzitsuena dela adierazi du, beraz indibidualismoaren eremuak garrantzia hartuko luke, nahiz eta argumentuak kontatzerakoan, ikusi dugunez, beti identitate pertsonala gizartearen giroan kokatzen du, baina horrek ez du itoko hura.
  2. 2. Sexu gerren eta benetako gerra zibilen artean lotura sinbolikoa ikusi du idazleak, arazo pertsonalak arazo sozialen ispilu balira bezala.

Dena dela, gaiaren beste adar batek sexuen arteko komunikazioaz eta honen ahalbideaz zalantza zabaltzen du: posible ote da sexuen arteko komunikazioa? Ramon Saizarbitoriak uste du intuizioa emakumezkoekin lotua dela, eta analisia -batzuetan neurosi obsesiboa- gizonezkoena, baina bien arteko zubia posible izango litzateke gizonezkoek afektibitatearen hizkera ikasiko balute eta gehiago erabili.

Joko guztiotan Ramon Saizarbitoriaren kontagintzaren joera ironikoa dakusagu, maiz adierazten duena, gainera. Orain gutxi bere autopoetika adierazteko eskatu zitzaionean, esan zuen bere kontagintza mikroskopioaren eta teleskopioaren arteko joko bat bazela esan zuen: eguneroko gai minimoak hartzea -mikroskopioa- zentzu sinboliko nagusia -teleskopioa- har dezaten. Eta noski, kontatzeko era bat. Kontaketa horretan kokatzen dira zenbait elementu tekniko:

  1. 1. autoreeferentzia: nobela batetan agerturiko pertsonaiak beste nobela batean, izen berarekin (Bioleta, Flora) edo ogibide berarekin (entziklopedia saltzailea, egilearentzat ziztrinaren sinboloa dena).
  2. 2. Paradoxa eta ironia pertsonaien bizitzak kontatzeko orduan ("Asaba zaharren baratza").
  3. Gai berak eta pertsonaia berak nobela batetik bestera agertzeak modernitate ondorengoaren beste ideia baten metafora litzateke azkenean: rizomarena. Rizoma erroak oso zabaldurik dituen landarea da, ez dago zentrorik, beraz, ez dago gunerik, elementu guztiak banandurik agertuko lirateke, toki batetik bestera ihes eginez, eta toki desberdinetan agerturik.

    • ASKOREN ARTEAN. Ereinkaria, 2001. 1, 30 or.
    • KORTAZAR, Jon. "Literatura y juego en la obra de Ramon Saizarbitoria". Bulletin of Hispanics Studies. Liverpool, 2005. 82-2, 207-232 or.