Kontzeptua

Gipuzkoako Arte eta Lanbide eskola

Probintzian zehar industrializazio eta modernizazio gune jakin batzuk sortzen ari ziren eta eskolak ere horien antzera hedatu ziren Gipuzkoan barna. Horrela, badakigu hauek existitu zirela: Deba Goiena eskualdeko Arte eta Lanbide eskola (Bergara, Oñati, Zumarraga, Arrasate, Elgoibar eta Eibarko Armagintza Eskola); Tolosa eta Goierriko eskualdeetako Arte eta Lanbide eskola (Tolosa, Ordizia, Beasain); Donostialdeako Arte eta Lanbide eskola (Irun, Hondarribia, Pasaia eta Errenteriako Marrazketako Gau Eskola); eta Urola Garaia eskualdeko Arte eta Lanbide eskola (Azpeitia, Zestoa). Bizkaian itsasadarraren ezkerreko aldean pilatzen ziren eskola horiek. Gipuzkoan, ordea, banaketa askoz ere zabalagoa zen udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren ezaugarriek eta industriaren kokapenak eraginda. Gainera, udalerritako industria mota askoz ere anitzagoa zen, eta horrek ere bazuen hedapen horretan bere eragina. Eskola horiek XX. mendearen hastapenean sortu ziren, Tolosakoa (1889) eta Donostiakoa (1880) salbuetsita. Honatx sorrera-urteak: Errenteria (1900), Irun eta Bergara (1901), Eibar eta Arrasate (1902), Ordizia (1904), Beasain (1908), Oñati eta Azpeitia (1911), Zumarraga eta Hondarribia (1912), Elgoibar (1916), Pasaia (1917), Zestoa (1930). Hau da, Gipuzkoako garapen aldi handienarekin bat dator horien sorrera. Taula honetan ematen ziren irakaskuntza motak ikus daitezke.

Gipuzkoako Arte eta Lanbide eskolak
HerriakIkasketa-planakOharrak
Bergara, 1901Langilearen irakaskuntzaGrabatze Eskola, 1906-1914
Eibar, 1902Industria, Merkataritza, Artea, EmakumeaEstatuaren diru-laguntza
Eibar, 1915Armagintza EskolaEstatuaren diru-laguntza
Oñati, 1911Merkataritza, Industria, nekazaritzaMariaren Anaiak
Zumarraga, 1914Industria, Merkataritza, ArteaKristau Eskoletako Anaiak
Arrasate, 1902Industria, Frantsesa, Emakumearen irakaskuntzaViteriren diru-laguntza
Elgoibar, 1917Matematika, Marrazketa, Merkataritza, MekanikaEstatuaren diru-laguntza
Tolosa, 1885Industria, Artea, MerkataritzaEstatuaren diru-laguntza
Ordizia, 1904Industria, Merkataritza, Emakumearen irakaskuntzaHitzaldiak. CAF-ek emandako diru-laguntza
Beasain, 1912Artea, Arte EskolaKristau Eskoletako Anaiak. CAF-ek emandako diru-laguntza
Irun, 1901Industria, Merkataritza, Emakumearen irakaskuntzaBigarren Irakaskuntza
Hondarribia, 1912IndustriaSolfeo, Kantua, Erlijioa
Errenteria, 1900Industria
Pasaia, 1918Marrazketa Eskola
Azpeitia, 1904Industria, Nekazaritza, AbeltzaintzaMariaren Anaiak
Zestoa, 1930IndustriaMariaren Anaiak

Zerrenda horretan eskolei buruzko informazio gutxi jasotzen da, baina hor agertzen diren datuek leku bakoitzaren arabera zeuden egoera anitzak islatzen dituzte: hasi ikasketa-planarekin eta irakasle-multzora arte. Gainera, erlijio-kongregazio batzuek (La Salle eta Mariaren Anaiak) beren eskolak zituzten, irakaskuntza emateaz arduratzen zirenak edo eginkizun hori onartzen zutenak. Era berean, zenbait zentrok Foru Aldundiari ez ezik, Estatuari ere diru-laguntza eskatzen zietela ikus daiteke. Industria eta merkataritzarekin lotutako prestakuntza ia zentro guztietan eskaintzen zen. Aitzitik, emakumeari zuzendutako edo nekazaritza arloko irakaskuntzek ez zuten halako garrantzirik.

Bestalde, eskola guztiek ez zuten garapen, garrantzia eta iraupen bera izan. Hala ere, zegokion Udalak diru-laguntza eskatzeko erabilitako argudioa antzekoa zen guztietan: tokiko beharrizanak eta langile eta emakumeen lanbide heziketa asetzea, izan ere, eskola horien hezkuntza-eskaintza lehen hezkuntzan sakontzera bideratu arren (orokorrean, lanbide batzuetan funtsezkoak diren marrazketa- edo geometria-eskolekin), lehen hezkuntza horretako prestakuntzan zegoen gabezia arintzea zuten xede eta heldu askok gau eskolak jasotzen zituen.

Eskola horien artean, Bergara, Tolosa, Eibar eta Irungoa azpimarratu behar dira, izan ere, ikasketa-aldia luzea izaten zen eta, lanbide heziketako eskaintzaren kalitate eta aniztasuna adierazgarriak ziren. Bergarako eskolak, herri horretako ikasketen tradizioari eutsiz, Grabatze Eskola bat sortu zuen, 1901-1914 bitartean zabalik izan zena. Arte eta Lanbideen gainerako ikasketak 1929. urtera arte eman ziren. Urte hartan Ehungintzako Laneko Eskola Profesionala bilakatu zen, lanbide heziketaren estatutuarekin bat etorriz, 1928ko estatuko araudia betez. Lehen ikasturtean 45 ikasle (14 eta 26 urte bitartekoak) izan ziren eta 1913. urtean 100 ikasle zeuden. Eibarko Eskolari dagokionez, hartako eskaintza ere oso espezifikoa zen, Armagintza Eskola izaki. Ekimen profesional horren kudeaketa eta funtzionamenduaren atzean Fermin Calbeton diputatu ezaguna zegoen, uneoro zentro horren sustapenaren alde agertu zena. Eibarko Armagintza Eskolaren helburua gaitasun eta konpetentzia profesional handiko langileak prestatzea zen. Eskolaren antolakuntza 1913ko urtarrilean onartutako Araudi eta Estatutuetan finkatutakoaren araberakoa zen, Udaleko Batzorde baten proposamenari jarraituz. Batzorde horretan, besteak beste, herriko arma-fabrikatzaileak zeuden. Arte eta Lanbide eskolan eskolak gauez ematen baziren, eskola honetan ia egun guztian ematen ziren ikasketak eta eskulanak garrantzia handia zuen. Estatuak emandako diru-laguntzak hirukoiztu egiten zuen Foru Aldundiak emandako kopurua.

Garrantzia aintzat hartuz, Tolosakoa zen zerrendako hirugarren eskola. Zentro hori zaharragoa zen eta lanbide heziketarako aukera gehiago eskaintzen zuen. Hauek ziren, 1888-1889 ikasturtean, matrikulatutako ikasle kopuruari buruzko datuak: 65 ikasle (hamabost ikasle 12-15 urte bitartekoak, hogeita hamabost ikasle 15-20 urte bitartekoak, eta gainerako hamabostak 20 urtetik gorakoak). 1902-1917 bitartean, ikasleen lanbideei erreparatzen badiegu, % 23 zurarekin lotutako lanbideetan daude (arotzak eta ebanista) eta % 20 ikasleak dira. Gainerako guztiak portzentaje gutxiagoko lanbidetan multzokatzen dira. 1918tik aurrera ikasketak sistematizatu egin ziren eta profesionalek bi prestakuntza-bide har zitzaketen. Alde batetik, burdinarekin lotutako lanbideak zeuden eta, bestetik, zurarekin eta harriarekin lotutakoak. Aurrerago, 1930era bitartean, eskaintza areagotu egin zen Merkataritza/frantsesa eta marrazketa espezialitatearekin. Azkenik, Irungo eskola 1904an "kultura orokorreko" eta "Gau eskoletako" zentro bilakatu zen (ordura arte, 1877. urtetik hasita, ikasketa ugari ematen ziren, esate baterako, helduentzako eskolak, marrazketak, joskintza edo musika), horiek baitaratzen baitzituen Arte eta Lanbideak izendapenak. Horrez gain, batxilergoko ikasketak eskaintzen zituen (lanbide heziketarako oso egokiak ez zirenak), merkataritzakoak emateaz gain. Orobat, Irunen, La Salleko anaiek zuzendutako San Martzial Eskolaren eskutik, eskaintza profesionala oso interesgarria zen, Lanbide Heziketarako Eskolarekin jarraipena eman zitzaiona.

Aipatu ditugun erlijio-kongregazioek zuzendutako eskolek (La Salleko anaien eskutik Beasain eta Zumarragakoak; eta Mariaren anaien eskutik Oñati, Azpeitia eta Zestoakoak) ezaugarri ezberdinak zituzten, izan ere, La Sallekoen mendekoak industriguneetan zeuden kokatuta eta ikasleei sartu aurretik lehen irakaskuntzako ezagutzei buruzko azterketa egiten zitzaien. Mariaren baitakoetan, aldiz, ikasgaien eskaintza zabalagoa zen (batxilergoko zenbait ikasgairekin batera nekazaritza arlokoak ere ematen ziren). Eskola horiek guztiek arrakasta itzela izan zuten, ikasle kopuruari so. Gainerako eskoletan ere ikasle kopuru polita batu zela esan daiteke, izan ere, orokorki, ikasturte eta ikasmaila bakoitzeko 50 ikasletik gora izaten ziren, nahiz eta asistentzia ez zen horren nabarmena izaten. Horrela, Ordizian fabrika askotan gauez lan egin beharrak eragiten zuen asistentzia eskasa. Aitzitik, Hondarribia, Elgoibar eta Arrasaten zegoen eskaintzak lehen irakaskuntzarekin bat egiten zuen gehiago, arte eta lanbide eskolako irakaskuntzatik urrunduz. Hori dela eta, Foru Aldundiak 1927an egindako ikuskapenaren ostean, ordura arte jasotzen zuten diru-laguntzarekin jarraitzearen egokitasuna zalantzan jarri zen.

Aipatutako ezaugarri eta bilakaerak aintzat hartuz, bista dago eskola horien helburua herri bakoitzaren beharrizan ekonomikoetara egokitutako eskulana sortzea eta enpresetako eskariei erantzutea zela. Hala, Udalek sustatu zituzten eskola horiek, Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoarekin, langile eta emakumeen hiri-heziketa eta heziketa profesionala sustatze aldera.