Kontzeptua

Euskal Herriko Hezkuntzaren Historia. Historiografia

Egindako ikerketak eta argitaratutako lanak aztertuz gero, antzeman daiteke, foru sistemak indarrean iraun zuen garaiari buruzko lanek ikuspegi nahizko zabala eskaintzen dutela, honako hauek direlarik jorratu izan diren gai nagusiak: udal-politika, irakasleria, ikuskaritza eta eskolatzea. Lan horietan Euskal Herriko hezkuntza-politikaren eta lehen hezkuntzaren ezaugarri diferentzialak aztertzen dira, estatuekin izandako harremanen tenorean beti ere (Benito, 1994; Berruezo, 1986; Houmart, 1973; Letamendia, 1988). Nahiz bere lanaren helburu nagusia izan ez, Davilak (La política educativa y la enseñanza primaria en el País Vasco 1860-1930; 1995) oinarrizko ekarpena egin du garaiaren inguruko sintesia eskainiz, bere ikerketan errealitate politikoa, soziala, ekonomikoa, ideologikoa eta instituzionala uztartzen dituelarik, koadro honek ahalbideratzen baitu urte horietako egoeraren ulermena: irakaskuntzaren kontrolaren inguruko gatazka.

Foruen galeraren garaitik eta II Errepublikara iristen den aldiari dagokionez Euskal Herriko hezkuntzak, baita gerora begira ere, izan dituen ezaugarri eta arazo nagusiak ulertzeko ekarpen ugari egin dira. Elebitasuna, irakaskuntzaren kontrola, autonomia politiko-administratiboa, eskola ereduak, irakasleria, eskola-curriculuma, ..., nabarmen agertzen diren gaiak ditugu burutu diren ikerketetan: Bizkaiko auzo eskolak (Arrien,1987), Gipuzkoako landa eskolak (Garmendia, 2003), lehenengo euskal nazionalismoaren hezkuntza-ideologia (Zabaleta, 1998), Eusko Ikastola Batzarren esperientzia (Arrien, 1983) edota Eusko Ikaskuntza (Estornes, 1983) eta Deustuko Unibertsitateari (Saenz de Santamaria, 1978) buruzkoak, esate baterako. Nafarroari dagokionez, Errepublika garaiko hezkuntza politikaren azterketa aipatu behar da (Berruezo,1991); baita Valladolideko unibertsitate-barrutiari buruzkoa (Martin, 1994), edota gerra garaiko hezkuntzaz, eskola eta haurtzaroa bere baitan biltzen duen lana (Rekalde, 2000).

Baina frankismoaren garaia eta ondorengoa izan dira ikuspegi historiografiko batetik interes handiena piztu dutenak, bereziki ikastolen sorrera eta bilakaerari dagokionez. Eskola eremuko gertakari honen inguruan egin diren interpretazioak ez datoz bat, izan ere egile batzuk gerra aurreko esperientzien jarraipen soilaren antzera aurkezten duten bitartean, beste batzuk ikastolen mugimendua gertakari berritzat jotzen dute, hain zuzen ere testuinguru jakin batean ekoitziriko eskola-proposamen berritzat (Arrien, 1993; Basurko eta Iztueta, 1993; Fernandez, 1993; Garmendia, 1985; Iza, 2010; Lopez-Goñi, 2002). Aipatutakoez gain, ikastolei buruzko artikulu eta lan soziologiko nahikoa aurkitu daitezke han-hemendik, gai zehatzak aztertuz edota gizartearen interpretazio orokorragoaren osagai interpretatzailetzat hartuta. Gainerako eskola-saretan euskal eskola-hizkuntzatzat hartu izanak, bestalde, egungo egoeraren azterketa holistikoagoak egitera bultzatu ditu ikertzaileak eta ez dira gutxi alde horretatik egin izan diren lanak (Basurko, 1989; Castoreo, 1993; Iztueta, 2000a /2000b; Rodriguez, 1999).

Dena den, ugariak dira oraindik hezkuntza-politika eta oinarrizko irakaskuntzaren esparruko hutsune historiografikoak (azkeneko gerra karlista eta II Errepublika bitartekoak bereziki), nahiz, esate baterako, irakasleriari buruzko lanak asko izan (Dávila, 1993b; Guibert, 1983; Marín, 1985; Murua, 20...; Ostolaza, 1996; Reboredo, 1992). Bigarren hezkuntzako erakundeei dagokienez, hutsuneak nabarmenak badira ere, hainbat ikerketen emaitzak interesgarriak dira (Le Lycée de Bayonne, 1980; La enseñanza secundaria en el Pais Vasco, 2003) eta beste horrenbeste esan daiteke irakaskuntza pribatu erlijiosoari dagokionez (Ostolaza, 2000) edota curriculumari (Ezkurdia, 2004) eta unibertsitateari buruz (Aizpuru, 2002; Barriola, 1985; Colina, 1966; Felones, 1998; Flores, 1997; de Pablo eta Rubio, 2005). Beharbada, ekarpenak falta ez badira ere, berrikuntza pedagogikoarekin batera (Fernandez, 2003), lanbide-heziketaren arloa da ia biluzik agertzen dena (Aloy, 1987; Dávila, 1997).