Literatoak

Etxeberri, JoanesEtxeberri, Joanes (Ziburukoa) (ca. 1580-1665?)

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Ziburukoa. Ziburu, c. 1580 - Ziburu, c. 1665.

Etxeberri Ziburukoaren jaioterri eta jaiotegunari buruz gutxi dakigun arren, Ziburun 1580 inguruan jaio zela esan genezake. Lino Akesoloren arabera (1970, 6) herri horretan bertan erretore izan bide zen, eta, teologian doktore zenez, "Doctor teologo" gisa sinatzen zituen idazkiak.

Sarako Eskolako kidetzat hartu izan da, eta bera izan zen "XVII. mendeko lehen bertso-liburuen" egilea (Salaberri, 2002, 89); Jesusen Lagundian egin zituen ikasketak, eta, Noelac lanean (Loiolako Inaziori egindako kantuan) ikus daitekeen bezala, zekien oro haiei zor ziela aitortu zuen (Mitxelena, 1988, 75): "bereziki ni nazaitzu zordun, zeren zuretan, dakidana ikhasi baitut eskola sainduetan" (Etxeberri, 1630/1645, 200).

Etxeberrik bere idazlanetan emandako datuetatik ondoriozta daiteke familia onekoa zela, untzigintza-tradiziokoa, eta anaia medikua izan zela (Akesolo, 1970, 6; Salaberri, 2002, 90). Sendiaren lanbideak eta kostaldekoa izateak Etxeberriren idazkietan eragin zuten eta bere kezka nagusietako bat itsasgizonen fedea izan zen.

Euskal literaturak Lapurdin loraldia izan zuen garaian bizi izandako idazlea dugu Joanes Etxeberri, eta giro horretan haren obrek arrakasta handia lortu zuten. Hiru liburu ezagutzen zaizkio: lehenengoa Manual Devotionezcoa, edo ezperen, oren oro escuetan erabilltçeco liburutchoa (Bordele, 1627) izan zen, ondoren Noelac eta berce canta espiritual berriac Iesus Christoren biciaren misterio principalen gañean eta sainduen ohoretan besta buruetacotz (Bordele, 1631) plazaratu zen, eta, azkenik, Eliçara erabiltceco liburua (Bordele, 1636). Egilearen obra gehiena bertsoz idatzita dago, nahiz eta azken obran prosa ere baden.

Manual devotionezcoa obrak bi argitaraldi izan zituen, 1627an bata eta 1669an bestea (Akesolo, 1970, 6; Onaindia, 1972, 125). Azken horren berrargitalpen bat egin zuen Hordago argitaletxeak 1978an, eta Patxi Altunak lehen zatiaren edizio kritikoa osatu zuen 1981ean (Aierbe, 2008). Bertsotan idatzita dago liburua, eta bi zati ditu: lehenengoan kristauak jakin beharrekoak azaltzen ditu; bigarrenean, aldiz, bide hori erdiesteko otoitzak ageri dira (Salaberri, 2002, 90). Era berean, zati bakoitzak atal ezberdinak ditu, eta, horietan, aipatutako gaiak zehatzago jorratzen dira.

Noelac liburuak ere hainbat argitalpen izan zituen, hala nola, Bordelen eginiko 1645ekoa, Baionako 1697 eta 1699koak eta urtea ageri ez duten beste lau edo bost edizio, Fauvetarren etxean eginikoak (Akesolo, 1970, 12). Lan horrek lau zati ditu: lehenengo zatiko lehenengo atalean sibilek eta profetek Jesukristo aurretik egindako iragarkizunak dira kontagai eta bigarrenean Kristoren sorrera da hizpide; bigarren zatian Jesusen bizitzaren misterioez dihardu Etxeberrik; hirugarrenean, Jainkoari eta santuei eskainitako kantak aurkezten ditu eta, laugarrenean, santu jakin batzuei idatzitakoak ageri dira.

Aurreko liburuarekin alderatuz, Salaberrik dio Noelac liburuan "arindurik eta aldaturik aurkeztu zue[la] Etxeberrik Etxepareren ildoko eredu tradizionala, ohiko bertso luzea erdibituz (8/7a) eta distikoa lauko ertain bihurtuz, Hegoaldeko literatur sariketetan agertutakoen antzera" (2002, 91).

Argia ikusi zuen hirugarren lana Eliçara erabiltceco liburua (1636) izan zen, bertsotan ez ezik prosan ere idatzia. Hiru argitaraldi izan zituen, bata 1636an, bestea 1665an eta hirugarrena 1666an (Onaindia, 1972, 125). Izenburuan atzematen den gisan, "giristinoen eginbidea", haurrei doktrina irakasteko modua, otoitzak, aitortzak eta abar aurki daitezke bertan. Bestalde, Etxeberrik Bertrand de Etchausi, "erregeren predikari famatuari" eskaintzen dio liburua, lehenago Axularrek egin bezala.

Hiru lan horiez gain, Oihenartek L'art Poetique Basque izenekoan Etxeberrirena izan zitekeen Egunorozkoa lana aipatzen du, baina, dirudienez, ezin da jakin obra berri bat zenetz, izan ere, Akesoloren arabera, Elizara erabiltzeko liburuaren barruan bada Egunorozko othoitz laburrak izeneko zatia, eta gerta liteke Oihenartek horri egitea erreferentzia (1970, 6-7).

Erabilitako gai nagusia erlijioa izanik ere, Ziburuko Etxeberriren idazkietan ikusten da euskararekiko duen kezka handia, esaterako Noelac-en "Hark berak hari berari berze laudoriozko koplak" atalean, Etxeberriren sinadura daraman bertsoan, non Garibaik eta Etxabek euskara jakinda gazteleraz idazteko erabakia hartu zutelako barre egiten dien. Hala ere, Santi Onaindiaren arabera, bertso hori Etxeberriren izenean egon arren, Claveria delako batena bide da (1972, 125).

Esan dugu ziburutarraren obra gehiena bertsotan idatzia dela. Patxi Salaberrik gogorarazten duen bezala, Etxeberrik erabilitako eredua, ordea, ez zen berria, tradizioari lotua baizik, Etxeparek bere obran erabilitakoaren parekoa. Hala ere, Etxeberrik bertsoak osatzerako orduan eginiko asmakizunek eta beste zenbait erruk Oihenarten kritikak jaso zituzten, izan ere, zuberotarrak gogor epaitu zuen lapurtarraren lana (aurretik Etxeparerenarekin egin zuen bezala). Haatik, badirudi Etxeberriren helburua ez zela arau estetikoak betetzea, baizik eta bere mezua zabaltzea (Salaberri, 2002, 90-91). Horren adibide da Koldo Mitxelenak Ziburuko Etxeberriren idaztankeraz dioena: hiperbatonerako joera duen idazkera erraza eta arina darabilela, irudi fresko eta naturaltasunez betetako hizkera zuzen eta zehatza, alegia. Izatekotan, Mitxelenaren aburuz, prosan idatzi ez izana gerta liteke tamalgarrien (1988, 76). Uste berekoa zen Oihenart ere, eta Etxeberriren gutunak ematen ditu adibidetzat. Akesoloren iritziz, Ziburun bizi zen apaizak bertsotan idazteko hautua itsasgizonak buruan zituela egin zuen, horiek bertsotan aritzea atsegin zutela jakinik (1970, 8).

Gustuak gustu, Etxeberri Ziburukoak euskal irakurleen artean izandako harrera paregabea izan zen, eta horren erakusgarri dira egilearen lanen edizio ugariak.