Arkitektura

Enparan Dorretxea. Azpeitia

Aipatu dugun bezala, dorretxea egin zen aurretik orubean bertan zegoen beste eraikuntza bat. Jakina da zenbait aztarna daudela baina adituek ez dakite zehatz-mehatz noizkoak eta zerezkoak diren.

Enparan dorretxea, multzo bakartua da, alde guztietatik libre dago eta garai haietako Ahaide Nagusiek egiten zituztenen modukoa da. Fabrikazioan erabili zuten lehengaia ibaiaren harria da; harlangaitz-hormez egina dago, baina eskantzuak, ateburuak eta leihoburuak, aldiz, harlanduzkoak dira. Hormen zabalera metro batera eta metro eta hogei zentrimetrora iristen da kasu batzuetan, hortaz, esan daiteke multzoa sendoa eta trinkoa dela.

Gaur egun agertzen zaigun itxura arkitektonikoa mozketaren ondorioa da eta oinplano eta altxaerari buruz adieraztean bereizketa bat egin behar dugu.

Jatorrizko gorputza, gaur egun eraikinaren erdian dagoena, oinplano karratua da, ataririk gabe. Multzo hau mozkindu zuten eta, aipatu dugun bezala, 1535. urtean Juan Martínez de Enparanek moldaketak eta konponketak burutu zituen, besteak beste, lau isurialdeko estalia gehitu zuen eta, adituen ustez, garitoiak, teilatua zulatzen dutenak, garai honetakoak dira. Garai honetan ere bao gutxi eta estu (gezileihoak eta saieterak) zeukan. Beranduago, 1760. urtean Manuel de Enparan y Zarauz-ek berritua izan zen. Alboetako gorputzak, angeluzuzen oinplanoa eta hiru isuriko teilatua dauzkatenak, erantsi ziren; atzealdeko gorputza, begiratoki gisa, gehitu zen; horretaz gain, bao konopialak handiagoak egin ziren eta barruko antolamendua erabat aldatu zen. Modu honetan jatorrizko eraikuntzak Erdi Aroko dorretxearen itxura galdu zuen eta, izpiritu praktikoari jarraituz, eraikinari etxaleku edo jauregi baten tankera ezarri zitzaion.

Fatxada nagusiaren altxaerari dagokionez, gaur egun agertzen denaren arabera, erdiko atalak, hiru solairu eta ganbara ditu, alboetakoek, berriz, bi pisu dituzte. Gorputz hauen baoen antolamendua berdina da; beheko solairuan sarrerako baoa kokatzen da, zirkuluerdikoa eta dobeladuna dena, eta lehenengo pisuan, angeluzuzen leiho balkoiduna ageri da; gainera, azpimarratzekoak dira agertzen diren solairuen arteko leihoak, angeluzuzenak eta itxiak direnak.

Erdiko multzoan, beheko solairuko eskuinaldean, sarbidea zabaltzen da, eta hutsunea zirkuluerdiko eta dobelduna da ere; bestalde, saetera bat agertzen da. Lehenengo pisuak hiru bao angeluzuzen eta balkoi barroko jarraian dauka. Bigarren solairuan, berriro, hiru bao angeluzuzen, erdikoa, eta konopial, alboetakoak, agertzen dira; hirurak balkoidunak dira. Bukatzeko fatxada honekin, aipatu behar da, ganbaran kokatzen den hutsartea, tamaina txikia eta angeluzuzena dena.

Gainerako fatxadetan agertzen diren baoak angeluzuzen, konopialak eta saeterak dira. Hauetako bao batzuk agertu dira lan berritzeko egin ondoren.