Arkitektura

El Fuerte. Ibero

Ibero herriaren zonalde garaian "El Fuerte" edota "El Palacio" izenekin ezagututako erdi-aroko eraikina ikus daiteke. Oinplano itxia du, barla baten inguruan altxatutako lau hegalekin, Nafarroan zehar, batez ere iparraldeko erdialdean, oso hedatua dagoen tipologia jarraituz. Jauregiaren gune orijinala errepidearen ondoan dagoen atala da. Eraikin independentea da, haren murruak ez daudelako alboko eraikinen murruekin uztartuak, eta oinplano errektangeluar luzea du. Harlankaitzaz egina doa, harlanduzko kateekin hormataletako izkinetan eta baoen markoetan. Lau solairu ditu, bi isurialdeko teilatuaren azpian. Jauregiaren atal hau bere kabuz harturik, nahiko garbi dago Nafarroako mendebaldean, batez ere Etxauriren inguruetan, aurki daitekeen dorre mota baten tipologia jarraitzen duela. Adibide batzuk aipatzeagatik, Etxaurin bertan dauden hiru dorreak, edota Arteta, Aizpun, Munarritz, Otazu edota Elioko dorreak agertuko ditugu. Autore batzuk dorre mota hau berantiarra dela, XVI. mendekoa hain zuzen ere, esan duten arren, guk erdi-arokoak direla uste dugu, eta zaharrak gainera, XIV. mendekoak edota XV. mendearen lehen erdialdekoak. Haien morfologia itxiak, eta murruen trataera trinkoak, non leihoak, agertzen direnean, gutxi, txikiak eta askotan beranduago egina diren, hori pentsatzera eraman gaitu. Gezi-leihoak daudenean, hauek ere itxura arkaiko eta traketsa erakusten dute. Iberoko kasu honetan, baoak zuzen eta modernoak dira ia beti, XVI. mendearen hasierakoak izan daitezkeen bi leiho konopial zabalak izan ezik. Goialdean, mentsula-zerrenda bat dago, teilatu-hegalari eusteko garai bateko jabaloiak kokatzeko ziur aski.

Hala ere, jatorrizko dorre hau handiagotu zuten XV. mendean bertan edota XVI. mende hasieran, garai honetakoa delako ondoan dagoen egoitza-atal baxuan dagoen atea. Hamabost dobela luze dituen erdi puntuko arku bat da, kanabera-erdiko moldura batekin harian, eta armarri batekin giltzarrian. Bigarren solairuan bi leiho bikoitz daude, erdi puntuko bi arkutxoez osatuak, ateraren garaikideak eta tailer berberak egina ziur aski, moldura mota berdina dutelako.