Arkitektura

Donostiako Udaletxea. Zaharra

P. Manuel de Ugartemendia eta Silvestre Pérez Donostiara iritsi izanak hirian arkitektura neoklasikoaren presentzia ahalbidetu zuen. Krisi ekonomikoko eta ezegonkortasun politikoko garaietan iritsitako heziketa neoklasikoko bi arkitekto hauek, funtzioaren eta formaren arteko egokitasunaz kezkatzen ziren. 1813. urtean suteak suntsitutako eraikinak utzitako orubearen gainean berreraiki zen plaza Berriko udaletxea. Aurreko eraikin hura 1718. urtean diseinatu zuen Hercules Torrelli ingeniari militarrak estilo barrokoan. Berreraikuntza honek euskal probintzietako hainbat udaletxeen tradizio barrokoarekin amaitu zuen eta Donostiako garai neoklasikoko eraikinik esanguratsuena bezala hartu daiteke.

Aipatutako egoera ekonomikoa dela eta, 1829ko urtarrilaren 11ean hiriko birmoldaketaren alde jo zuen Fernando VII monarkaren ematea iritsi zen arte ezin izan ziren eraikuntza lanak hasi. Hiru urteren ostean, 1832. urtean, eraikina bukatuta zegoen, urte horretako abenduaren 19an udaletxeak okupatu zuelarik. 1864. urtean harresia bota zenetik hiriko populazioaren hazkuntzak udaletxeari eskatzen zizkion instalakuntza guztientzat txikia utzi zuen erakin hau. Segituan udaletxe berri bat eraikitzeko ideia sortu zen, baina inoiz ez zen aurrera eraman. Eraiki zenetik, erreforma ugariren oinarri izan da eraikin hau. Hurrengo urteetan Donostiako udalak inguruko eraikinetan hainbat egoitza alokatzeko beharrean topatu zen. Azkenik, 1947. urtean Donostiako udaletxearen egoitza urte gutxi batzuk lehenagora arte Kasino Handia izan zeneko eraikinera eramatea erabaki zen. Orduan, Silvestre Pérez-en eraikin honetan, Udal Liburutegia kokatu zen hainbat moldaketa egin eta gero, 1951. eta 2000. urteen artean. Geroztik Udalaren Kultur saileko bulegoak topatzen dira bertan.

Silvestre Pérez-ek sinbolismoz betetako tenplu klasikoaren itxura eman zioneko eraikin esanguratsu honek, apaindura gutxiko baina edertasun handiko fatxada du. Beheko oinean puntu erdiko arkuteria aurkezten du eta hurrengo bi solairuak oinarri sendo batzuen gainean finkatutako ordena dorikoko sei zutabe erraldoi batzuk zeharkatzen dituzte. Hauen gainean arkitrabea aurkitzen da, erloju zein hiriko harrizko armarri batez apaindua. Klasizismoko estetikan oinarrituta, neoklasizismoko ezaugarrien adibide argia da eraikin hau.

Honen oinplanoa aztertuta, forma laukizuzeneko eraikina dela antzeman daiteke. Hiru oineko garaiera hartzen du, hareharrizko harlanduz egindako gangek osatzen duten sotokoaz aparte. Beheko solairuan eta plazari begira sarrera arkupea topatzen da. Eskailera, XVIII. mendeko udaletxe askotan bezala, atzeko parteraino heltzen da lehen solairuan, aurreko partera, parte nagusira alegia, heltzeko gero. Eraikinaren diseinua eta gauzatzea bi arkitekto ezberdinek egin zutenez, hasierako proiektutik bi gauza aldatu egin ziren bigarren diseinuan, fatxadaren errematea nola eskaileraren barrutia.

Eraikuntza eta materialei dagokienez, aipagarria da fatxadetarako erabilitako hareharrizko eta kareharrizko harlanduz egindako eraikuntza. Hauek inguruko harrobietatik ekartzen ziren, Hernani eta Urnietako harrobietatik bereziki hareharria eta Uzturreko (Tolosa) harrobitik kareharria. Ulia eta Igeldo mendietatik eratorritako harria ere erabili zen. Kanpoko zoladura eta atarira sartzeko mailak ere esanguratsuak dira. Lehen aipatutako sotoa osatzen duten gangak nortasun handikoak dira. Bertarako sarrera eskailera nagusien behean du.

Zoruetako zura lodirako eta eraikinaren armazoirako haritz urdina erabiliko zen, zeinaren gainean gaztainondo, gereziondo eta intxaurrondozko taula txikiz egindako marrazkiak egokitu ziren. Barneko gainontzeko zoruetan kalitate altuko pinuzko taulak jarri ziren eta solairu nagusietako ate zein leihoen hautatutako materiala haritz lehorra eta gaztainondo fina izan ziren. Material hauen eta gainontzeko guztien ustiapen prozesua, ezaugarriak eta gainontzeko espezifikazio teknikoak Ugartemendiak zehazki finkatu zituen eraikuntza prozesu egoki baterako.