Olerkariak

Diharce Lassegue, Jean-Marie

Iratzeder; Xabier Diharce; Xabier Iratzeder.

1920ko urtarrilaren 4an Donibane Lohitzunen jaiotako euskal poeta eta fraide beneditarra. Belloceko komentuan hil zen 2008ko urriaren 13an, 88 urte zituela.

Aita oso kantuzalea zen eta semeari zaletasun hori helarazi zion; semeak kantua poesiarekin batera garatu zuen, izan ere, bien arlo horiek elkarreraginean hautematen zituen.

Hamaika urte zituela elizako ikasketak hasi zituen Ustaritzeko seminarioan; han Piarres Lafitte ezagutu eta hark lagundu zion euskara lantzen, izan ere, Iratzederrek ez zuen behar bezala menderatzen. Laffitek Aita Lapitzeren Bi saindu hescualdunen bizia: San Iñazio Loyolacoarena eta San Franzizko Zabierrecoarena liburua eman zion, euskarazko prosa ikas zezan. Iratzederrek eskuz kopiatu zuen liburua eta asko aurreratu zuen euskararen ezagutzari dagokionez. Halaber, Iratzeder Euskaltzaindian sartu zenean, 1967an Lafitteren aholkuari jarraituz egin zuen.

1941etik aurrera Belloceko abade-etxean izan zen Iratzeder, Baionatik hurbil. Garai hartan priore modura ere ibili zen Lapurdiko hirian. Era berean, frantsezez hitz egiten zen Afrikako lurretan ibili zen misiolari modura; dena den, berak nahi baino denbora gutxiagoan, izan ere, osasun egoera eskasa zuen orduan.

Iratzederrek berak esan zuenez, poesiari dagokionez, bi gai nagusien inguruan hedatu zituen "bere bihotzeko sentimenduak": Jaungoikoa eta Euskal Herria. Eta bertsoa otoitz modura hautematen zuen.

16 urte zituenean gaixotasun luze batek harrapatu zuen Iratzeder eta abestiak ikasten eman zuen denbora. Modu horretan ikasi zituen poesiaren legeak. Iratzeder artean gaztea zela, Belloceko beste fraide bat, Aita Gabriel Lertxundi, euskarazko liturgikizunak egiteko abesti bilduma bat taxutzeko ahaleginetan zebilen eta Iratzederrengana jo zuen hebreerazko eta latinezko testuak itzul zitzan.

1963an Ezkila argitaretxea sortu zuen Iratzederrek eta hantxe argitaratu zituen lehen poesia-liburuak: Pindar eta lanho (datarik gabea, 1938 eta 1941 urte bitarteko poemak biltzen dituena) eta Argiz argi (datarik gabea, 1947 eta 1957 urte bitarteko poemak biltzen dituena).Beranduago agertu ziren Uhaineri nausi; Biziaren olerkia (Gero argitaletxea, 1983); Biziaren gudaldia (Gero argitaletxea, 1997); Lur sainduan hamar egunez beilari (Gero argitaletxea, 2000), eta Biziaren airaldia (Gero argitaletxea, 2001). Horrez gain, XX. mendeko poesia kaierak (Susa, 2000) antologia-bilduman ale bat eskaini zitzaion. Halaber, misiolari gisa izandako esperientzia abiapuntutzat hartuz 1991n argitaratu zen liburu bat idatzi zuen Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean izenburupean. Belloceko abade-etxeari buruzko istorio bat ere idatzi zuen.

Orobat, hainbat antzerki-lan idatzi zituen Iratzederrek, lehenengoa (Azkalar) 1939an argitaratu zen. Antzerki-lan horiek helburu pedagogikoa zuten.

1994an Eusko Ikaskuntzak ematen duen Manuel Lekuona Saria jaso zuen.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Jean Marie Diharce, Iratzederi buruz.