Aldizkariak

Dantzariak aldizkaria

Hasierako "Dantzari" aldizkaria eta geroagokoa, "Dantzariak" izenekoa, Euskal Dantzarien Biltzarraren zuzendaritzapean kaleratu ziren. Elkarte hori Euskal Herrian lanean ziharduten dantza edota folklore-taldeen organo elkartzaile gisa sortu eta halaxe jardun zuen hastapenetan.

Baionan 1966an sortu eta "Dantzari" izenez bataiatu zuten lehen etapako aldizkari haren filosofiaren arabera, topagune eta iritzien elkargune modura eratu zuten. Aldizkariaren aurreneko 12 urteetako zuzendaria Xabier Gereño izan zen eta, garai hartan, euskal dantza ez ezik, dantza eta folklorea orokorki (alderdi denetan: antzinako dantzak berreskuratu, mantendu eta hedaraztea eta koreografia-konposizio berriak sortzea; dena den, euskararen egoera zen hor kezka behinena) eragiteko organoa izatea planteatu zen. Horiez gainera, behin eta berriro azpimarratu zituen aldizkariak honako alderdi hauek: dantza-taldeekiko harremana, talde sorberriak, jarraitu beharreko ildo filosofikoei buruzko eztabaida, era askotako gaiak jorratzea, iritzi-eskutitzak, lehiaketa eta alardeak, musika partiturak eta garai hartako beste hainbat konturen garrantzia.

Euskal Dantzarien Biltzarraren barne-egoerak eraginik, 1969. urtean berriro editatu zen aldizkaria, oraingoan "Dantzariak" izenarekin eta Donostian, aurreneko zazpi aleak (1970-1975) bederen. Aldi berritzaile horretan espezializatu zen aldizkaria, bereziki dantza tradizionalei eta sustraiei helduz. Euskal dantza zenbaiten inguruko artikuluak idatzi zituzten erudituek, idazlan eta hitzaldi jakin batzuk argitara eman eta berreditatu ziren, hainbat dantza-talderen ibilbide historikoaren erreferentziekin batera, dantza munduaren gaineko informazioak eta Elkartearen informazio-oharrak eman ziren argitara, besteak beste.

Bestelako formatu eta planteamendu batekin, "Dantzariak" aldizkaria ostera plazaratzeari jo zitzaion 1978 urtean, oraingo egoitza Bilbon zelarik. Erredakzio-kontseilu iraunkorra osatzea deliberatu zen eta, pixkanaka, delegazioetan ikerkuntza-talde bana sortu ziren, tokian tokiko folklorea aztertzea xede harturik. Elementu horiek denek batera aldizkariaren loraldia izatea lortu zuten, bai plazaratutako aleen kopuruagatik (8. zenbakitik 52.era eta beste hiru ale berezi), bai artikuluen maila edo kalitateagatik ere.

Areago, "Dantzariak" aldizkariaren zabalpen-lana geroz eta gehiago garatu zen eta, batera, folklorearen ikerkuntza lehenetsi zen, batik bat. Horrela, kronologiaren arabera: bi ale bereziak eta 8 eta 9 ale arruntak (1978-79) kaleratu ziren Mariano Luño Guzmán bizkaitarra zuzendari zelarik. Ondoren, 10. aletik 30.era (1979-85), zuzendaria Jesús Fernández Ibáñez izan zen. Azkenean, 31. aletik 52.era arteko aleez (1985-95) eta "Dantzariak - Txistulari" ale bereziaz Mikel Larramendi Garbisu nafarra arduratu zen. Garai oparo eta luze hartan, hainbat arreta-gune lehenetsi ziren, hurrenez hurren:

  • Editorialak.
  • Bazkidetutako taldeen historia.
  • Iritzi artikuluak eta albisteak.
  • Barne-zirkularrak.
  • Dantza edo folkloreari buruzko ikerlan edo zabaltze-lan berariazkoak.
  • Folklore munduko hainbat pertsona esanguratsurekiko elkarrizketak.
  • Musika partiturak eta antzinako argazkiak.

Beste aldetik, Javier Santamaríaren ekimenari esker, 50. alean ordura arte plazaratutako aleen aurkibidea osatu eta argitara eman zen, alor edo aukera desberdinak nabarmendurik: aldizkarien zerrenda, dantzen zerrenda eta herrien zerrenda. 2006. urtetik egun arte Euskal Dantzarien Biltzarrak "Dantzariak" aldizkariko 1 - 52 aleei (1970-95) dagokien informazioa jasotzen duen CD bat editatu du, folklore alorrean lanabes lagungarria izateko xedez. Horrekin batera, izaera orokorreko informaziozko barne-buletinak ("Dantzariak kazeta") ez ezik, delegazio bakoitzak bereak ere kaleratzen zituen ("Artazi" izenekoak).

Elkarteak, egun, euskal folklorearen mundua hedatzeko eta ezagutarazteko ildotik dihardu ahaleginetan: hortxe dira bere publikazioak (2006 eta 2008 urteetan, Santi Rodríguezen koordinaziopean berriro editatu dira 53 eta 54 aleak), euskal dantza, musika-tresnak eta -janzkerak ezagutarazi eta zabaltzeko eta horizonte edo helburu berrien bila jarduteko setaren fruitu.

Ehunka artikulu dituelarik, material interesgarria topatuko dugu bertan: tradizio edo jai-ospakizun jakin bati buruzko informaziotik hasita, azterketa etnografiko edo etnologikoei bete-betean dagozkien lan zehatzak edo, areago, garaiko azterketa konparatibo edota akademikoak. Nabarmen dezagun, bidenabar, bertako orrietan agertzen diren aspaldiko argazki eta partitura ezezagun ugariak, gure kultur munduan esanguratsuak diren pertsonekin izaniko interes handiko elkarrizketa errepika ezinak, etab. Bestetik, aldizkariaren diseinuari, maketazioari eta bertako ilustrazioen oparotasunari esker, aldizkari espezializatua izanagatik ere, harpidedun ugariek eta irakurle guztiek, oro har, onetsi egin zuten. Nolanahi ere, aldizkaria etengabe izan da bera osatzen zuten gizakien eta bertako edukiak begiratzera gerturatzen ziren irakurleen arteko elkarlana eta elkartasuna sendotzeko zubia.

Ibilbide luzean zehar, aldizkariaren maiztasuna irregular samarra (urtean lau ale eta, beste garai batean, ale bakarra, adibidez) izan da hein handi batean, kontu askori buruz maila handiko artikulu kalitatedunak erdiestea zail-zaila izatearren. Ezin uka daiteke, ordea, gizaki eta kolektibo dantzazaleen artean ikerkuntza eta hedakuntza mundu horrentzat urte askotan garrantzi handiko erreferentzia ez ezik, Euskal Herri osoan diren dantza-talde guztientzat informazio-iturri ere izan dela.

  • "Dantzari" aldizkaria, 1 - 12 zk.
  • "Dantzariak" aldizkaria, 1 - 7 zk.
  • "Dantzariak" aldizkaria, 8 - 53 zk (gehi aparteko bi ale).
  • Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren barne buletina: "Artazi".
  • Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren informazio buletina: "Dantzariak kazeta".
  • Dantzagune
  • Dantzarien biltzarra