Arkitektura

Civican. Iruñea

Erabilera askotarako eraikin hau Iruñean, hirigunearen eta zitadelako parkearen arteko mugan, kokatzen da. Hiriko lehen Gizarte Etxe honen eraikuntza lanak 2001. urtean hasi ziren eta 2003. urteko maiatzean ireki zituen ateak, Iruñeko Pio XII.aren kalean. Eraikinera sarrera librea da, eta erabilera batzuetarako bertan eskuratzen den doako txartel bat eskatzen da. Nafarroako kutxak finantzatua, Nafarroako hiriburuaren berriztatze urbanistikoaren funtsezko elementua da. Manuel Blasco, Patxi Garraus, Luis Felipe Gaztelu eta Francisco Javier Tellechea arkitektoek diseinatu zuten, banku-erakunde honen ohiko kolaboratzaileak.

Urtetan zehar izan ziren belaunaldi eta diziplina anitz batuko zituen gizarte etxe baten eraikuntzaren inguruan hausnartzea eta asmo handiko proiektu hau eraikitzea erronka izan zen arkitektoentzat; haur eta zaharrentzako ekintzak, hitzaldi aretoak, kirol guneak eta abar biltzen ditu. Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernuarekin akordio batetara iritsi ondoren, eraikina kokatzeko eta ekintza guztiok biltzeko adinako tamainako orube irisgarria, hirigunetik gertukoa eta zabala lortu zuten, San Juan auzoa eta gaztelu-bira bidearen artean.

Proiektuaren nondik norakoak zirela eta, bolumetria eskultorikoa proposatzea erabaki zuten arkitektoek, interes arkitektonikoko eraikin gutxi zituen hirigintza barreiatuko auzo hartan erreferentzia puntu bilakatuko zena. Gainera, hiriaren berdegune erakargarrienetako batera orientatuko zen, Zitadelako gaztainondo basora hain zuzen ere. Proiektua, beraz, "hiri hautsia eta hiri berdearen arteko mugan" kokatuko zen, Manuel Blascoren hitzetan.

Bolumenak ekintza desberdinen hedapenerako pertsonen topaketa iradoki nahi du. Eraikina nolabaiteko hermetismoz altxatzen da inguruko altuera handiko eraikinen aurrean, eta errespetuz irekitzen da berdegune aldera. Masa eskultorikoan, bolumenak eraikinaren funtzio ezberdinen espresio bezala sortzen dira. Kale zabaleko zonaldean kokatua izaki, plaza erakargarri batez ematen zaio eraikinari sarrera Pio XII.aren etorbidetik. Plazaren eta honekin konektatzen den patioaren inguruan artikulatzen da eraikina eta, kanpotik itsuak diruditen hormetan zehar, patio honek argi sarrera baimentzen du, barnealde guztia argituz eta aldi berean eraikina errepidearen zaratatik babestuz. Honela, patioko hormigoi sendoaren ikuspegia alabastro eta beirazko leihate zabalak eta zurezko sareta batek hausten dute. Hormigoi hau Nafarroako eraikuntzan hain ohikoa den Lizarrako harriaren kolorez tindatua izan da, inguruko eraikinekiko batasun irudia emateko. Bestalde, eraikinaren izaera eskultorikoa indartzen, fatxadak Pedro Salaberri pintorearen behe-erliebez apainduak daude, San Juango auzoa eraiki aurretik ikus zitezkeen gaztainondo basoak irudikatzen dituztenak.

Guztira 8600 metro karratuko azalera erabilgarria dauka. Eraikinera sartu eta berehala patioarekin harremanean dagoen erabilera anitzeko atrio batetara iristen gara. Espazio hau altzari mugikorrez definitua dago, erabilera modu errazean aldatzea ahalbidetzen dutenak. Espazio zentral honetatik zentroko zerbitzu guztietarako konexioa ematen da.

Behe solairuan 150 eserlekuko aretoa ere aurkitzen da, baita egongela nagusia eta lanerako edota kontsultarako gelak. Kafetegia, zaharren errekreo gunea eta 95 metro karratuko haurrentzako liburutegia bata bestearengandik gertu kokatzen dira, belaunaldi ezberdinen arteko elkarbizitza uztartzeko. Azken honek oraindik irakurtzen ikasi ez duten umeentzat egokitutako espazio bat dauka, heldu baten laguntzaz liburuekin lehen kontaktuetan has daitezen.

Igerilekua (igeri egitera baino gehiago, ikasketa eta errehabilitaziora zuzendua) nukleotik banandua dago, sareta baten babesean, eta parkerako ikuspegia dago bertatik. Tarteko solairuan ordenagailu gelak, mediateka, hitzaldi aretoa eta 408 metro karratuko liburutegia (13.800 liburu eta hainbat terminal informatikorekin), daude. Azken hau Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarearen parte da, eta Civicanen sorreratik bertatik zentroko kultur egitarauaren ardatz izateko helburuarekin eratu da; honela, liburutegia errekurtso material eta pertsonalez osatutako talde antolatu bat bezala ulertzen da, komunitaterako dinamika soziokultural ugari sor ditzakeena. Bestalde, talde-lanetarako gelak ere badaude solairu berean. Gorago, biltegiez gain, tailer desberdinetarako gelak eta 70 metro karratuko erabilera askotarako gela. Gailurrean dantza aretoa eta beste ikasgela bat kokatu dira. Sotoan, berriz, sukalde bat aurkitzen dugu, gastronomia klaseak emateko. Espazio guztietara, baita sotora ere, argi naturalaren sarrera ahalbidetzen da.