Arkitektura

Ceres Irin-Fabrika

Bilboko Ceres irin-fabrikaren eragile nagusia Toribio Ugalde errioxarra izan zen. 1890ko urtarrilaren 1an eskuratu zuen, aurretik Juan Zabala Arteagak eta Fermín Arnedo-k bultzatutako irin-fabrika. Lurrun-makinaren bidez eragiten zen irin-fabrika hura, Naxa auzoko Mesedeetako komentuaren ondoan zegoen kokatuta. Urte batzuren ondoren, Compañía Anónima Ceres bilakatu zen 1891ko azaroaren 23an. Ugalde bazen ere irin-fabrikaren kudeatzailea, hainbat bazkide zituen: José María eta Juan Gurtubai Meaza, Enrique Greaves Gezuraga, Ezequiel Uriguen Concha, Lorenzo Etxebarria Ureta, Luis Barroeta Ureta, Vicente Uriguen Ansotegi eta Eduardo Toribio Etxebarria Ibarretxe. XIX.mende bukaeran, Ceres irin-fabrikaren etorkizunaz kezkatuta, Toribio Ugaldek enpresaren kapital handitzeari eta fabrika berri baten eraikuntzari ekin zion, fabrika eguneratzeko asmoz. Lehendik zeuden eraikinak eta gailuak berritzeaz gain, eraikin berri bat altxatu zuen aurrekoaren parean 1899an. Eraikin berri honen lorpen esanguratsuena, Espainian osorik hormigoi armatuz eginiko lehen obra izatea da.

1892an, François Hennebique ingeniari frantziarrak hormigoi armatuzko lehen arkitektura-egitura sistema patentatu zuen. Laister, Hennebique sistema Europa osoan zehar zabaldu zen, Espainian 1896an errotu zelarik. Hormigoi armatuzko egiturak berriak baziren ere, eta ondorioz, bere jarrera estrukturala guztiz ezaguna ez bazen ere (kalkulu metodo fidagarriak ez zeuden oraindik eta materialaren jokabidea epe luzera ezezaguna zen) oso erabilia izaten hasi zen lan-zibiletan eta industrian. Hormigoi armatuaren aukeraketan bi ezaugarri ziren esanguratsuenak: batetik, suarekiko zuen erresistentzia; eta bestetik, bere abantail estrukturala (zama handiagoak jasateko gaitasuna eta tarte zabalagoak egiteko aukera). Ez bairik gabe, aurrerapen garrantzitsuak ziren hauek industriarentzat eta horrela ulertu zuten Ceres fabrika berria eraikitzeko garaian.

Lurrun-makinaren erabilerarekin lehenbizi eta elektrizitatearen etorrerarekin ondoren, fabriken kokapena aldatuz joan zen. XVIII eta XIX.mendeetan zehar oso garrantzitsua bazen ere ibaien energia hidraulikoa probestea, energia-iturri berrien etorrerarekin beste ezaugarri batzuk hasi ziren garrantzia hartzen, hazteko aukera ematen zuen orubean kokatzea edo komunikabide nagusiekiko gertu egotea esate baterako. Ceres irin-fabrika kokatzerakoan muzin egin zitzaien ezaugarri hauei eta aintzinako fabrikak bezalaxe ibaiaren alboan kokatu zuten, hiri-bilbearen barruan. Gogoratu behar dugu 1878an eraiki zutela Zabalgunea eta Kaskoa elkartzen zuten zubi berria, eta ondorioz, Ceres irin-fabrika zegoen gunera ezinezkoa zutela ontzi nagusiak iristea. Bestetik, 1896ko Enrique Epalza udal-arkitektoaren zabaltze planaren handitzeak Ceres irin-fabrikaren kokapena hartzen zuen (Naxa kalea), eta beraz, etxebizitza eraikinen betebehar berberak izan zituen fabrika berriak.

Kokapenak eragindako baldintzapen guzti hauek, zerikusi zuzena izan zuten ezbairik gabe Ceres irin-fabrikaren eraketan eta garapenean. Kanpoaldean kokatu ziren beste fabrikekin alderatuta, muga nabarmenagoak izan zituen hasierako diseinuan eta ondorengo handitze-lanetan.

Espainiako Hennebique etxeko ingeniarien burua zen Gabriel Rebolloren arabera, Ceres irin-fabrikaren jatorrizko egilea Ramón Grotta bide-ingeniaria izan zen. Obras Públicas aldizkariko 1901.urteko 1343.zenbakian argitaratu zen Ceres eraikinaren jatorrizko proiektua, Ramón Grotta-k eginikoa hain zuzen ere. Fabrikak bost solairu gehi estalpea zituen, guztiak hormigoi armatuzko armazoizkoak. Zutabeen arteko tartea 4 eta 4,50 metrokoa zen, solairu tarteak berriz 4 metrokoak ziren handienak eta 3,55ekoak txikienak. Solairuak eratzeko garaian, zurezko solairuek zuten logika berbera erabili zuten: habe nagusi batzuk zutabetik zutabera, habexkak kontrako norantzan habeetan sostengatuta, eta habexken gainean 10 zentimetroko plaka zurrun bat. Hormigoiaren armadurek egituraren esfortzu mekaniko nagusiei erantzuna emateko pentsatuta zeuden: luzekako burniak makurdura-esfortzua jasateko eta zeharkako estriboak eta burni inklinatuak ebakidura-esfortzua jasateko. Egituraren hiperestatizitatea bermatzeko mentsula kurbatu batzuk proposatu zituzten, apaindura izateaz gain helburu mekanikoa ere bazuena.

Lehen proiektu horren fatxadak kutxu estrukturalista zuen, mendebaldeko arkitekturak hartutako bide arrazionalistari jarraituz. Tradizio arrazionalista horretan sartu ditzakegu Chicago-ko eskolako arkitektura, arkitektura industrial amerikarra edo Art Nouveau-aren zenbait eraikin (Victor Horta-ren arkitektura esate baterako). Konposaketa argia eta bakuna zen, egituraren habe eta zutabeek ordena ematen zioten fatxadari, eta gainera, leihate handiak egiteko aukera ahalbidetzen zuten. Klasizismotik urruntzen zen ornamentu batek apaintzen zuen egitura, Europako hiri handietan eraikitzen ari ziren biltegien modura (Paris-ko Samaritane adibidez). Fatxadaren diseinuaren helburua bikoitza zen: batetik, hiri-bilbean egonik, etxebizitza eraikinekin batera hiri-fronte bat eraikitzea, hau da, hiria egitea; bestetik, irin-fabrikaren barnealdean beharrezkoak ziren argiztapen naturala eta aireztapena lortzea.

Azkenik eraikitako fatxada oso bestelakoa da. Lehen bertsioarekin alderatuta askoz zama handiagoa hartzen du, egitura trama soil bat izatetik zulatutako solido bat izatera pasa baitzen. Seguraski, hiri-bilbean egonteagatik, udalaren eskaerak asetu behar izan zituzten Ceres irin-fabrikaren diseinatzaileek, eta arkitektura industrialaren kodea laga eta etxebizitzaren arkitekturaren kodera gerturatu behar izan zuten fatxada berria proiektatzerako garaian. Egitura hutsa azaldu beharrean, bestelako elementu arkitektonikoak azaltzen joan ziren fatxadan, idi-begiak edo apainduraz inguratutako leihoak adibidez.

XX.mende amaieran, eraikin garrantzitsu hau berreskuratzeko lanei egin zitzaion, Joaquín Cárcamo-k argitaratutako liburuarekin lehenbizi eta Iñaki Aurrekoetxea arkitektoak eginiko eskuhartzearekin ondoren.