Ekonomikoak eta sozialak

CEiA Arabako Eraberrikuntza-Industrialdea

CEiA, Arabako Eraberrikuntza-Industrialdea SA, 1988. urtean sortu zen eta Miñaon dago kokatuta. Sorreratik, ekintzaileei eta enpresei zenbait zerbitzu eskaintzen die enpresa-ekimenak sustatzeko eta horien gauzapena bultzatzeko helburuarekin.

CEiA-k produktu, prozesu, merkataritza-estrategia eta bestelakoetan proiektu berritzailea duten enpresen aldeko apustua egiten du. Tresna dinamizatzaile moduan dihardu ekoizpen-ehunean enpresa-proiektu berriak sartzeko. Xede nagusia, proiektu horien geroari ahalik eta berme handienekin aurre egitea da, berrikuntza eta lehiakortasunarekiko konpromisoarekin.

Arabako Eraberrikuntza-Industrialdean Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez), Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak hartzen dute parte. Europar Batasuneko DG XVI Zuzendaritzak (Eskualdeko Politiken Zuzendaritza Nagusia) homologatzen du CEiA, eta Enpresa eta Berrikuntzaren Zentroen Europako Sarean (E.B.N.) eta estatu mailan CEEI sarean dago (ANCES).

Zerbitzu ezberdinak eskaintzen dizkie Arabako Eraberrikuntza-Industrialdeak enpresa berriak sortu nahi dituzten ekintzaileei. Alde batetik, enpresa sustapenean ipintzen du arreta eta Araban garapen ekonomikoari lagunduko dioten proiektuak aurkitzen eta martxan jartzen laguntzen du.

Bestalde, Consulting+Aholkularitza zerbitzua eskaintzen du, eta esate baterako besteen artean, bideragarritasun azterketak bultzatzen ditu; ekonomia, teknologia eta prestakuntzako baliabideak bilatzen laguntzen du; aholkularitza ematen du laguntza publikoen kudeaketan; teknika, ekoizpen eta finantza alorrean laguntzen du; eta berrikuntzaren kudeaketan oinarritzen da.

Gainera, gaur egungo zein biharko enpresaburuak prestatzea, kudeaketan laguntzea, eta haien trebakuntza eta kalitatea hobetzea bilatzen du Enpresa-prestakuntza zerbitzuaren bidez.

Azkenik, azpiegiturak interesatuen eskura ipintzen ditu CEiA-k, enpresa-jarduera berritzaileak gauzatzeko pabiloiak zein bulegoak alokairuan utziz.