Abeslariak

Catania Puente, Julio

Bilbon 1921ean jaiotako baxu bizkaitarra. Marbellan 2002. urtean zendu zen.

Musika ikasteari ekin zion hiru urte zituenean eta oraindik umea izanik Santa Zezilia eskolanian sartu zen Victor Zubizarretarekin. Hamalau urte zituenean, ahotsa aldatzearekin batera, Bilboko Koru elkartean kantatzen hasi zen. Mario Lanza Lehiaketan beka erdietsi eta gero, Bartzelonara jo zuen musika heziketa areagotzeko asmoz Ana Millitchen eskutik eta gerora ere Erroma eta Milanen ikasi zuen.

1953an profesional bezala debuta egin zuen Bartzelonako Lizeoan, Pucciniren Tosca interpretatuz Renata Tebaldirekin batera. Hirurogeita hamarreko hamarkadan Ameriketan bere burua aurkeztu zuen, lehenik eta behin Washington eta Miamin, eta jarraian Buenos Aireseko Colon antzokian eta Bogotan.

Julio Catania oratorioak abesten ere aritu zen eta Europako kontzertu areto onenetan emanaldiak eskaini zituen: Händelen Mesias, Haydnen Kreazioa, Rossiniren Stabat Mater, Bachen Pasioa San Mateoren eskutik, eta Mozart, Verdi eta Faureren Requiemak.

Pieza garaikideak gogoko zituen heinean, Ernesto Halffteren hainbat estreinaldietan aritu izan da eta 1968an Madrilgo Zarzuela antzokian Francisco Escuderoren Zigor opera lanaren estreinaldian parte hartu zuen.

Era berean Espainiako Evita eta Jesucristo Superstar musikaletan esku hartu zuen.

Burutu zituen grabaketen artean honako hauek azpimarratzekoak dira: Escuderoren Zigor, beste hainbat zarzuela, esaterako, Vivesen Doña Francisquita, Serranoren La dolorosa, Sorozabalen La tabernera del puerto, La eterna cancion eta Las de Caín, azken bi horiek konpositoreak berak zuzenduak.