Eskultoreak

Castillo Martínez de Olcoz, Iñaki

1952an Iruñean jaiotako eskultorea.

1975ean Arte eta Ofizioen Eskolako ikasketak egiten hasi zen Iruñean eta 1980. urtean Zuraren Tailuaren espezialitatean graduatu zen zentro berean. 1982an Arte Ederren lizentziatura eskuratu zuen Bartzelonako Unibertsitatean. Unibertsitate hartan Arte Ederren Doktoregoa erdietsi zuen 2006an aurkeztu zuen El sentido de la luz tesiarekin, arteen eta argizko ikuskizunen (zinema barne) ideia, mito eta bilakaerari buruzko ikerlana.

Erakusketei dagokienez, nagusiki eskultore modura, 1984. urtean hasi zuen bere jarduna Burlatako Kultur Aretoan. Bere ibilbide profesionala irakasle modura burutzen duen jardunarekin osatzen da, izan ere, Forma eta Bolumen irakasle gisa lan egin du Bartzelonako Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Eskultura Sailean eta, era berean, irakasle modura aritu da Fakultate bereko Adierazpen Plastikoko Prozesuan Sailean.

Azken erakusketen artean 1998an Zitadelako Horno Aretoan egindakoa nabarmentzen da. Bertan azken 12 urtetan egindako eskulturen hautaketa bat ipini zuen ikusgai, gizakiari eta bere inguruneari buruzko ikerlana laburbiltzen zutenak: Giza bizitzaren isla hirian. Bere sorkuntzetan, batez ere, zura eta buztina erabiltzen ditu. Zurarekin errealitatetik urrundu eta eskultura-korronte berrietara hurbiltzea lortzen du. Buztinarekin eskultura klasikoari dagozkion kontzeptuetan barneratzen da.

2010ean argazki-erakusketa bat egin zuen marrazkiekin Bartzelonako Silvia Sennacheribbo Galerian.

Informazio gehiago Iñaki Castillo Martinez de Olcozen web-orrian.