Literatoak

Bustinza Ozerin, Errose

Mañariako

Euskal idazlea. Mañarian (Bizkaia) jaio zen 1899ko irailaren 3an. Bertan hil zen 1953ko abuztuaren 20an.

Ebaristo Bustinza Kirikiño idazle bizkaitarraren iloba, Euzkadi egunkarian hasi zen idazten, bertako Euzkel-atala delakoan. Herri mailako gertaera eta kronika xumeak kontatzen ziren gehienetan. Hasieran ezizenik gabe sinatzen bazuen ere 1929tik aurrera hasi zen "Mañariko" izengoitiz izenpetzen bere kronika eta ipuinak. Errosek Euzkadi-n ez ezik, Mañariko herri-kronika gehiago ere eman zituen Amorebieta-Etxanoko Ekin Jaungoiko Zale Bazkuna'ren asterokua-n eta Jesusen Biotzaren Deya aldizkarietan. Kazetari-lana horiek denak Francoren gudarostearen erasoak hasi arte iraun zuten.

Literaturako genero guztien gainetik ipuingintzan erakutsi zuen Mañarikok trebetasun apartekoa: Euskal Herriko ipuinak batu, osatu, idatzi eta argitaratu egin zituen gerra aurretik. Irudimen aberatsa zuen; baserrietan zehar hamaika ipuin zahar jaso eta berpiztu zuen, euskal kulturarako, etnologia eta mitologia aldetik balio handiko lana burutuz. Bizi zela libururik osatu ez bazuen ere, Jaime de Querejetak argitara eman zuen Erroseren 49 ipuinez osatutako bilduma Ipuiñak (1990) izenburupean.

Olerki eta kantu-letrak ere egin zituen arren, hori izan daiteke Erroseren alderdirik ezezagunena. Berak idatzi zituen hiru olerki aurkitu dira Santi Onaindiaren euskal olerkiaren antologiako Milla euskal-olerki eder (1976) liburuan.

Errose Bustintza Emakume Abertzale Batza-ko kide izan zen. Kirikiño saria irabazi zuen 1932 urtean. Euzkaltzale Bazkunak sortu zuen sari hau, Euzkadi egunkarian idazten zutenen artean emateko.