Museoak

Biarritzeko Aquariuma

Itsas museo eta akuarioa, Biarritzeko Rocher de la Vierge pareko Atalaia lautadako itsaslabarrean kokatzen da.

Musee de Mer izeneko eraikin hau Art Déco estilokoa da eta 1933 urtean Hiriart, Lafaye eta Lacoureyre arkitektoek diseinatu zuten. 1952 eta 2011 urtetan zabalpen esanguratsuak izan zituen, bere azalera bikoiztera iritsi arte. Munduko ozeanoetan zehar ibilbideak, erakusketak eta jarduera interaktiboak eskaintzen ditu.

Eraikinaren helburu nagusia ozeanoa, bere alderdi guztietan, erakustea da. Itsas hondoak, ozeanoen garrantzia kontinenteen sorreran, espezie akuatikoak, zein espazio hauen esplorazio eta esplotazioa besteak beste.

Bizkaiko Golkotik hasita, Hego Amerikako litorala jarraiki, Cabo de Hornos gurutzatu eta ozeano Pazifikotik Indonesiaraino ibilbidea egin dezake bidaiariak.

Akuario eta erakusketetarako espazioez gain, inbestigaziorako eta itsas biologia zein ozeanografiaren ikaskuntzarako laborategiak aurki daitezke multzoaren barne.

Biarritzen museo ozeanografikoa sortzeko ideia Alexandre Guillaume Léopold de Folin markesarena izan zen, eta 1923 urtean André Giret, orduko Baionako Itsas Errekultatze taldeko administratzaileak, eraikinaren kokapena finkatu zuen.1930 urtean udaletxeak lehiaketa bat proposatu, eta Hiriart, Lafaye eta Lacoureyre arkitektoak garaile izan ziren.

1933 urtean eraikitze lanak amaitu eta abuztuaren 10ean bere ateak ireki zituen Musee de Mer eraikinak. Inaugurazioa 1935ean izan zen. 1952an jatorrizko eraikinaren gainean zabalpen bat egin zen, Inbestigazio Zientifikoetako Ikasketa Zentroa bere gain hartzeko.

1992. urtean beste zabalpen esanguratsu bat aurrera eraman zen, eraikinaren esentzia mantenduz, museo eta Akuario ekipamendu modernoen instalakuntza aurrera eramateko. Akuarioan hain esanguratsua den foken igerilekua urte honetan eraiki zen.

2011. urtean Biarritzeko akuarioko zabalpenak ateak ireki zituen.

1933 urtean sortutako Art Déco eraikina da. Lau pisuz osatuta dagoen bolumen zuri, laukizuzen forma dauka oinean, eta fatxadan forma geometrikoen indarra gailentzen da.

Fatxada nagusiak, itsaso aldera ematen duenak, sarrera bere baitan hartzen du. Goialdean dituen Musee de Mer hitzak kokatzen dira, eta honen gainean zulo luze eta estu batzuek, museoaren ikonoarekin, bertikaltasuna areagotzen dute.

Eraikinari atxikita, atzealdean eta gainean, 1952 urtean eraikitako zabalpena ageri da, simetrikoa eta laukizuzena hau ere, ertzetatik erdialdera mailakatuta. Lau pisu ditu erdialdean eta bakarra ertzetan. Jatorrizko eraikinaren estetika jarraitzen du.

Patrick Arotcharen estudioak, Air Architectes 64 taldearekin batera, jatorrizko eraikinaren zabalpenak egin zituen. Lanak 2009 urtean hasi eta 2011 urtean amaitu ziren. Eraikinaren esentzia mantendu arren, azalera bikoiztu egin zuten, 3500 m2-tik 7000m2-ra iritsi arte.

Zabaltze lanak lur azpian egin ziren, jatorrizko eraikinaren atzealdean, Atalaiako aparkaleku zaharraren azpian. 2. mundu gerrako Bunker alemanek eta Napoleonek eraikitako tunel batek eremua baldintzatu zuten.

Jatorrizko eraikinaren zabaltze honekin, eszenografiaren aldaketa sakona, bisitaren ibilbidearen antolakuntzaren hobekuntza eta 50 akuario berri eskaintzen ditu lan honek, besteak beste. Ekipamendu berrien artean, 25 akuario, karibetar aintzira (120m2), tailer pedagogiko eta multimedia (100m2) eta espezieen kontserbaziorako zona teknikoen birtaldekatzea (900m2) egin dira.

Horrez gain, museorako sarrera berria, zero kota gaineko bolumen berri bat eta Atalaiako lautadaren paisai moldaketa egin ziren.

Bolumen berriak denda eta kafetegia hartzen ditu bere baitan. Paisaian integratzen saiatzeko zein arkitekturaren jarraitasuna bermatzeko, gorputz berria hormigoiz eraiki da jatorrizko eraikinaren kolore berdinarekin, eta begetazioa erabili da fatxadetan parkean integratzeko.

Moldaketa paisajistakoari dagokionez, batetik harmailak, eta bestetik, oinezkoentzat bide berri bat eraiki dira, itsasorantz bistak eskaintzen dituelarik.

Sotoan, Bizkaiko Golkoko akuarioak kokatzen dira. Lehen oinean, arrantza tekniken erakusketa, zetazeoen galeria eta marinelen bizitzari buruzko informazioa dago. Bigarren oinean, marrazoen kobazuloa eta foken ur azpiko ikuspegia daude. Hirugarren oinean, foken kanpo igerilekua kokatzen da, jatorrizko eraikinaren terrazan. Mangladiak eta koral barrera ere hemen kokatzen dira.

2008. urtean Biarritzeko udaletxeak "Biarritz Océan" proiektua martxan jarri zuen. Honekin, Biarritzeko akuarioa zabaltzeaz gain, "Cité del Océano" eraiki zen, Steve Holl arkitektoen eskutik, Ilbarritz hondartzan, Bidart eta Biarritzeko zentroen artean.

"Biarritz Océan" proiektuak urteko 450 000 pertsonen bisita jasotzea pentsatuta dago.