Ikastolak

Berastegiko Ikastola

1970. hamarka hasieran Berastegin euskararekikoa giroa ez zen gaur bezalakoa. Garai hartan, Euskal Herriko hainbat herrietan bezalaxe, eskolako hizkuntza bakarra espainola zen eta bertako haurrek nahiz erabat euskaldunak izan, ezinbestean espainolez egin behar izaten zituzten euren ikasketak. 1971n Berastegiko hainbat guraso egoera horri aurre egin nahi izan zioten, guraso haiek argi zuten seme-alabak euskara hutsean eskolaratu nahi zituztela. Horrela lanean hasi ziren helburu hori lortu ahal izateko.

1971ko ekainean alde egin zuten Berastegitik azken monjek. Moja-etxeko gelak hutsik geratu zirenez, guraso haiek baimena eskatu zuten gela haien erabilpenerako, Elizak ez zuen inolako eragozpenik jarri horretarako.

Hala hasi zien, 1971ko irailean, Berastegiko Ikastolaren ibilbide motza. Lehen urte hartan andereño Patriren eskutik, 3urte, 4 urte eta 5 urteko 37 haurrek, lehendabiziko aldiz, herrian euskaraz eskolatzeko aukera izan zuten. Patri Zabala andereñoa, Bedaion jaioa zen eta Bilbon egina zuen Batxilerra, ondoren Donostiako Aitor Ikastolan egin zituen 5 hilabeteko praktikak eta zenbait hilabetetan bertako ordezkatzeak. Aitor Ikastolan ari zela, Berastegiko Ikastolan lana egiteko eskaintza etorri zitzaion. Lau ikasturte eman zituen Patri Zabalak Berastegin, bi urtetan larunbat goizetan ere lana eginez. Irakasle bakarra hiru adin ezberdinetako haurrekin.

Ikastolaren egoera ekonomikoari buruz esan, gurasoen kuota bat ordaintzen zutela eta Arrosi paper-fabrikak hilero 500 pezeta jartzen zituela. Gainera behar zen paper eta kartulina guztia ere Arrosi lantegiak ematen zuen.

1975-76 ikasturtean Itziar Goñi, amezketako, izan zen Ikastolako andereñoa. Urte haietan Ikastolari haurrak gutxitzen joan zitzaizkion. Arrazoiak ugariak: ordaindu behar zen kuota, eskola txikien desagertze prozesua, zalantzan jartzea euskara hutsean ikastearen balioa, euskaldun bezala kontzientzia exkaxa ... hau ez zen herri honetako arazoa bakarrik, beste zenbait herri txikietakoa ere antzeko egoera gertatzen zen. Dirua ateratzeko 1976ko martxoaren 13an izugarrizko jaialdia izan zen: Lazkao Txiki, Joxe Agirre, Ibai Rekondo, Jokin Lasa, Urko eta Mariano soinujolea aritu ziren. Baina jaialdi batetako dirua ez zen nahiko horrelako proiektuak aurrera ateratzeko.

1976-77 ikasturtea gogorra izan zen, urteko gastuei aurre egiteko dirurik nahiko ez baitzegoen eta ikasturtearen amaierarekin batera itxi zituen ateak Berastegiko Ikastolak. Azken andereñoa Iñake Goñi izan zen, amezketakoa.

2012an Berastegin dagoen eskola bakarra Jose Antonio Muñagorri Eskola Publikoa da eta 123 ikasle ditu, 2 urtetik hasi eta LHko 6. mailara.

  • Anaitasuna aldizkaria, 1976 martxoaren 1, 312. zenb.
  • Aidanean Berastegiko aldizkaria 8. zenb. 2011ko abuztua, 22-23 orria. Aldin Kultur elkartea.